Gartxot Unsainek euskaratuko du Bob Dylan, Zaitegi Sariari esker
Gartxot Unsain Letona donostiarrak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa; halaxe erabaki du Maialen Berasategik, Iñigo Roquek eta Jon Basagurenek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko lanen artean. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Bob Dylan kantagile iparramerikarraren 100 kanta euskaratu beharko ditu itzultzaileak, eta 2017 urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.
2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka hau, eta hamaika urtez hauexek izan ziren sari horri esker itzulitako liburuak:
2002 Imre Kertesz: Zoririk ez 
             Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea
2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna
             Itzultzailea: Oskar Arana
2004 Elfriede Jelinek 
             Itzulpen saria hutsik utzi zen
2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk 
             Itzultzailea: Iñigo Errasti
2006 Orhan Pamuk: Elurra 
             Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey
2007 Doris Lessing: Belarra kantari 
             Itzultzailea: Koro Navarro
2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua 
             Itzultzailea: Luis Berrizbeitia
2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka 
             Itzultzailea: Ibon Uribarri
2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak 
             Itzultzailea: Santi Leoné
2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat 
             Itzultzailea: Juan Mari Aguirreurreta
2012 Mo Yan: Hori da umorea, maisu!
Itzultzaileak: Maialen Marin / Aiora Jaka
2013-2014 Zaitegi Saria ezin izan zen antolatu
2015 Svetlana Aleksievitx: Gerrak ez du emakume aurpegirik
Itzultzailea: Iker Santxo Insausti
Gartxot Unsain Letona (Donostia, 1987). Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen eta hainbat lanetan aritu da, bere pasioa den bidaiazaletasuna asetzeko. Horrez gain, musikari gisa ibili da hainbat proiektutan: John Berkhout, 2 Zaldi… Azken talde horretan ekin zion kanta anglosaxoien bertsioak egiteari, euskaraz, eta horrekin lotzen du Dylan euskaratzeko asmoa ere. Izan ere, epaimahaiak bereziki baloratu du, jatorrizkoaren esanahia egoki jasotzeaz gainera, musikaltasuna ere oso zainduta dagoela itzulpen saritu honetan.

                                        
                                        
