Hemen da elkar Ipuin eta Ilustrazio lehiaketa berriz ere. Urtero antolatzen du elkar fundazioak hamasei urte arteko haur eta gazteentzat literatur eta ilustrazio lehiaketa hau. Txikienek Peru Magdalenaren “Lolo” ipuin labur argitaratugabea ilustratu beharko dute eta 10-13 urte bitarteko gaztetxoek, aldiz, Martintxo Altzueta ilustratzaileak egindako ilustrazioa ikusita ipuina asmatu beharko dute. Azkenik, 14-16 urte bitarteko gazteek “Eta kultura zer?” gaitzat hartuta komikia edo bineta bat sortu beharko dute. Beraz, lehiaketara ipuin idatziak, ilustrazioak zein komikiak aurkeztu behar dira.
Lehiaketa eran antolatzen den jolas honen helburua haur eta gazteak literatura eta irakurketara hurbiltzea da. Aurreko ekitaldietan ia 6.000 lan inguru jaso izan dira, norbanakoen lanak guztiak, baina sarri ikastetxeen bitartez ere bideratu izan den partehartzeari esker jasotakoak.

Iazko udazkenean Patxi Zubizarretak liburu berria ekarri zuen: Laranja bat zaborretan. Zikinkeriaz betetako Egiptoko auzo pobre batean kokatua, Karabino mutiko zabor biltzailearen istorio harrigarria bezain ederra kontatzen digu idazle ordiziarrak.
Zer kontatu nahi izan duzu Laranja bat zaborretan izeneko nobela honetan?
Nobela hau ez zen sortuko telebistan Kairori buruzko erreportaje bat ikusi izan ez banu. Zaborretako ametsak zuen izenburua, eta hiriburu egiptoarrean hondakinak biltzeaz arduratzen den komunitate kristauari buruzkoa zen, gazte koptoei buruzkoa bereziki. Hunkituta geratu nintzen. Pobrezia gorrienean, erlijioak elkarren alboan eta talkan… Gogoratu ere egin nintzen Kairoko kanposantu ikaragarri handi batean jendea bizi dela, hiri moduko bat osatzen dutela han, eskolekin, dendekin… Eta hasi egin nintzen loturak egiten. (Irakurri +)
Edozein teleberritan baino hondamendi gehiago aurkituko ditu irakurleak Xabier Montoiaren Hondamendia (Elkar) liburuko narrazioetan, kolektiboak zein indibidualak, historikoak zein fikziozkoak, naturalak zein gizakiak eragindakoak. Begietara gordin agertzen denari behar adinako zorroztasunez erreparatzeari beldurrik ez dion idazle batek kontatuak denak ere.
Liburuaren izenburu bera duen ipuinean agertzen den pertsonaia batek dio hondamendietan sentipenak muturreraino eramaten direla, eta orduan azaleratzen direla biluzien eta distiragarrien, itxurakeriarik eta gezurrik gabe. Horregatik egin zaizu erakargarri hondamendiei buruz idaztea?
Bai, hein batean, horrexegatik izan zen, baina gai hori berez nagusitu zitzaidan, nituen beste asmo eta ideia batzuk baztertzera behartuz. Hondamendiarena gaurkotasun osoko gaia da, nire ustez, animaliak, espezieak eta, besteak beste, hizkuntzak ere egunero galtzen eta desagertzen ari diren honetan. Kapitalismoaren ajeak, nonbait. (Irakurri +)
Miren Garate kazetari azpeitiarrak irabazi du aurtengo Tene Mujika beka, azken urteotako ekonomi krisiak dituen eraginak kontatu nahi dituen egitasmo batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Garaterena eman du irabazletzat Alberto Barandiaran, Idurre Eskisabel eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du kazetariak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.
Azalak eta izenak erakarrita aukeratu dut liburua. Beste behin ere, emakumea protagonista. Pertsona baten bizitzaren orrialdea bederatzi erlaitzetan sailkatuta ematen dio bizitzari errepasoa. 40 urte ditugunean izan ohi den krisialdiaren bueltan kokatuko nuke. Erlaitz bakoitza kapitulo bat da eta izen bat dauka: ama, amama, maitalea, laguna… gutako bakoitzak inguruan izan ditzakeen pertsonek osatuta daude bere erlaitzak ere, bizitzaren errepasoa eginez, musika mitikoak gogoratuz… Geldialdi batzuk baditu, eta horixe da 12etan bermuta, protagonistari bizitzaren une goxoak gogorarazten dizkiona, eta horrekin disfrutatzen jarraitzen du bere bizitzaren errepasoan ere. Lehena ama, amarekiko jarrera gogorra agian? Aitarekikoa samurragoa. Laguna, berarekiko zeloak? Ikasle garaiko kontuak, noiz geratuko diren lagunak…inoiz ez geratzeko. Senarra eta arrakalak, bizitzak ematen dituenak, hasieran dena da polita. Maitalea, polita, une goxoak, bermuta… Geure bizitzan zehar ibilaldi bat egitera eramango gaitu liburu honek, geure erlaitz desberdinak aztertuz eta sailkatuz. Gozatu bermuta 12etan.
Topa!
“X hil da. X hil zait”. Bi esald
i telegrafiko horiekin abiatzen da Alaine Agirreren bigarren nobelaren irakurketaren abentura. Abentura horretan irakurleak nobela konbentzionaletako ohiko helduleku batzuen falta sumatuko du maiz, baina horrexek berak kontamoldearen indarraz ohartu eta hartan plazer hartzera bultzatuko du, pertsonaia nagusiaren barrunbeetan oso bereak diren kezkak eta beldurrak identifikatzen dituen bitartean. X hil da idaztean, koxka bat estutu du bere idazkera Odol mamituak nobelarekin irakurlea harritu zuen idazleak.





