Disko-gomendioa: Lucinda Williamsen “Down where the spirit meet the bone”

Lucinda-WilliamsXabier GartziaLouisianako abeslariaren lan berria disko luzea da, 100 minutu baino gehiago irauten du. Eta ez dago minutu bakar bat ere soberan. Lehenengo abesti akustiko biluzia (lanari izenburua ematen diona, bere aitak idatzitako poema batean oinarrituta) eta diskoari amaiera ematen dion azkenaren artean (JJ Cale-ren bertsio zoragarria) Williams-ek emozioz betetako kantu sorta aberatsa eskeintzen digu: countrya, bluesa, soula, folka eta rock & roll zuzena maisuki nahasiak. Bere ahots urratuari talde bikain baten laguntza gehitu dio ekoizpen garbi eta trinkoa gauzatzeko, kitarra solo anitzez eta melodía gozagarriez zipriztinduta.

Esan ohi da Townes Van Zandt-en musika entzutera bazoaz, bihotza apurtuko dizun arriskua kontutan izan dezazula, bere letrak hain dira tristeak. Texaseko maisuek ohi duten moduan, Williams, damuaz, desamodioaz, galdutako aukerez zein itxaropenaz dihardu bere kantuetan. Eta galdera da: nola lortzen du halako edertasuna suntsiketaren hondakinetatik? Hori izango da benetako artelanaren misterioa.

Nire ustetan Lucinda Williams-ek dagoeneko Bob Dylan edo Joni Mitchell handiek ongi irabazitako ohorezko maisuen statusa erdietsi du. Ez galdu emozioz betetako perla ahaztezin hau entzuteko aukera.

Martin Ugalde beka abian da

Martin Ugalde bekaMartin Ugalde gogoan, haren izena daraman ikerketa beka sortzea erabaki da, eta ikerketa beka horrek bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera emango du bi urtetik behin: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera; euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera.

Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, Martin Ugalde Beka deialdia egin dute 2015erako, hemen zehazten diren oinarriekin:

1.- 2015erako beka deialdiaren gaia “Martin Ugalde eta euskal kazetaritza”izango da. Martin Ugaldek euskal kazetaritzarekin izandako harremana, egindako lana eta ekarpena aztertzea izango du, beraz, helburu bekaren lehen deialdiak.

2.- Bekaren emaitza idatziko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera izango da. Deialdira aurkezten denak argi adierazi beharko du zein euskarritan landuko duen emaitza, eta dokumentazioa horren arabera aurkeztu beharko du.

Emaitza idatzizko euskarrian izango bada, lanak gutxienez 150 orrialde izan beharko ditu; eta ikus-entzunezkoa bada, lanak gutxienez 30 minutuko iraupena izan beharko du.

3.-Proiektuak aztertzean, puntu hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: testuaren kalitatea, informazioaren zehaztasuna, ikerketaren berritasuna, iturrien aberastasuna… (Irakurri +)

Benito Lertxundik jasoko du Foru Aldundiko Urrezko Domina

Benito LertxundiGipuzkoako Foru Aldundiak Benito Lertxundi Orioko kantari eta konpositoreari emango dio Urrezko Domina ostegunean, Foru Jauregian.

Ohorezko bereizgarri hori Gipuzkoako interes orokorraren alde merezimendu bereziak egin dituzten pertsonei edo elkarteei ematen zaizkie, edo haien ibilbidea eta lana nabarmentzekoak dituzten pertsonei edo elkarteei.

Urrezko Domina jasoko duen Benito Lertxundiren ibilbide artistikoa luzea eta emankorra da eta, kantuen bidez, mezu poetikoak eta, aldi berean, politikoak bidaltzen zituen errepresioaren menpean zegoen euskal gizarteari.

Larraitz Ugarte Gobernuko bozeramaileak gogorarazi duenez, “euskal kantagintzaren sortzailerik handienetakoa da” eta edozein korronte eta modaren gainetik biziraun dute bere doinuek hainbat hamarkadetan.

“Ez Dok Amairu” kultur mugimendu garrantzitsuaren kideetako bat izan zen, eta euskaldunon ehunka gertaera eta bizipen sinbolikoen soinu banda ere jarri izan du Benito Lertxundik. Haren ibilbide oparoarengatik eta euskal kulturari egin dion ekarpenarengatik, Urrezko Domina emango dio Foru Aldundiak.

Urrezko Domina emateaz gain, Urrezko bi Plaka ere emango ditu Foru Aldundiak: lehenengoa Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria eta errepresioa jasan zituzten emakumeek jasoko dute; eta bigarrena, berriz, “Beroa” Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteak.

 

Mundumira, berriz ere martxan!

Albiste onak urMundumira 2014ri diren garai hauetan berri pozgarria lau haizetara zabaldu da: Mundumira itzuli egin da. 2013 gogoetarako hartu eta gero, 2005ean bidea hasi zen lekuan bertan, Arrasaten alegia, ekingo dio berriz ere martxari munduko kulturen jaialdiak, maiatzaren 30etik ekainaren 1era.

Aldaketak izan dira azken urtean. Euskal Herria aldizkariak lekukoa eman dio bere jarraipena den Euskal Herria liburu bildumari, harpidedunek erakutsi dioten babes itzelari esker. Baina, aldaketak aldaketa, aurtengo Mundumira ere auzolanaren fruitua izango da, oraingo honetan Sua Edizioak argitaletxeak plazaratzen duen liburu bilduma berriaren, Ginmusicen eta Debagoienako Mankumunitatearen arteko auzolanaren emaitza.

Bestela, munduko kulturen biltoki izango da Mundumira beste behin: musika komunikazio eta jai ardatz nagusia bilakatuko da, kalea bost kontinenteko zapore gozoz mukuru beteko da gastronomia azokan eta ekoferia jaio berriari harrera beroa egingo zaio, inguruetako natur parajeetarako txango ederrak, elkartasunarekiko hitzordua (elkartasun elastikoa salgai dago) eta, batez ere, giro ona ahaztu barik. Arrasaten elkar ikusiko dugulakoan, ondo pasa!

Jakin hamalau laguneko talde berri batek hartu du bere gain, Lorea Agirre zuzendari dela

Jakin talde berriaJakinek zuzendaritza berria du. Hernaniko Orona Ideo Berrikuntza Gunean egin den ekitaldian aurkeztu da zuzendaritza berria, eta baita Lorea Agirre zuzendari berria ere. Agirre kazetaria eta kulturaren eremuko ikertzailea da. Talde berrian Joan Mari Torrealdai ere izango da, azken 37 urtean Jakineko zuzendari izan dena. Horrela, talde historikoaren eta berriaren arteko lotura ez da etengo. Bi horiekin batera beste hamabi lagun ariko da, euskal kulturaren baitan aski ezagunak denak ere. Literatura, komunikazioa, antropologia, bertsolaritza, filosofia, sorkuntza, soziologia eta artearen eremuko adituak dira, eta horregatik Jakin Talde berriaren ezaugarria da askotarikoa eta aberatsa izatea.

Zuzendaritza berriko kideak:

Lorea Agirre (Jakineko zuzendaria)

Haizea Barcenilla (arte komisario eta kritikaria, eta EHUko irakaslea)

Harkaitz Cano (idazlea)

Xabier Eizagirre (Jakineko erredakzio burua)

Idurre Eskisabel (kazetaria, antropologoa eta EHUko irakaslea)

Patxi Juaristi (soziologoa eta EHUko irakaslea)

Joanmari Larrarte (Berria Taldeko marketin eta publizitate arduraduna)

Maialen Lujanbio (bertsolaria)

Imanol Murua (kazetaria)

Andoni Olariaga (filosofoa eta Hausnart aldizkariaren zuzendaria)

Olatz Osa (Elkar argitaletxeko argitaletxeen zuzendaria)

Gexan Sors (Elkar-eko marketin zuzendaria)

Joan Mari Torrealdai (Jakineko zuzendaria 42 urtez)

Eguzki Urteaga (soziologoa eta EHUko irakaslea)

.eus domeinua martxan da

eus

 

Dagoeneko euskara eta euskal kulturaren .eus domeinua martxan da apirilaren 15etik, eta dagoeneko lehen webgunea ere badu: domeinuak.eus

Apirilaren 26an prentsaurrekoa emango dute arduradunek hurrengo pausuak azaltzeko.