Eresbilentzat Ibilbideari elkar saria

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboarentzat izango da elkar Fundazioak emango duen Ibilbideari elkar saria 1974tik euskal musika bildu, landu, gorde eta euskal gizartearen esku jartzen egindako lanagatik.

Ostegunean, Martin Ugalde kultur parkean elkar sariak emateko ekitaldia izango da, eta bertan, Ibilbideari eta Proiektuari elkar sariak emango dira. Duela egun batzuk jakinarazi zen bezala, Jakinen “XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa” egitasmoak jasoko du Proiektuari elkar saria.

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak lan handia egin du urte luzez euskal musika bilatu eta jasotzen, gure ondare gisa gal ez dadin, eta garrantzi handiagoa duena, hurrengo belaunaldietara ere irits dadin. Musika Ondarea ikertu, bildu, kontserbatu eta jakitera ematea du helburu, bereziki euskal konpositoreen lanak.

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak musika ekoizpenak kontserbatzen ditu, euskarri guztietan – testuak, ikus-entzunezkoak edo ikonografikoak-. 2000 urteaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko partituren eta soinuzko grabazioen Lege Gordailuko kopia bat gordetzen du.

Hasieratik gordetzen ditu pertsona zein instituzioen fondoak, 170etik gora gaur egun, horietan aipagarrienak euskal konpositoreen fondoak izanik.

Horrez gain, zenbait datuk ematen digu Eresbilen lana eta ekarpenaren tamaina:

  • Partitura eskuidatziak. (17.000)
  • Inprimatutako partiturak. (54.000)
  • Monografiak (17.000)
  • Aldizkariak (1.270 tit.)
  • Soinuzko grabazioak (101.000)
  • Ikus-entzunezko dokumentuak (1.900)
  • Programen bildumak (1.172)
  • Kartelen bildumak (1.254)
  • Argazkiak (10.700)
  • Dokumentazioa (15.500)

Urteetan egindako lan hori da elkar Fundazioak, saritu, errekonozitu eta eskertu nahi duena. Balio handia du euskal kultura bildu eta transmititzeko egiten den lan orok, eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak euskal musikarekin egiten duenak ere halaxe du. 1974tik gaur arte etengabeko lanean aritzea, euskal musika gorde eta lantzea eta hori guztia euskal gizartearen esku jartzea garrantzi handikoa izan da eta halaxe da gaur egun ere.

Lan hori dena egiteko, musikaren inguruko eragileekin elkarlanean ari da Eresbil, euskal musikan aktore diren musikari eta diskoetxeekin batera. Urteetako lan harremana du, adibidez, elkar-ekin, urteak dira diskoetxeak argitaratutako diskoen kopiak haren esku uzten dituela; eta horrela jarraituko du aurrerantzean ere, ekoizten duena Eresbilen esku utziz, kultur transmisioan ezinbesteko bidelaguna baita. Euskal kulturak, eta elkar-ek bereziki, eskertu behar dio Eresbili hainbat eta hainbat artxibo galdu berreskuratzea.

Egindako lan guztiagatik eta bide berari eutsiz urte askotan lanean jarrai dezan erabaki du elkar Fundazioak 2017ko Ibilbideari elkar saria ematea Eresbil Musikaren Euskal Artxiboari.

 

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario