Jexuxmari Olaizola “Txiliku”k eta Joxe Mari Berasategik itzulitako Leo Perutzen “Gauez harriko zubiaren azpian” eleberriari buruz

Sortzaile orok nahi du bere garaia gainditu eta oroitua izan, baina gehienek ez dute lortzen. Txirrita zenak hil baino lehenxeago bota zuen bertso batean: “Pixka batian ez naiz aztuko / sartuagatik lurpian. / Nere aitamenak izango dira / beste laurogei urtian”, eta epe hori bete ondoren ere oroitzen dugu. Baina ospea hegakor bezain aldakorra izan ohi da, eta horren adibide polita izan liteke Leo Perutz.

2019 hondarrean atera zen Gauez harrizko zubiaren azpian eleberri historiko guztiz ederra, askok Leo Perutzen lan gorentzat dutena, Jexuxmari Olaizola Txilikuk eta Joxe Mari Berasategik alemanetik maisuki euskaratua. Perutz pragatar-austriarra (1882-1957) punta-puntako idazlea izan zen bi mundu-gerren artean, arrakasta, salmentak eta itzulpenak pilatzen zituena. Judua izaki, ordea, naziengandik ihes egin behar izan zuen, eta bizitzaren azken aldera Europara itzuli arren modan egoteari utzia zion.

Heriotzaren ondoren, esan liteke ahazturak estali zuela haren izena, hautsak altzari abandonatuak nola. Gauez harrizko zubiaren azpian nobelaren hegalean idazlearen biografia idazteko, editoreak argitaletxeko apalen artean (haiek ere gero eta gehiago hautsa hartzen) dauden entziklopedietara jo zuen: euskarazko Harluxet eta Lur-en ez zen Leo Perutz agertzen; gaztelaniazko Larousse handian ere ez; ingelesezko Penguin-ek ateratako Literatura Hiztegira jo, eta han ere ez. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan argitaratutako datu-base erraldoi horietan ez zuen aipamen txikiena ere merezi izan; existitu ez balitz bezala . Eta hala ere, XXI. mendean berriz lortu zituen sona eta itzala. Horren adibide dira, gure artean, Literatura Unibertsala bilduman eskaini zitzaion alea: Bederatzietatik bederatzietara (2003), Anton Garikanok euskaratua eta Itzulpenaren Euskadi Saria irabazitakoa; eta lerro hauek idazteko aitzakia eman diguna: Gauez harrizko zubiaren azpian. Irakurtzen hasten bazara, ohartuko zara ondo merezia zuela birdeskubrimendua.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina