Patxi Iturregi: “Ipuinaren izaeraren beraren kontrakoa da epikotasuna”

Patxi Iturregi (Laudio, 1952) gure ipuingintzako maisuetako bat da, orain hogeitaka urte Haize kontra itsas giroko ipuin liburua argitaratu zuenez geroztik. Beste zenbait ipuin bilduma eta hamarkada luze bateko isilaldiaren ondotik, itsasoko istorioetara itzuli da, orain dela 100 urteko Bilbo eta orduko giroa erretratatzen dituen liburu eder batekin: Ur biren artean.

Hamar urte baino gehiago igaro dira azken liburu argitaratu zenuenetik. Idazten egon zara bitartean? Eta zerk bultzatu zaitu itzultzera?

Oraindik mingarria da niretzat galdera horri erantzun beharra. Duela hamar bat urte depresio handi bat jasan nuen, ezin bainituen uztartu nire lanbidea eta zaletasuna. Hortaz, une batean idazteari utzi nion eta, ez hori bakarrik, liburu-denda batean sartzen banintzen ere, sekulako tristura sortzen zitzaidan, eta askotan erdi negarrez atera behar izaten nuen kanpora. Gero, astiro-astiro baretuz joan zen ukazio-sentimendu hori eta berriro hasi nintzen irakurtzen, liburuez gozatzen, eta, zorionez, barneko zauri hori berez bezala sendatu da. Orain, erretiroa hartu ondoren denbora libre gehiago dudanez gero, berriro ekin diot idazteari. Bitxia bada ere, dena izan da denbora kontu bat, besterik ez. Makalaldi luze hartan, zer edo zer idatzi nuen, zertan ukatu: laneko txostenak, eskualdeko komunikabideetarako artikuluak, zutaberen bat…, baina ez benetako literaturarik. 

Gai, giro, garai zehatz bat dute bilduma honetako ipuin guztiek. Zeure hitzetan kontatuko zenuke?

“Ur biren artean” liburua hamabi ipuinez osatuta dago, molde eta gai desberdinetakoak, baina aniztasun horren barruan badago batasun moduko bat. Liburuan badira hiru elementu edo ardatz nagusi, lotura ematen diotenak: giroa, kontakizun guztiak baitira itsas girokoak; garaia, munduko lehen gerrarekin batera gertatzen dira istorioak; eta, gertalekua: hamabi kontakizun badira, haietako bederatzik Bilboko itsasadarra dute eszenatoki; eta gainerakoak, hau da beste hirurak, itsas zabalean gertatzen dira, baina pertsonaiek aldez edo moldez loturaren bat dute Bilbo hiriarekin edo inguruarekin. Horrez gain, hain argi ez badago ere, badago, nire ustez, laugarren elementu bateratzaile bat: egilearen begirada. Horrenbestez, laburbilduta, nik esango nuke esku artean daukagun artefaktua ipuin liburua dela eta ez ipuin-bilduma soila. Kontakizunok elkar osatzen dute, elkar elikatzen dute, elkarren harmonian egiten dute durundi, eta, liburuaren arrimutik kanpo, herren geldituko lirateke, leku-denborazko erreferentziarik gabe.

 

Zein da sasoi horri topatzen diozun erakargarritasun handiena, liburu oso baten ardatz egiteko?

Lehen Mundu Gerraren garaia, oso sasoi zirraragarria izan zen, bai Euskal Herrian bai mundu mailan ere, eta ez liburu bakar bat, milaka liburu idazteko aitzakia emango luke. Bilboko flotak 60 bat bapore galdu zituen, itsaspeko alemanek hondoratuta. 125.000 tona baino gehiago, eta 70 bat itsasgizon hil omen ziren. Hori zehazki jakiterik ez badago ere, marinel asko eta asko atzerriko banderapean aritzen baitziren. Hildakoen artean Juan Bautista Bilbao “Batxi” izan zen, Bayo ontziko maiordomoa, Euzkadi egunkariko berriemaile ezaguna eta Kirikiñoren laguna. Bestalde, Bilboko biztanleria oso polarizatua zegoen germanofiolo eta aliadofiloen artean eta, oso hiri estrategikoa zenez, espioitza sare zabala zuten hedatua alde biek. Garai hartan alemanek kolonia handia zuten hirian, eta gizarteko goi mailako postuak betetzen zituzten: merkatari handiak, ingeniariak, enpresa buruak, lanbide liberalak eta abar; horrez gain, Axpeko dartsenan baziren 7 ontzi aleman bahituta gerraren hasieratik, eta ontzi horietako tripulatzaileak ere hor zehar ibiltzen ziren, beste zereginik gabe. Zerbitzu sekretuetako buruetako bat Austria-Hungariako kontsula izan zen Wilhelm Wakonigg; gero, 1936ko gerran, espiatzat joa eta fusilatua izan zena.

 

Itsas girokoak ziren zure lehen liburuko ipuinak ere, irakurleek asko estimatu zuten “Haize kontra”koak. Zer alde dago ordutik hona, zure idazkeran, istorioetan, literaturaren aurreko jarreran…?

Ni ere oso pozik geratu nintzen nire lehenengo liburuarekin, nire lehen liburua izateaz aparte, erronka handi bat zelako: itsas giroko kontakizunak euskarara ekartzea. Orduko hartan, beharbada, oso arduratuta nengoen estiloarekin eta eredu klasikoek (Conrad, Stevenson, Melville eta abarrek) ezarritako mailara hurbildu nahiarekin. Oraingo honetan, berriz, lasaiago aritu naiz, badakit posible dela itsasoan girotutako kontakizunak idaztea; hortaz, deskribapena zertxobait arindu dut, ekintza narratiboaren eta elkarrizketaren mesedetan. Baina, zalantzarik gabe, itsas giroko bigarren liburu hau lehenengoaren zordun da. Bestalde, literaturaren aurreko nire jarrera ez da batere aldatu, bere horretan dirau. Ni idazle amateurra naiz, eta profesionala ez izateak libertate handiago ematen dit nahi dudana eta nahi dudan eran idazteko.

Bestalde, narrazioa da zure liburuetako generoa; zein dira ikusten dizkiozun abantaila edo edertasun berezienak?

Hemen, zoritxarrez, betiko topikoetara jo beharko dut. “Zergatik kontatu bostehun orrialdetan hamarretan adierazi ahal duzuna?” esan ohi da, generoaren laburtasuna azpimarratzeko, eta, neurri batean, ados nago, nobela asko baitira –liburu klasiko ospetsu asko barne– alferrikako orrialde gehiegi dauzkatenak. Alde horretatik, ipuina nobela baino exijentegoa da. Zuk nobela baten kapitulu oso bat saltatu ahal duzu, istorioaren zentzua batere galdu gabe, baina ipuin baten lerro bat oharkabean galduz gero, erabat alda daiteke kontakizuna eta ez duzu amaiera ondo ulertuko, ipuin batean elementu txikienak ere argumentuaren parte garrantzitsu baitira. Eta horrela, dozenaka argudio eman ahal dira generorik zaharrenaren alde: tentsio berezia eskaintzen duela hasi eta buka, irakurraldi batean gozatu ahal dela… Baina nire ipuin-zaletasuna gaztarotik dator, “Hegoamerikako boom”-aren eskutik. Badakizu, Cortazar, Garcia Marquez, Borges, Onetti… Orduko ipuingile peto-petoei zor diet ipuinaren aldeko grina hau.

Eta zer dituzu nahiago: gai edo teknika aldetik lotura estu bat duten bildumak, ala ipuin soltez osatutakoak?

Aukeran, ipuin soltez osatutakoak, zalantzarik gabe. Bestela, testuen egitura oso kateatua geratzen da eta nobela-itxura handia hartzen du. Nik testuinguruaren bitartez ezarri ohi dut lotura: giroan, garaian, gertalekuan… Horrela ipuinek ez dute galtzen berezko autonomiarik. Ez ditut gogoko, ordea, generoan hain ohikoak diren lotura teknika horiek: alegia, batasun argumentalak, gurutzatzen diren istorioak edo kontakizun batetik bestera jauzika dabiltzan pertsonaiak. Ez naiz tentazio horretan erortzen, joko horiek maite ez ditudalako, oso artifiziotsuak iruditzen zaizkidalako, sinpletasunaren eta sinesgarritasunaren kontrakoak. Hala ere, lotura-beharra era naturalean sortuko balitz –demagun kontakizun bat amaitu duzula eta bertako pertsonaiaren bati beste aukera bat eman nahi diozula beste ipuin batean–, orduan zilegi iritziko nioke baliabideari.

Liburu historizista bat ez den arren, dokumentazio lanik ere egin beharko zenuen, ezta?

Dokumentazio-lan handia egin behar izan dut liburua idatzi aurretik, nahiz eta informazio horretatik guztitik kopuru txiki bat baino ez agertu istorioetan, baina idazleak, ume txikiak bezala, segurtasuna behar du bere lehenengo pausoak ematean, eta horretarako, garaiaren inguruko ahalik eta informazio gehiena biltzea ondo dator beti. Ez nuen inkongruentzia historikorik edo hanka sartze nabarmenik egin nahi. Esaterako, kasualitatez, Arriaga antzokiak sute bat izan zuen gerraren hasieran eta itxita egon zen 4 urte luzetan; hortaz, ezin duzu esan pertsonaiak opera bat entzuten egon zirela Arriagan; Coliseo Albiara edo Trueba antzokira bidali behar dituzu. Eta horrela hainbat kontu: kaleen izenak, tren geltokiak, billeteen prezioak, gaueko giroa eta abar.

Orain dela 100 urte gerra zen arren, zurean ez da nagusitzen giro epikoa, eta bai aldiz hiriko, portuko eta itsasontzietako jende xumearen bitzitza…

Nire ustez, giro epiko-heroiko hori, aise topatzen da nobela historikoan, esaterako Walter Scott-en lanetan, edo abenturazko nobelan (Kipling-en Kapitain ausartak-en, Melvilleren Moby Dick-en edo Conraden Lor Jim-en); ipuingintza modernoan, ordea, oso zaila da epikotasun arrastorik topatzea, ipuinaren izaeraren beraren kontrakoa baita. Ipuinaren protagonista nagusia beti da kontatzen den gertaera. Pertsonaiek ez dute garrantzi handirik izan behar, bestela kontakizun nagusia estaltzeko eta itzaltzeko arrisku handia dago. Horrexegatik aukeratzen dira gehienetan pertsona xumeak, galtzaileak eta antiheroiak. Dena dela, beti izaten da salbuespenen bat, eta orain, bat-batean, Jack London-en “Ezinbesteko gizon zuria” ipuina bururatu zait. Hego Itsasoetako kontakizun bat, nahiko epikoa eta supremazista. Euskaratuta dago.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario