Gartxot Unsainek euskaratuko du Bob Dylan, Zaitegi Sariari esker

Gartxot UnsainGartxot Unsain Letona donostiarrak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa; halaxe erabaki du Maialen Berasategik, Iñigo Roquek eta Jon Basagurenek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko lanen artean. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Bob Dylan kantagile iparramerikarraren 100 kanta euskaratu beharko ditu itzultzaileak, eta 2017 urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.

2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka hau, eta hamaika urtez hauexek izan ziren sari horri esker itzulitako liburuak:

2002 Imre Kertesz: Zoririk ez
            Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea

2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna
           
Itzultzailea: Oskar Arana

2004 Elfriede Jelinek
            Itzulpen saria hutsik utzi zen

2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk
            Itzultzailea: Iñigo Errasti

2006 Orhan Pamuk: Elurra
            Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey

2007 Doris Lessing: Belarra kantari
            Itzultzailea: Koro Navarro

2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua
            Itzultzailea: Luis Berrizbeitia

2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka
            Itzultzailea: Ibon Uribarri

2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak
            Itzultzailea: Santi Leoné

2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat
            Itzultzailea: Juan Mari Aguirreurreta

2012 Mo Yan: Hori da umorea, maisu!

            Itzultzaileak: Maialen Marin / Aiora Jaka

2013-2014 Zaitegi Saria ezin izan zen antolatu

2015 Svetlana Aleksievitx: Gerrak ez du emakume aurpegirik

            Itzultzailea: Iker Santxo Insausti

Gartxot Unsain Letona (Donostia, 1987). Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen eta hainbat lanetan aritu da, bere pasioa den bidaiazaletasuna asetzeko. Horrez gain, musikari gisa ibili da hainbat proiektutan: John Berkhout, 2 Zaldi… Azken talde horretan ekin zion kanta anglosaxoien bertsioak egiteari, euskaraz, eta horrekin lotzen du Dylan euskaratzeko asmoa ere. Izan ere, epaimahaiak bereziki baloratu du, jatorrizkoaren esanahia egoki jasotzeaz gainera, musikaltasuna ere oso zainduta dagoela itzulpen saritu honetan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina