“Kontadazu ipuin bat”! Haurrek txiki-txikitatik adierazten duten etengabeko nahia da hori. Baina zergatik dute hainbesteko garrantzia irakurketak, ipuinak, eta orokorrean, Haur Literaturak haur eta gaztetxoen bizitzan? Zergatik izan daiteke liburua edo ipuina haurrak emozionalki hezteko baliabide egokia?
Intrigazko, beldurrezko, umorezko edo edozein ipuin miresgarri edo klasiko izan, literaturak haurra izugarri erakartzen du. Zergatik? Bada, aukera ematen diolako bere bizitza eta sentimenduak ulertzeko eta bere nahi psikoafektiboak asetzeko. Hau da, ipuinak haurraren “mamu psikologiko” guztiak (beldurrak, gatazka afektiboak, behar moralak –zer dagoen ongi eta gaizki-… ), eszenatoki baten bidez aurrean jartzen dizkio, bera konturatu gabe, modu sinboliko batean. Zer gertatzen zaion jakin behar du, bereziki bere sentimenduak ulertu nahi ditu. Baina haurrak errealitatea ez du guk bezala ikusten, sentitzen eta ulertzen. Errealitatea egozentrismotik ikusten du, sentitzen eta ulertzen du. Zer esan nahi du horrek? Bada, oraindik ez duenez trebetasun kognitiborik, ez duenez arrazonamendua, ulermena eta logika gisako tresna kognitiborik garatu, eta afektiboki ere ego-zalea denez, errealitatea berak sentitu nahi duela: Ni-a da dena. Ondorioz, fikzioa edo ipuina eta haurraren maila psikoafektiboa bat egiten dute: fantasia, sormena, pentsamendu magikoa, jolasa … daude beregan, balitz bezala da hitza. Horregatik, haurraren barne munduak eta haur literaturak konektatu egiten dute, hizkuntza berean mintzo baitira. Zentzu honetan, ipuinak ez dio haurraren buruari, arrazonamenduari “hitz egiten”, bere “bihotzari” baizik. (Irakurri +)
LITERATURA
Haizeari begira – Jon Ariza De Miguel
Gizon bat Europako hiri txiki bateko hotel zahar batera iritsi da, egun batzuk oporretan pasatzeko asmoz. Iritsi bezain laster emakume baten errainua sumatzen du bere leihoaren pareko etxean, eta emakume hori berriro noiz ikusiko geratuko da… Literatura-ariketa liluragarri bat, umorez eta dotoreziaz idatzia.
Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak – Nikos Kazantzakis
Itzultzailea: Luis Berrizbeitia
XX. mendeko eleberri ospetsuenetako bat (zinema eta musikako egokitzapenei esker, besteak beste), euskaraz lehenengoz ezagutuko duguna. Intelektual zalantzatiaren eta pasioz gainezka dagoen bizizalearen arteko harremana, bizi eskola miresgarri bihurtua.
Mendi-joak – Aingeru Epaltza
Eleberri-sorta gogoangarri bat egin ondoren (Erresuma eta Fedea trilogia historikoa), ipuin-bilduma batekin datorkigu Epaltza: 10 istorio, era askotako gai eta pertsonaiak dituztenak, baina inguru jakin baten jiran girotuak: mendia. Idazle iruindarraren luma bikaina piolet baten airostasun eta zorroztasunez mugitzen da aldapan gora nahiz maldan behera, giza miseriak agerian uzteko.
Neguko hondartzak – Xabier Mendiguren Elizegi
Ipuingintzara itzuli da Mendiguren, bi istorio luzez eta bi laburrez osaturiko bilduma honetan. Batetik, gure gatazka zaharraren alderdi ilun batzuk argitara dakartza, ezusteko ikuspegiz; bestetik, giza arimaren beste min batzuetan ere arakatzen du: norbere ona bilatzearen edo beste norbaiten alde sakrifikatzearen arteko zalantza, bakardadea, heriotza… (Irakurri +)
Miren Amuriza Plaza izan da Igartza Sariaren XX. deialdiko irabazlea, berak idatzitako Paperezko txoriak proiektua hautatu duelako Igor Estankonak, Garazi Kamiok eta Ana Jakak osatutako epaimahaiak bekara aurkeztu ziren 20 proiektuen artean. CAF enpresak, Beasaingo Udalak eta Elkar argitaletxeak idazle gazteen jarduna laguntzeko antolatzen dute sariketa hau, eta hogei urteko ibilbidean hainbat idazle ezagutarazi edo bultzatu ditu, hala nola Julen Gabiria, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Kattalin Miner…
Paperezko txoriak da proiektu irabazlearen izena, eta Bizkaiko herri txiki bateko baserri batean kokaturiko istorioa kontatuko du, familia bereko hiru belaunaldiren bidez.
Miren Amuriza 1990ean jaio zen Berrizen. Bertsolari, kantari eta kazetari lanetan ibilia da, eta haur literatura ere landu duen arren, hauxe izango du helduentzat idatziko duen lehenengo eleberria.
Publikoak bertsolari gisa ezagutu zintuen lehen; zutabegile gisa ere ari zara aspaldi honetan; haur literaturan eginak dituzu hainbat saio; eta orain, berriz, nobela proiektu batekin zatoz. Honen inguruan, bi galdera: Aspaldiko proiektua zenuen? (Irakurri +)
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatu dute aurten ere, nobelak sortzeko beka gisa funtzionatzen duena, ondorengo oinarrien arabera:
1. Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.
2. Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.
3. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:
a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).
4. Proiektuak 2017ko irailaren 30a arte bidal litezke helbide honetara: mrey@ondarroa.eus
Iñigo Astiz eta Maite Mutuberriaren Kixotenean erreportaje-liburuak Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso berri du. Andoaingo Udalak antolatzen du saria, herriko seme zuen kazetariaren omenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Iazko udazkenean ikusi zuen argia Astiz eta Mutuberriak kaleratutako lan honek Elkar argitaletxearen eskutik. Kixote liburuaren 4. mendeurrena zela-eta, Mantxara bidaian abiatu zen Iñigo Astiz kazetari nafarra, eta erreportaje sail bat ondu zuen, bidaia-kronikaren eta saiakeraren artean dagoen gogoeta-sorta. Egileak berak dioen moduan, “Kixotek gurutzatutako lurrak gurutzatzea izan da helburua, eta, literatura modernoaren iturburu nagusietariko bateraino heltzen saiatzerakoan, bidean ezinbestean korapilatuz joaten dira literatura eta errealitatea. Kaleak eta liburuak, historia eta kondaira, errealitatea eta fikzioa, bi plano horiek uztartzen diren puntu zehatz horren bila egindako bidaia bat kontatzen du eskutan duzun lanak”.
Liburu hau osatzeko orduan, hasierako erreportaje sorta berridatzi zuen, kapitulu berriren bat asmatu, eta atal berriak sortu, kapitulu guztiak aberasteko. Horrez gain, azpimarratzekoa da Maite Mutuberria ilustratzailearen lana, sentiberatasunez eta sujerentziaz betea, testuaren paraleloan doan beste irakurketa bat proposatzen diguna.
Sorkuntza paregabetzat” jo du lana epaimahaiak. (Irakurri +)