Idazlea
José Saramago (1922-2010) Portugaleko Azinhaga herrian jaio zen. Gazterik hasi zen bere obra literarioa idazten, urratsez urrats, adreiluz adreilu eraikitzen den etxea balitz bezala, bizimodua aurrera ateratzeko hainbat lanetan ziharduenarekin batera; 1998. urtean bere ibilbide literario luze eta oparoa saritu zuten, urte hartan Nobel saria irabazi zuelako. Harrezkero José Saramago mundu guztian egin zen ezaguna.
Aho batez onartzen den idazle handia izanagatik, José Saramago, batez ere, gizona zen, eta gizona zen aldetik, ez zuen inoiz gizakiak eta mundua inarrosten dituzten arazoen aurrean bere burua ezkutatu.
José Saramagoren obra
Saramagoren obraren ezaugarriren bat azpimarratu beharko bagenu, ezaugarri hori koherentzia izango litzateke. Bere bizitzaren azken hogeita hamar urteetan idatzi zituen nobelak behiala ernatu zen proiektu literario erraldoi baten fruituak izan ziren. (Irakurri +)
Munduaren mekanika
Harresirik gabe dabil argia
berde minaren mugan,
txorimalo gisa zintzilik
arropen artean.
Eguzkirantz hazten da
haragia, laztan bila,
katuka ia, isil,
jolasean dabil
zure gorputzari
nabar ukitua emanez.
Egun berria dugu deika.
Asteazken gordin.
Lanera zu, lanera ni.
Itsasgorak irentsiko du
izaretan biok
utzitako hutsunea. (Irakurri +)
Sortzaile orok nahi du bere garaia gainditu eta oroitua izan, baina gehienek ez dute lortzen. Txirrita zenak hil baino lehenxeago bota zuen bertso batean: “Pixka batian ez naiz aztuko / sartuagatik lurpian. / Nere aitamenak izango dira / beste laurogei urtian”, eta epe hori bete ondoren ere oroitzen dugu. Baina ospea hegakor bezain aldakorra izan ohi da, eta horren adibide polita izan liteke Leo Perutz.
2019 hondarrean atera zen Gauez harrizko zubiaren azpian eleberri historiko guztiz ederra, askok Leo Perutzen lan gorentzat dutena, Jexuxmari Olaizola Txilikuk eta Joxe Mari Berasategik alemanetik maisuki euskaratua. Perutz pragatar-austriarra (1882-1957) punta-puntako idazlea izan zen bi mundu-gerren artean, arrakasta, salmentak eta itzulpenak pilatzen zituena. Judua izaki, ordea, naziengandik ihes egin behar izan zuen, eta bizitzaren azken aldera Europara itzuli arren modan egoteari utzia zion. (Irakurri +)
1982ko irailaren 28a da.
Italiak irabazi du naranjitoren mundiala eta Ingalaterrak Malbinetako gerra. Brezhnevek Pekini eskua luzatu dio harremanak normaltzeko. USAn Ronald Reagan da lehendakari.
Leopoldo Calvo-Sotelo Espainian. Urriko hauteskundeei begira, terrorismoaren aurkako borrokan efikazia gehiago, Guardia Zibilaren modernizazioa, alderdi politikoen lege berri bat eta abortuari erabateko ezezkoa dira UCDren programaren ardatzak, “demokrazia kontsolidatzeko eta politika herritarrengana hurbiltzeko”.
Felipe Gonzalezek goleadaz irabaziko ditu, dena dela: gehiengo osoa, 10.127.392 boto. Solidaridad Españolak, aurreko urtean estatu kolpea saiatu zuen Antonio Tejeroren alderdi politiko sortu berriak, 28.451 boto.
Erdibana banatu dira malkoak eta barreak ipotx estralurtar baten lagun egiten den mutikoaren istorioa kontatzen duen filmaren aurkezpenean, “E.T.”. ETAk lau polizia nazional hil ditu Errenterian eta militar bat Bilbon azken bi asteetan, baina azarorako gauzak lasaituko direla espero dute agintariek, Joan Paulo II.a Aita Santuak Loiolako santutegia bisitatuko duenean.
–Pilota horrek ez dik balio, zuloa zeukak.
–Hik ere bai, eta? (Irakurri +)
“Ez-lekua ez da existitzen”
Peter Handke
Ez da zuzena, ezta ozenki esateko modukoa ere, baina onartu beharra du eskuak erraz izerditzen zaizkion jendeak higuin apur bat ematen diola. Imanoli ere pasatzen zaio, baina oso urduri denetan soilik, jasangarria da: artega sumatzen duenean eskutik heltzea saihesten du; ukalondotik eusten dio, edo gerritik, edo sorbaldetatik, eta horrekin nahiko.
Juanek ez du izerdi tantarik egiten, salbuespen arraroren bat ez bada, eta horrek erraztu beharko lioke tupperrari zuzen eustea, barruan duena irauli gabe. Tapa zezakeen oihal batekin, gutxiago irristatzeko, barruan zegoena kanpokoek ikus ez zezaten. Baina krudela iritzi zion horri. Edo penitentzia gisa egiten zuen, auskalo. Irristatzeagatik ez zuen arduratu behar, behintzat, ezta hamar orduko autobus bidaia hartan ere.
Ulertezina egiten zitzaion zer zela eta ziren hain estuak autobusetako eserlekuak; albokoekiko, aurrekoekiko.
Beti zuen halako kabitu ezin bat eserleku haietan; ez zuen pentsatu nahi laurogeita hamar kilotik gora pisatzen zuen edonork bizi beharreko kalbarioa; laurogeita hamar kilo, luze zein zabal, biak sufrikario hutsa. (Irakurri +)
MIRINDEN GARAIETAN
Sagarrak euripean ostu dituzten guztiei
Aita lapurra zen, ama mozkorra eta ni gezurtia.
–Seguru zaude, ume? –aulkian aurreratu zen galdera egiteko, eta nik, sen hutsez, atzera egin nuen nire eserlekuan. Mahoizko prakak eta alkandora koadroduna zeramatzan jantzita. Orbainez jositako beso eta esku haiek langile batenak ziren; hala ere, garbi neukan hura zela agintzen zuena. Ez alboan zutik, haserre itxurarekin zeukan emakume iharra, ezta ipurdia altzari baten aurka bermaturik zegoen trajez jantzitako gizon lodia.
Kontainer handia baino ez zen bulego hura portuan zegoen, eta bertatik garabiak eta langileen orroak entzun genitzakeen esfortzurik gabe denok isilik geundenean. Baietz egin nuen buruarekin. Astiro eta kontzentrazio handiz. Gela hartan zeuden beste hirurek begiradak trukatu zituzten, eta ondoren, agintzen zuen gizonak atera begiratu zuen. Ate haren atzean aita zegoen. Dantzalekuaren atarian lotuta utzi duten astoa, barrura sartu ezinik. Ez zen egoera berria berarentzat, eta aulki batean lasai asko eserita imajina nezakeen. Zetozkeenei antzeman nahirik aurrea hartzeko.
–Baina, zu ez zara hamar eta erdietan esna egongo –emakumeak esku biekin heldu zion idazmahaiari, eta niregana zertxobait makurtu zen hitz egiteko–. (Irakurri +)