Patxi Zubizarreta: “Zaborraren gizartea da gurea, zaborrarekin zer egin ez dakiena…”

patxi-zubizarreta32_Laranja bat zaborretan_azala.inddIazko udazkenean Patxi Zubizarretak liburu berria ekarri zuen: Laranja bat zaborretan. Zikinkeriaz betetako Egiptoko auzo pobre batean kokatua, Karabino mutiko zabor biltzailearen istorio harrigarria bezain ederra kontatzen digu idazle ordiziarrak.

Zer kontatu nahi izan duzu Laranja bat zaborretan izeneko nobela honetan?

Nobela hau ez zen sortuko telebistan Kairori buruzko erreportaje bat ikusi izan ez banu. Zaborretako ametsak zuen izenburua, eta hiriburu egiptoarrean hondakinak biltzeaz arduratzen den komunitate kristauari buruzkoa zen, gazte koptoei buruzkoa bereziki. Hunkituta geratu nintzen. Pobrezia gorrienean, erlijioak elkarren alboan eta talkan… Gogoratu ere egin nintzen Kairoko kanposantu ikaragarri handi batean jendea bizi dela, hiri moduko bat osatzen dutela han, eskolekin, dendekin… Eta hasi egin nintzen loturak egiten.

Zergatik zaborra, pobrezia, miseriari buruzko eleberri bat?

Zaborraren kontua kapitala iruditzen zait,  Europako ordenagailu eta elektragailu zahar edo hondatuak, esate baterako, kargaontzietan Afrikara eramaten ditugu, eta ezikusia egiten diegu, ahaztu, berri bat erostearekin batera. Malbizitzera kondenatu dugun jende asko zabortegietan bizi da, Ghanan, Brasilen edo Kairon. Beharbada horrexegatik aukeratu nuen gai hori, asaldatu eta aztoratu egin ninduelako. Eta nauelako. Horrekin batera, Mayorga dramaturgoak dioen bezala, sortzaileon lana mundua entzutean datza, baina zaratatik poesia atera beharra daukagu, eta nik erantsiko nuke: zaborretatik lurrina, lurrin samina…

Nobelako protagonistari, Karabinori, ameslari ere esaten diote. Narrazioan bestalde, errealitatea eta fikzioak nahastu egiten dira. Zein garrantzi dute ametsek nobela honetan?

Zikinkeriaren zama arintzeko ametsa izan daiteke irtenbideetako bat. Horrexegatik pentsatu nuen Karabino mutiko protagonistak ameslaria izan behar zuela. Mokkatam auzategi lohitik irten eta Kairo Berriko etxe puskekin egingo zuen amets. Gizajoak sekula ez du laranja bat osorik jan! Baina errealitatea, lagunak… hain dira bestelakoak. Eta, hala ere, Nagib ezagutuko du Al-Qaraba hilerrian, eta Nagib ipuin kontalariak Jose ameslariaren historia kontatuko du, hor sortuko zaie lotura, hor sendotuko zaie adiskidetasuna. Baina, esan bezala, errealitatea eta ametsen artean beti sortzen da talka, eta hor sartzen da literatura, amets horien bilakaerari buruzko kontaketan. Zentzu horretan, zer pentsatua, zer sentitua eman nahi duen istorioa da.

Egitura nahikoa bitxia du liburuak; batetik, kontakizunean plano ezberdinak kateatzen dira. Bestalde, harekin batera audio bat ere eskaintzen da, Felipe Barandiaranen ahotsa eta Peio Ramirezen musikarekin.

Gure etxean, txikitan, amari sarritan entzun izan nion Bibliako Joseren historia. Izugarria zait: Jakob aitaren kuttuna izanik, anaiek inbidia zioten, hil ere egin nahi izan zuten, nahiz eta azkenean merkatariei saltzea erabaki… Oraingoan, baina, Bibliara jo nuen eta historia originalean berriro ere gozatu ederra hartu nuen, eta hainbat xehetasun deskubritu: Josek 17 urte zituen, bortxa eta bortxaketa giroan bizi izan zen, kartzelan ere bai, ametsak beste ihesbiderik gabe… Historia zahar eta luzea da, baina nire erara moldatu nuen eta Nagib itsuaren ahotan jarri. Eta narrazioaren egitura ere halaxe gauzatu zen: Karabinoren gorabeherak batetik eta, oihartzun eta ispilu gisa, Joseren historia bestetik. Eta hara non, oraintsu, palestinarrek su eman dioten juduentzat erromes tokia den Joseren hilobiari… Hala ere, horrekin etsi ez, eta argitaletxearen baiezkoarekin, itsuaren ahotsa irudikatu nahi izan nuen eta Felipe Barandiaran arduratu zen atal horren grabazioaz, eta Pello Ramirezek doinu llabur batzuekin jantzi zuen. Hartara, irakurle-entzuleari berritu nahi izan diogu nik sentitutako plazera.

Nobela izanik, ilustrazioek ere bere pisua dute. Zer esango zenuke Mintxo Cemillánenek egindako irudiei buruz?

Marrazkiak ezinbestekoak dira liburu honetan. Nik Biblia Doré-ren ilustrazio miresgarriekin lotzen dudan bezala, halaxe nahi nuke irakurlea historia hau Mintxoren ilustrazioekin uztartzea eta kateatzea, hain dira ederrak! Bigarren aldia da Mintxorekin lan egiten dudana eta esan beharra daukat beti liluratzen nauela: protagonistak nola gorpuztu dituen, giro hilgarri hori geruzaka nola koloreztatu duen, zenbat sentimendu eragiteko gai den…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina