Martin Ugalde beka abian da

Martin Ugalde bekaMartin Ugalde gogoan, haren izena daraman ikerketa beka sortzea erabaki da, eta ikerketa beka horrek bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera emango du bi urtetik behin: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera; euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera.

Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, Martin Ugalde Beka deialdia egin dute 2015erako, hemen zehazten diren oinarriekin:

1.- 2015erako beka deialdiaren gaia “Martin Ugalde eta euskal kazetaritza”izango da. Martin Ugaldek euskal kazetaritzarekin izandako harremana, egindako lana eta ekarpena aztertzea izango du, beraz, helburu bekaren lehen deialdiak.

2.- Bekaren emaitza idatziko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera izango da. Deialdira aurkezten denak argi adierazi beharko du zein euskarritan landuko duen emaitza, eta dokumentazioa horren arabera aurkeztu beharko du.

Emaitza idatzizko euskarrian izango bada, lanak gutxienez 150 orrialde izan beharko ditu; eta ikus-entzunezkoa bada, lanak gutxienez 30 minutuko iraupena izan beharko du.

3.-Proiektuak aztertzean, puntu hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: testuaren kalitatea, informazioaren zehaztasuna, ikerketaren berritasuna, iturrien aberastasuna…

4.- Banaka nahiz taldean aurkez litezke partehartzaileak.Proiektu bakoitzaren egileak honako hauek aurkeztu beha ditu, posta elektronikoz atxikitako dokumentuan:

a) Egilearen edo egileen curriculum laburra, orri banatan, egindako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.

b) Egin nahi den lanaren azalpena, 4-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz.

c) Idazlanaren edo gidoiaren lagina, 15-20 orrialde bitartekoa.

5.- Proiektuak 2015eko uztailaren 31ra arte bidal litezke helbide honetara: beka@kulturparkea.eus

6.-Bekaren deitzaileak diren eragileetako bakoitzak eta erakunde laguntzaileak izendatutako ordezkari banarekin osatuko da epaimahaia, eta www.kulturparkea.eus helbidean jakinaraziko da, lanak bidaltzeko epea amaitu aurretik,nork osatuko duen.

Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.
Epaimahaiak aholkua eman ahalko dio irabazleari, proiektua osatu eta hobetze aldera. Irabazleak konpromisoa hartu beharko du aholku horiek aintzat hartzen saiatzeko.

Era berean, deitzaileek prestasuna adierazten dute eskura dituzten informazioak irabazlearen eskuetan jartzeko, ikerlana gauzatu ahal izateko.

Bekaren irabazlearen berri 2015eko azaroaren 11n jakinaraziko da, Martin Ugalde kultur parkean.

 

7.-Bekaren irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana egiteko. Bekako diru kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. Lanak 2016ko urriaren 8rako amaituta izan beharko du.

8.- Irabazleak,gehienez, izendapena jaso eta hamaika hilabeteko epea izango du lan amaitua antolatzaileei helarazteko.

9.- Irabazleak lana entregatuko ez balu, edo haren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaskarragoak balira, irabazleak itzuli egin beharko luke jasotako dirua.

10.- Diru laguntza jasotako lanaren jabetza egilearena izango da. Egindako lanaren zabalkundea eta dibulgazioa helburu, Martin Ugalde kultur parkeak argitaratuko du idazlana edo ikus-entzunezkoa, gainerako deitzaileekin koedizioan, eta egile eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta, bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

Helburua dibulgazioa dela kontuan hartuta, lanaren tamainaren arabera, idatzizkoaren kasuan, deitzaileek erabaki ahal izango dute paperezko argitalpena, lan osoarena izan ordez, laburpen batena izan dadin paperean. Hori horrela egingo balitz ere, lan osoa modu digitalean gizarteratzeko konpromisoa hartuko da.

11.- Beka deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horiek ulertzeko zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea, eta, epaimahaikoek egin ezean, antolatzaileak erabakiko du.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin