Joseba Sarrionandiaren “Narrazio guztiak” Bilboko Arriagan

Bilbo Zaharra - Narrazio guztiakEkainaren 5ean, Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen 8. irakurketa jarraitua egingo du Bilboko Arriagan. Oraingo edizio honetan, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak lana izango dute irakurgai.

Duela zazpi urte Axularren Gero izan zuten irakurgai, duela sei Mogelen Peru Abarca, duela bost Jon Miranderen Haur besoetakoa, duela lau Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, duela hiru Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, duela bi Bernardo Atxagaren Obabakoak, iaz Gabriel Arestiren Harri eta herri eta aurten Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak eleberria izango dute irakurgai. BILBO ZAHARRA euskaltegiko ikasle-irakasleak oso pozik eta harro daude, Klasikoen irakurraldi etenik gabea ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, euren helburua (klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea-eta , alegia) betetzen ari direlako.

Zer irakurri erabakitzeko orduan, lehenengo lau edizioetan, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu ziren. Hots, XVI. mendeko liburu batekin hasi, XVII. mendeko beste batekin segi, XIX. mendearen erdira iritsi eta ia XXI. mendean bukatu zuten. Hiru jauzi izan ziren, bi, ehun eta hirurogei urtekoak, eta bat, berrogeita hamarrekoa, euskal literaturaren historian barrena. Azkenengo hiru edizioetan, aldiz, bestelako irizpidea baliatu dira.

 Zergatik panpoxen kasuan, emakumezko literaturaren aitzindari izatearena; Obabakoak-enean, argitaratu zeneko 25. urteurrena ospatzearena; iaz, berriz, euskal poesiari ateak zabaltzea eta, bidenabar, liburuaren 50. urteurrena ospatzea; eta aurten, aldiz, Joseba Sarrionandiak narrazioen ibilbidea bukatu zuenetik 25. urteurrena izatea.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina