Ione Gorostarzu: “Denbora behar izan dut ohartzeko hau ez dela hautu pertsonala”

 

Zazpi urte dira zure lehenengo poema-liburua kaleratu zenuela, Des egiten. Bigarren honetara iritsi bitartean, idazten aritu zara? Beste zeregin batzuetan…?

Egia esan, idazteak ez du tarte handirik izan nire bizitzan azken urte hauetan, nahiz eta idazteari inoiz ez diodan utzi. Poema solteak idazten aritu naiz, baina buruan proiektu bat edo liburu bat buruan izan gabe; gehiago nire unean uneko beharren arabera, niretzako, oso era soltean eta tarte motzean.

Bestela, ba lanean aritu naiz, irakaskuntzan, eta, horrez gain, urte hauetan bi seme izan ditut eta zaintza lanetan aritu naiz. Niretzako oso denbora gutxi izan dut, eta barne borroka handia izan dut horrekin. Haur txiki batek 24 orduan behar du berekin norbait, eta aldaketa handia da hori: zuretzako hartzen duzun denbora haurrari kendutako denbora bihurtzen zaizu. Orduan, errazago kentzen diozu edo hartzen duzu denbora hori etxetik kanpoko lanerako, edo etxea garbitzeko, hau da, nahitaez bete behar diren eginkizunetarako, idazteko baino.

Aldaketa eta hausnarketa askoko urteak izan dira, lehentasunak birdefinitu behar izan ditut, eta liburu hau bada, nolabait esateko, itzulera bat ere: erabaki dut idatzi nahi dudala, tartea eman nahi diodala nire bizitzan idazteari.

Ez da erditzea, horra aurkezten diguzun lanaren izenburua, eta gaian buru-belarri sartzen gaituena: amatasunaren esperientziaz liburu bat egiteko asmoa hartu zenuen, ala banaka sortu diren poemak gai horren inguruan ardazten zirela konturatu zinen?

Ez da asmo batetik sortutako liburua. Urte hauetan zehar poemak idatzi ditut, eta, noski, horietan nire unean uneko egoerak, kezkak, esperientziak, ezinegonak islatu dira. Egia esan, oso erraz idatzitako poemak izan dira, behar batetik abiatuak, inongo presiorik gabe, niretzako.

Udan poema horiek txukuntzeari ekin nion, eta ohartu nintzen hor egon zitekeela ardatz bat, liburu baterako. Behin liburuaren bizkarrezurra izanda bai, gero idatzi ditut gaiari zegozkion poema batzuk, osatzeko. Ez dut amatasunaz soilik idatzi, edo ez dut uste, behintzat: baina amatasunaren ardatzak ongi biltzen du liburuaren esentzia. Liburua alabak amari eta amak semeei eskainia da, eta Mari Luz Estebanen poema batekin hasten da, nolabait ere maitasuna ez dela nahikoa adierazten duena. Uste dut liburuaren abiapuntua ondo definitzen dutela eskaintzak eta hasierako poema horrek.

Maitasun askorekin idatzitako liburua da, baina kontraesan, korapilo eta gatazka asko biltzen dituena. “Ez da erditzea” esaldia, berriz, azken poemaren hasiera da, egindako ibilbidea laburtuko lukeena, eta uste dut amaierako tonua nolabaiteko baketze bat dela.

 

Ze eboluzio izan da zure idazketan, liburu batetik bestera?

Agian irakurleak ikusiko du eboluzio hori, nik oraindik ez dut nahikoa distantzia neure burua irakurtzeko. Baina esango nuke lehen liburuan gehiago ibili nintzela pentsamenduaren bidetik, nolabait esateko abstraktuago, eta oraingoan gertaera zehatzetatik abiatu naizela, konkretuago. Horrez gain, forma eta erritmoa ezberdinak dira lehen liburutik hona. Hala ere, uste dut Des egiten liburutik ere baduela zerbait, umorea, kasu.

 

Zure semeen ama zarela jabetzeak, zure amaren alaba zarela ere gogorarazi dizu, itxura denez…

Bai: ama izateak eraman nau nire amaren irudiaz edo paperaz hausnartzera, baita nire alabatasun edo alabakeriez ere. Garai eta mundu ikuskera ezberdinen arteko talkatik eta zilborrestea apurtzeko beharretik, ahizpatasunaren bidetik amarekiko ulermenerako ibilbidea egin dut, eta hori islatzen saiatu naiz liburuan.

Nire belaunaldian, baserri giroan, gugatik dena eman duten amak ditugu. Bizitza guztian zaintza lanetan eta bestelakoetan aritu direnak, guztiz besteei emandakoak; are, bestearekiko eta lanarekiko definitzen dutenak beren burua. Horrek niri ekarri dit erru sentimendu bat ere, norbaitek hainbeste sakrifikatu beharra niregatik. Gero nik, edo guk, aukeratzen dugu edo saiatzen gara aurrera eramaten amatasun bat gure espazio pertsonala gehiago babestuz. Nire hasierako okerra izan zen aukera, borroka edo kasu partikular bezala ulertzea nik amatasunarekin eta alabatasunarekin neukan gatazka. Denbora behar izan dut ohartzeko edo onartzeko hau ez dela hautu pertsonala. Nik ustezko askatasun baterako nire haurren zaintza amonari uzten diodanean, zenbateraino elikatzen dut ni neu itotzen nauen sistema hau?

Ikuspegi feminista batetik, korapilo asko ditugu askatzeko. Egun badaude amarik gabeko haurrak, bi amadunak, bi aitadunak, guraso bakarrekoak. Baina, hala ere, oraindik oso sartuta daukagu hizki larriko Amaren irudia: ama batek dena ematen du haurrengatik, ama ama da, ama bakarra da… eta bi errurekin borrokatu behar izan dut, nik behintzat, aldi berean: alaba izatearen errua eta nahikoa ama ez izatearen errua. Ama hitza, maitasuna bezala, erlatibizatu beharra daukagu, arautu, norbere neurrira, hizki xeheetara ekarri.

 

Gaiak askorako ematen du, eta luze-zabalean lantzen duzu: haurdun geratu aurreko bikote-bizitza, erditzea bera, haur txikiarekiko sentsazioak, familia-bizitza, belaunaldi desberdinak… Bizi izandako unean bertan sortuak dira poemak, ala gerora, zure sentipenak oroituz?

Bietatik izan da. Batzuk unean bertan idatziak, batez ere haurdunaldikoak eta ama izatearen lehen unekoak, baina beste asko gerora. Are, asko azken hilabeteetan idatziak dira, bilduma osatze aldera. Uste dut aditzaren denboran ere nabari dela distantzia hori.

Bi semeen erditzea, esaterako, azken unean sartu nuen liburuan. Ikusi nuen nahi niola seme bakoitzari kontatu bere jaiotza, ezohiko alderdi batetik bada ere. Eta nabari da distantzia hori, ez dudalako erditze fisikoa kasik aipatzen, ez dut behar hori sentitu, edo agian denbora pasa delako lausotu zaizkit sentipen fisikoak. Unean bertan idatzitako poemetan gorputza askoz ere presenteago dago.

 

Kontaturiko bizikizunak oso indartsuak dira, baina poema bihurtzeko beharrezkoa da nolabaiteko urruntze eta intelektualizatze bat. Zure kasuan, nola uztartzen dira bi prozesu horiek edo zein nagusitzen da?

Poema asko bizikizunetan oinarrituak daude, nahiz eta beti ez izan lehen pertsonan bizitakoak: hau da, badira protagonista zuzenean ni ez naizen poemak baina niri eragin didatenak, norbaitek kontatutako zerbait, kasu, nire ertz edo erpinetik ikusita.

Niri ez zait ezer benetan ezohikorik gertatu, gertaera latz edo gutxiri gertatzen zaionik. Uste dut bizipen, sentimendu eta kezka nahiko arruntei ateratako “argazkiak” edo interpretazioak direla poema hauek, begiratzeko moduak. Eta, beraz, esango nuke aipatzen duzun urruntze edo bigarren alderdi hori indartu nahi izan dudala, gertaera horien irakurketa hori, halako distantzia batetik egina.

 

Sentitzen duzu zerbait geratu zaizula kontatzeko gai honen inguruan?

Oraintxe bertan esan dezaket gustura geratu naizela egindako lanarekin, bizitzako une bateko kezkak, ezinegonak eta gaiak landu ditudala. Orain, bai uste dut zenbait bide ere irekitzen zaizkidala aurrerago lantzeko.

 

Eta zeure burua zentsuratu duzu, zerbaiti buruz idaztea desegokia izan zitekeela eta?

Gezurrik ez dut esango. Urte hauetan batez ere niretzako idatzi dut, korapiloak askatzeko, filtrorik gabe. Era terapeutikoan, esan daiteke. Behin bilduma egin ostean, poema batzuk kendu egin nituen, horiek nire buruarentzako une batean baliagarriak izan zirelako baina ez zelako hori jendearekin partekatu nahi nuena.

Horrez gain, izan dut buruhaustea identifikazioarekin eta, batez ere, hirugarren pertsonaren batez ari banintzen. Poesian fikzioa egitea, niretzat, ez da erraza, nahiz fikzionatzen dudan. Eta irakurleak, batez ere gertukoa bada, idatzi duzun horretan zu izen-abizenekin ez irakurtzea ere ez da erraza. Eta beno, nire zerbait kontatzea nik neuk erabaki dezaket, baina hirugarren batez ari bazara kontuz ibili behar duzu. Horregatik, poema batzuetan, kontatu nahi nuena kontatu ostean, detaileak eta datuak aldatu egin ditut. Niri mezua interesatzen zait, kontatu behar dudanak funtzionatzea, hor agertzen den pertsona ilehoria izan edo beltzarana, gertaera halako tabernan gertatu edo halako dendan.

 

Poemen itxura bisuala zaindu izan duzu beti, lerro batzuk mugituz eta abar, baina kasu honetan prosazko poemak ere sartu dituzu. Poema narratiboak direlako besterik gabe, ala ipuingintzarako erdibide bat dira?

Lehen liburuan garrantzi handia eman nion erritmoari, musikaltasunari eta espazioari. Orain libreago aritu naiz, poemek horrela eskatuta: poema narratiboak sartu ditut asko, batez ere azken urteetan idatziak, eroso sentitu naiz forma horretan. Ipuingintza asko gustatzen zaidan genero bat da, baina, oraingoz bahintzat, ez dut nire adirazteko molde edo bide bezala ikusten.

 

Zein hartzaile eduki duzu buruan poemak idaztean? Edo ze harrera espero duzu orain?

Lehen liburuarekin ere berdin gertatu zitzaidan: oraindik ez naiz hain idazle sentitzen idazteko garaian irakurleaz pentsatzeko. Egia da behin Des egiten argitaratu ostean asko kostatzen zitzaidala aske idaztea, idazten nuen gauza bakoitzaren gainean irakurlea ikusten nuen. Horrek blokeoren bat edo beste ere ekarri zidan. Baina denborarekin nahikoa urrun ibili naiz literatura edo idazle mundutik, eta horrek berriro inozentzia hori ekarri dit, irakurlerik ez balitz bezala idaztekoa. Ez diot hori ona denik, baina. Gero, bilduma eta zuzenketa lanetan, agertu egin zait irakurlearen begirada, bere zorroztasun guztiarekin.

Harrerari buruz, ba irakurleak esango du. Nire inguruko batzuen feedback-a jaso dut, oso gertukoena, eta positiboa izan da. Baina liburua desberdin irakurriko dute, ziur aski, Ione Gorostarzuren gertu-gertukoek eta gainerakoek. Nik bigarren hau dut gehiago buruan, poesia irakurriko duena, biografiak alboratuta, baina gertukoekin ere gustura konpartituko dudan zerbait da: zer esanik ez, etxekoekin.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario