Buruaz gabetu

Antxiñe Mendizabalek abiapuntu hartu du emazte onak etxea argitzen duela dioen euskal esaera zaharra. Hortik aurrera bere hitzak eta Iraia Okinaren irudiak txirikordatu egiten dira Emakume burugabea poema ilustratuan.

Poemak dakarren kontakizuna metafora bat izan daiteke. Litekeena da, ordea, egunerokotik oso gertu dauden bizipenen lekukotza izatea. Emakumea bere senaren bila doa eta peskiza horretan galdu egiten du irabazteko. 

Hasierako ilustrazioetan kortse bat, ezpainak, azazkalak, zorroa, zango-erdiko bota takoidunak. Den-denak gorriak. Eta denak, aldi-berean, kerik botatzen ez duten tximiniarik gabeko etxeen bidelagun. Gorriak eta kerik gabekoak. Gorriak dira emakumezkook aurrez ikasitako imintzioak. Kerik ez dute botatzen argirik ez duten etxeek; edo argia dutela diruditen etxe iruzurtiek.

Norbera, baina, da iruzurtia. Ez dago poeman biktimarik, ez eta borrerorik. Kontua ez da hori. Berriro jaio bidean, bere buruaz gabetzen den emakumezkoarengan pausatu du Mendizabalek bere begirada. Eta, jakina, berriro jaiotzeko erditu behar da eta erditzeak, jaiotzeko bada ere, min ematen du.

Osagarri gorriak aiztoaz erauzten ditu bortitz. Zangoak ere ebaki, sustrai bihurtzeko eta sustraiak lurrean errotzeko. Ordurako gorria titiburu biluzietan, ezpainetan eta masailetan baino ez da geratzen; horiek baitira gorriak gorputzean berezkoak dituenak. Eta andreak aurretik berekin datozen emakumezko guztiekin bat egiten du edo aurreko guztiek beregan egiten dute bat barrenak askatzeko.

Askatuko ditu bai, gorputzez askatu ere buruaz gabetzen den bitartean. Burua moztuko du eta eromenean, bururik gabe, inoiz baino buruargiagoa izango da. Burugabetu egin da bere gorputzari hitz egiten uzteko eta soin libreak dantzan jarriko ditu aldakak, adatsak, besoak, hankartea, titiburuak… Denak behinolako dantzan.

Aldaketa ez da samurra, ez da erraza; ostera, gordina eta mingarria da. Mingarria da gorputz zatiak erauztea eta mingarria da, beldurgarria ere bai, basoan, noraezean, biluzik korrika ibiltzea. Basoa, gainera, oso-oso ilun irudiztatu du Okinak. Ez da kasik argi izpirik sartzen, hain daude arbolen enborrak elkarrengandik hurbil. Bidea nekeza da eta emakumeak ilargi azpian kordea galduko du, akituta dago erabat. Akaso, ez du jakingo hilik ala bizirik den. Alabaina, itzartuko da, bizirik irtengo da basoa den desertu horretatik eta eguna argituko da. Emakumezkoa ere argituko da.

Eskuetan izateko liburu hau objektu ederra da, azal leunekoa. Ireki, hasi eta buka nahi beste zeren ez baitu irakurketa bakarra. Metafora gisa ulertu daiteke metafora izan daitekeelako. Aitzitik, inoiz buruaz gabetu den emakumezkoari poemak, hasieratik, oihartzun egingo dio barrenean eta ez dut uste metafora bat irudituko zaionik, errealitatetik nahiko hurbil dagoen poema baizik. Buruaz bestela gabetu diren emakumezkoei, bakoitzari, oihartzun ezberdina egingo dio irakurketak eta bidean daudenentzat edo buruaz gabetzeko aukera dagoela ez dakitenentzat baliteke inspirazio iturri izatea. Gizonezkoentzat, nahi izanez gero, zabalik daude emakume burugabearen orriak.

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario