Imanol Urbieta, kantu bihurtu den irria

Imanol UrbietaItsasoa entzuten da nire logelatik, eta azkenaldian abestiak ere etortzen zaizkit, akorde samurrak balira bezala, gauetan olatuek ekartzen duten melodian kulunka. Izan ere, irailaren amaieran geratu zen Imanol Urbietaren bihotza, baina handik egun batzuetara lagunek eta senideek itsasoan zabaldu zituzten musikariaren errautsak, eta harrezkero bakarrik eta libre dabiltzan olatuetan sentitzen ditut Manoloren kantak.

Musikak haurren heziketan duen garrantziaz ohartu zenetik, irakaskuntza eta musika uztartu eta etenik gabe aritu zen haurrei musika irakasten eta haurrentzako abestiak sortzen. Haur kantarien mugimendua sortu zuen, eta 1967an argitaratu zuen haurrentzat euskaraz egindako lehen diskoa: Haur Kantariak. Ordudanik, sugarrak begietaraino zabaltzen zizkion pasioarekin, etenik gabe aritu zen lanean batean eta bestean, euskal kulturgintzarekin lotutako hainbat talde eta ekimenetan. Sormena eta irakaskuntza uztartu zituen, eta musika zabaltzen eman zuen bizitza, Xirula Mirula musika eskola sortuta.

Zorionez, batzuetan, egindakoaren aitortza heltzen da dagokion lekura. Imanol Urbietak behintzat hainbat sari eta omenaldi jaso zituen. Nabarmenenak, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007an emandako Abbadia saria, Durangoko Azokak 2010ean emandako Argizaiola saria, edota Zarauzko Udalak emandako kultur merezimenduaren domina eta Urbietaren omenez plazaratutako Bakarrik eta libre. Imanol Urbietaren kantak (Elkar, 2013) omenaldi diskoa, bere abestien bertsioekin.

Imanol Urbietak egindako lana bildu eta ezagutarazi nahian, Nire ibilbide pedagogikoa (Elkar, 2009) eta Txanpirrin Pintxona (Elkar, 2009) liburu eta diskoak ere argitaratu zituzten bere ingurukoek, bi urte lehenago jaso zuen Abbadia Sariaren baitan. Nire ibilbide pedagogikoa liburuak, Urbietak 80ko hamarkadan idatzi eta adierazitakoak biltzen ditu, hautatutako 20 abesti dituen diskoarekin batera. Txanpirrin Pintxona bildumak, berriz, 0-3 urteko haurrentzat sortutako 40 abesti biltzen ditu diskoan, eta abesti horien partiturekin, hitzekin eta eduki didaktikoarekin osatutako liburua du lagun.

Emazteari, senideei eta hurbilenekoei ezerk ez die beteko Manolok utzi duen hutsunea. Baina askok bizirik sentituko dugu luzaro, kantari entzuten dugun haur bakoitzaren irribarrean. Edo errautsak abesti bihurtu eta gauak malekoiraino ekartzen dituen olatuen artean.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario