Amaia Apalauzak, Sonia Kolaczek eta Joxe Mari Berasategik irabazi dute aurtengo Zaitegi saria

Erabaki dira Zaitegi bekaren irabazleak, bi urtetako Nobel saridunak euskaratzeko

Urtebeteko isilaldiaren ondoren, iaz Literaturako Nobel sari bikoitza eman zuen Suediako Akademiak: 2018ari dagokiona Olga Tokarczuk idazle poloniarrari eta 2019ari dagokiona Peter Handke idazle austriarrari, eta oraintxe erabaki dira haien obra bana euskaratuko duten itzultzaileen izenak: Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczek-ek batera aurkezturiko proiektuak irabazi du Tokarczuk itzultzeko lehiaketan, beste sei hautagairen artean, eta Joxe Mari Berasategik jaso du Handke euskaratzeko enkargua, beste hamahiru lehiakide gaindituz. Halaxe erabaki dute aurten izan diren bi epaimahaiek: polonierazkoan Amaia Donés Mendia, Dorota Krajewska eta Monika Czerny izan dira epaile, eta alemanierazkoan David Lindemann, Eli Manterola eta Idoia Santamaria.

Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko baliatzen den Jokin Zaitegi sariketa AEDk eta Elkar-ek antolatzen dute, 2002. urtetik, azken urteetan Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin.

Ondo bidean, 2020 urtea amaitu aurretik Nobel saridun bi hauen eleberri bana argitaratuko du euskaraz Elkar argitaletxeak: Olga Tokarczuk-en Prowadz swoj plug przez kosci umarlych eta Peter Handke-ren Die Angst des Tormanns beim Elfmeter. Behin-behinean, horrelatsu izan litezke euskaraturiko izenburuak, hurrenez hurren: Eraman zure goldea hildakoen hezurren gainean eta Atezaina penaltiaren beldur.

Lan horiek gehituko zaizkio aurreko irabazleen zerrenda honi:

2002 Imre Kertesz: Zoririk ez
            Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea

2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna
           
Itzultzailea: Oskar Arana

2004 Elfriede Jelinek
            Itzulpen saria hutsik utzi zen

2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk
            Itzultzailea: Iñigo Errasti

2006 Orhan Pamuk: Elurra
            Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey

2007 Doris Lessing: Belarra kantari
            Itzultzailea: Koro Navarro

2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua
            Itzultzailea: Luis Berrizbeitia

2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka
            Itzultzailea: Ibon Uribarri

2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak
            Itzultzailea: Santi Leoné

2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat
            Itzultzailea: Juan Mari Aguirreurreta

2012 Mo Yan: Hori da umorea, maisu!

            Itzultzaileak: Maialen Marin / Aiora Jaka

2013-2014 Zaitegi Saria ezin izan zen antolatu

2015 Svetlana Aleksievitx: Gerrak ez du emakume aurpegirik

            Itzultzailea: Iker Santxo Insausti

2016 Bob Dylan: Ehun kanta (oraindik argitaratu gabe)

            Itzultzailea: Gartxot Unsain

2017 Kazuo Ishiguro: Egunaren hondarrak

            Itzultzaileak: Amaia Apalauza / Iñigo Roque

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina