Oihane Enbeita eta Eneritz Zeberioren “Lua Kastore” proiektua, Joseba Jaka bekaren irabazle

Andoni Gartzia, Oihane Enbeita eta Eneritz Zeberio

2018ko Joseba Jaka Sorkuntza Bekak antzerki-sorkuntza sustatzea du helburu. Deialdira, bederatzi sormen-lan aurkeztu dira, askotariko proposamen eszenikoak aurkeztu ere. Bizpahiru egitasmo sendo eta iradokitzaile aurkeztu dira, berritzaileak gaitegian edota dramaturgian, anbizio handikoak, eta ekarpen estetikoak zein sozialak proposatzen dituztenak. Poztekoa izan da hori, eta era berean, erabakia ere zaildu du, egitasmo interesgarri askoak proposatu direlako, eszenaraturik ikusi nahiko genituzkeenak.

Horien artean, epaimahaikideek aho batez proiektu honen alde egin dute: Lua Kastore, Oihane Enbeitak eta Eneritz Zeberiok ondurikoa. Lua Kastore protagonistaren barne-bidaia izango du ardatz ikuskizunak, eta hainbat geruzatan irudikatuko dute gorputz-gatazka hori: nortasunen arteko tentsioak, kanpo-ahotsen eta barne-ahotsen arteko tentsioak, kontzientzia anatomikoa… Sinbolo-geruza ugaritan arakatu nahi du ikuskizunak. Geruzatze hori garatzeko estetika zein eszenografia indartsua proposatu dute, hainbat adierazpenen bitartez eraikiko dutena: gorputz-adierazpena, hitzaren adierazpena, soinuaren adierazpena, irudiaren adierazpena… Adierazpen horietan guztietan, poetikotasunari garrantzi handia eman zaio proiektuan, baita keinu txiki orok sorturiko zentzuari. Testuinguru horretan, oso berritzailea iruditu zaigu egitasmoa: gaitegian ere berritzailea da (kontzientzia anatomikoa duelako ardatz), baina, batez ere dramaturgia-proposamena da berritzailea, nortasun handiko atmosfera bat sortzea helburu duena, eta komunikatzeko zein eszenaratzeko bide berrietan arakatzea helburu duena.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario