Miren Amurizak irabazi du Igartza Saria

Miren Amuriza Plaza izan da Igartza Sariaren XX. deialdiko irabazlea, berak idatzitako Paperezko txoriak proiektua hautatu duelako Igor Estankonak, Garazi Kamiok eta Ana Jakak osatutako epaimahaiak bekara aurkeztu ziren 20 proiektuen artean. CAF enpresak, Beasaingo Udalak eta Elkar argitaletxeak idazle gazteen jarduna laguntzeko antolatzen dute sariketa hau, eta hogei urteko ibilbidean hainbat idazle ezagutarazi edo bultzatu ditu, hala nola Julen Gabiria, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Kattalin Miner…

Paperezko txoriak da proiektu irabazlearen izena, eta Bizkaiko herri txiki bateko baserri batean kokaturiko istorioa kontatuko du, familia bereko hiru belaunaldiren bidez.

Miren Amuriza 1990ean jaio zen Berrizen. Bertsolari, kantari eta kazetari lanetan ibilia da, eta haur literatura ere landu duen arren, hauxe izango du helduentzat idatziko duen lehenengo eleberria.

Publikoak bertsolari gisa ezagutu zintuen lehen; zutabegile gisa ere ari zara aspaldi honetan; haur literaturan eginak dituzu hainbat saio; eta orain, berriz, nobela proiektu batekin zatoz. Honen inguruan, bi galdera: Aspaldiko proiektua zenuen?

Izango dira pare bat urte nobelaren ideiarekin bueltaka hasi nintzenetik. Hasieran, lantzean eszena bat irudikatzen nuen, pelikula baten zatiak balira bezala, eta pentsatzen nuen “hau kontatu egin gura dut”. Pixkana-pixkana joan nintzen istorioa buruan eraikitzen, eta idazten hasi nintzenerako hamar mila buelta emanda nengoen. Horretan oso bertsolaria naiz, sortzen hasi orduko azkena pentsatuta eduki behar izaten dut.  

Zer ematen dizu literaturak, ez dizuna ematen bertsoak edo zutabegintzak?
Bertsolaritza oso kanpora begirakoa da: zutik begiratzen diogu publikoari, munduari; ahozkoa da, momentukoa; kolektiboa, oholtzan ez gara egundo bakarrik egoten. Idaztea fokuari buelta eman eta barrura begira jartzea izan da; prozesu bakartiagoa, intimoagoa, pausatuagoa. Pentsatzeko, egoteko beste modu batzuk esperimentatzeko aukera eman dit, beste arnasa bat. Zutabegintza bien arteko zerbait dela esango nuke: Berriakoa egunerokoa eta laburra izanik, bertsoaren prezisioa eta gaurkotasuna eskatzen ditu baina sortze prozesua bakartia eta pausatuagoa izaten da. Nobelak, gaiak garatzeko, marko bat eraikitzeko eta fikzioa egiteko aukera emango dit.

Zergatik “Paperezko txoriak”?

Protagonistetako batek papiroflexia maite du eta paperezko txoriak presente egongo dira nobelako une esanguratsu batzuetan. Txikiak eta diskretuak dira baina oso ondo irudikatzen dute pertsonaien zaurgarritasuna: paperezko txoriak desegin egiten dira uretara eroriz gero, baina ez dute zaratarik ateratzen. Lehortu eta ostera ere forma ematen ahalegindu arren, paperak ez du lehenagoko testura erabat berreskuratzen. Gisako zerbait gertatuko zaie protagonistei: ia zaratarik atera gabe desegiten joango dira, muturreko egoeretara iristeraino, eta beren burua berreraiki beharko dute gero.

“Paperezko txoriak” ez da eleberri gozoa; kontatuko diguzu zein den hariaren nondik norako nagusia?

Protagonista nagusiak hiru dira: Sabina Leizardi, bere alaba Karmele eta biloba Oihal.

Urteetan pilatutako neke eta minek egoera estremo batera eramango dute Sabina, eta bere buruaz beste egiten ahaleginduko da. Horrek errotik irauliko ditu familiaren zimenduak; komunikatzeko, elkar zaintzeko, maitatzeko, gorrotatzeko… dituzten moduak eta gabeziak agertuko dira. Heriotza ez eze, suizidioa kokatu beharko dute beren egunerokoan (estigma, beldurrak, kontraesanak…), oso modu diferentean kokatu ere, eta talka handiak eragingo ditu horrek senideen artean. Sabinaren leherketak beren konfort guneetatik mugiaraziko ditu eta aukera berriak zabalduko zaizkie; nahiz heriotza inoiz baino presenteago eduki, azken finean, bizitzarekiko ikuspuntua baita zalantzan jarri eta, kasu batzuetan, aldatuko dutena.

Prozesu horrekin, bigarren mailako istorio bat gurutzatuko da. Sabinak, argazki zahar batetik abiatuta, bere gazte denborako pasarte bat kontatuko dio Oihali: zelan 1950eko hamarkadan aberaski batzuen etxean neskame egon zen eta zelan nagusiaren anaia mutuak erretratu batzuk pintatu zizkion. Suizidio saiakeraren ondoren, erlojuaren kontrakoa hasiko du Oihalek: pintorearen arrastoari segika, Sabinaren erretratuak topatzen ahaleginduko da, batetik, eta amonak artistarekin eduki zuen harreman berezia irudikatzen, bestetik. Ordea, amonari opari bat egiteko asmoz hasiko duen ikerketatxoa ez da haren iraganean arakatzeko aitzakia bat besterik, suizidioa nolabait justifikatu beharra; aringarri bat, berak eta batez ere bere amak sentitzen duten errua apaltzeko.

Gazteek gazteen gauzak kontatu ohi dituzte, zaharrek zaharrenak; zuk, berriz, lehen eleberrian, emakume heldu bat hartu duzu protagonistatzat.

Figura hori, adineko emakume baserritarrarena, indartsua eta interesgarria iruditzen zait. Sabina osatzen duten andre mordo bat dauzkat inguruan: emakume zailduak, neskame, nekazari, artzain, etxekoandre, alaba, ama, emazte, amonak… Mundu ikuskera horretan arakatu nahi nuke.

Sabina emakume tenperamentala da, biolentoa, bilobekin atsegina bezain gogorra izan zena seme-alabekin. Maitagarria batzuentzat, gorrotagarria besteentzat. Nobelako trama nagusien abiapuntua izango da, bera eta bere gorputza: bere pultsioen nukleoa, bere asmoak gauzatzeko bitartekoa eta horien guztien ondorioak jasaten dituen eremua; minaren eta plazeraren lekua, feminitatearen deseraikuntzarena; memoria haragiztatua. Gorputz hori, sinbolizatzen duen guztiarekin,  erdigunean jarri nahi nuke.

Egungo belaunaldi gazteen ordezkari bat ere bada nobelan: Oihal biloba…

Istorioan zehar gertatzen direnei buruzko bestelako irakurketak egiteko bide bat da Oihal: bere amaren eta amonaren egoeraz, familiaz, harremanez, baserriaz…  Oihalek harreman estua eduki izan du beti amonarekin, hura izan baitzuen bere zaintzaile eta heroi maiteena umetan. Baina Sabinaren iraganaz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta kontraesan handiagoak sortuko zaizkio harekiko. Galdera-erantzun horiek interesatzen zaizkit.

Bakardadea, zaintza, zaurgarritasuna, suizidioa… Hautatu dituzun gaiez azalpenik eman nahi?

Bakardadea ikasgai bat dela uste dut, derrigorrezkoa. Askok hautazkotzat hartzen dute eta iskin egiten saiatzen dira, baina, lehenago edo geroago, hortxe agertzen da. Nork bere buruarekin topo egitea da bakarrik egotea, horixe gertatuko zaie protagonistei.

Bestalde, pertsonaia nagusien bizimoduaren ardatza hirugarren bat zaintzea izango da momenturen batean, eta bakoitzak bere modura erantzungo dio egoera horri. Sabinak bere urguiluagatik zainduko du baserrian berarekin bizi den Henry (koinatu ezindua), eta menpekotasun erabatekoa izango du beraganako. Karmelek beldurragatik (eta bere neba biek ardura hori bere gain utzi dutelako) zainduko du Sabina; hainbeste, ezen ama infantilizatzera iritsiko baita. Oihalek bere erantzukizuntzat hartuko du Karmele zaintzea, baina ez du jakingo nola egin.

Zaintzaren kausa eta ondorioez hausnartu nahi nuke: botere-harremanez, zaintzaile eta zainduek jokatzen dituzten rolez, zaintzeko moduez, jasangarritasunaz, egiteko horri aitortzen zaion (edo ez zaion) balioaz… Testuinguru horretan, pertsonaien zaurgarritasuna azaleratuko da (zainduena bezainbat zaintzaileena) eta horrek nabarmendu egingo du elkar jagoteko moduen jasangarritasun eza. Zaurgarritasunaren osagarri, sendatzeko gaitasuna ere agertuko da.

Suizidio saiakerari dagokionez, gai nagusia bainoago, detonante bat izango da, lehenago esan bezala, Sabinaren senideen bizimodua hankaz gora jarriko duena. Ingurukoek egoera horren aurrean zelan erantzuten duten aztertzea interesatzen zait.

 

– Oihalen aita kartzelan egondakoa da, baina ematen duzun irudia ez da heroiarena…

Pertsonaia hau bere presentziagatik baino, bere ausentziagatik eragiten duenetakoa da. Nobelan ia agertu ere ez da egingo baina Karmeleri eta Oihali (preso egon zen bitartean eta ondoren) zelan eragiten dien ikusiko da eta zaintzarekin loturiko gatazkak azaleratuko dira beste behin ere:

Karmeleren kasuan, gizon militante baten zaintzailea izatea egokitu zitzaion (borroka publikoak vs pribatuak) eta momentu jakin batean harremana moztea (rol hori lagatzea) erabaki zuenean, inguruak zelan epaitu zuen agertuko da. Oihalen kasuan, aitaren ausentziak (eta ondorioz amarenak) bere izaera zelan markatu zuen eta hura kartzelatik ateratzean pixkana-pixkana “heroia” desmitifikatzen zelan joan zen (bere alde onekin eta txarrekin) ikusiko da. 

Baserria euskal nobela modernotik desagertu zen garai batean, baina aldiro agertzen da berriz, paisaia edo gai gisa. Zergatik zure kasuan?

Baserri-auzo batekoa naiz (neu baserritarra izan ez arren) eta bizipen asko ditut horien bueltan. Estetikoki inpaktanteak iruditzen zaizkit (elementu zaharren eta berrien kontrastea, harria, egurra, lurra…) eta sinbolikoki potenteak. Antsietate handia pertzibitu izan dut horren inguruan; guk, belaunaldi gazteok, eutsi ezean galdu egingo delakoa, etab… Baserria esan dut, baina esan nezakeen euskara, abertzaletasuna… Beraz, baserria presente egongo da baina ez modu agonikoan (uste dut karga hori arindu beharra dugula), baizik esperimentaziorako espazio moduan, erronka moduan.

Hiru belaunaldi ageri dira nobela proiektuan. Batetik bestera dauden konstanteak edo urraketak nabarmendu nahi dituzu?

Bietatik apur bat. Modu diferenteetan bada ere, ahalik eta autonomoenak izatea dute helburu hiru protagonistek, momenturen batean edo bestean hirurak saiatuko dira senideekiko konstante horietatik desmarkatzen. Askatasuna lortzeko modua, ordea, ez da besteekiko loturak moztea, ezpada konstante horiek identifikatu eta harreman sanoagoak eraikitzen saiatzea.

Hizkuntza eta estiloan lantze berezia erakusten duzu; nola definituko zenuke, edo zein dira ezaugarriak?

Testua hirugarren pertsonan idatzita egongo da. Gertaerek eta egoerek hartuko dute indarra berauek kontatzeko moduak baino gehiago. Kontalaria era oso deskriptiboan joango da pertsonaien barne zein kanpo zirkunstantzien berri ematen, hartara irakurleak istorioa zein protagonistei buruzko iritzia eraiki ditzan. Kontakizunari erritmoa emateko, pertsonaien pentsakizunak, komentarioak edo bakarrizketak tartekatuko dira narrazioan zehar. Pasarte horiek zein gainontzeko elkarrizketetakoek mendebaldeko euskalkiaren kolorea izango dute, eta protagonisten eta kontalariaren ahotsak nabarmenago bereiziko dira hala.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin