Txertoa, argitaletxe historikoa, berrituta

elkar Fundazioa osatzen duen taldean, muinean, hiru jarduera daude, edizioa, banaketa eta liburu-dendak. Hasieratik jo zen hiru jarduerak hartuko zituen enpresa proiektua garatzera, eta hala egin da. 

Argitaletxearen eremuan euskarazko ekoizpena gizarteratzea zen helburu nagusia, eta horrekin batera baita euskal gaiak erdaraz argitaratzea ere, ohikoan erdaraz funtzionatzen duen jendea euskal kulturara hurbildu eta erakartzeko asmoz, erdaraz ere euskal gaiak balioan jartzea. Dudarik gabe, ez zegoen euskarazko eskaintza sortzea eta kaleratzea izan zen lehen helburu nagusia, baina hasieratik bertatik argitaratu izan ziren liburuak erdaraz ere.

Gerora, Fundaziora etorriko ziren Ttarttalo, Txertoa eta Sua argitaletxeak; jarraitzeko zailtasuna edo zailtasunak zituzten argitaletxeak bere baitan hartu zituen Fundazioak, itxi ez zitezen, eta Euskal Herriko kultur erreferenteak ez galtzearren. Haien bidez, erdarazko ekoizpenak pisu handiagoa hartuz joan da, gero eta eskaintza zabalagoa egiteko aukera landu baitu Fundazioak argitaletxe horien bidez.

Argitaletxe horietako bat Txertoa da, zeina 2009an hartu zuen elkar Fundazioak. Ordurako ibilbide luzea zuen argitaletxea zen, 1968tik ari baitzen liburuak argitaratzen. Euskal gaiak landu izan ditu bere ibilbidean, eta elkar Fundazioan txertatu ondoren ere bide beretik jarraitu izan du, euskal gaiak (historia, etnografia, sukaldea …)
argitaratzen, nagusiki gaztelaniaz eta frantsesez bizi direnei euskal munduaren berri eman eta haiekiko interesa sortzeko asmoz.

Txertoa guztiz zaharberritua dator urte bukaera honetan. Are gehiago, zaharberritua ez ezik nabarmen indarberritua ere badator. Izan ere, berezko indarrari gehitu dio Ttarttalorena, zehatz-mehatz, Ttarttalok gaztelaniazko bildumetan urtetan erakutsi duena.

Hemendik aurrera, Txertoak bi bilduma nagusi izango ditu: gaztelaniazko narratiba eta Begira saila (ez fikzioa). Narratiba-bilduman Euskal Herriko historian girotutako nobelek leku garrantzitsua izango dute, eta, alde horretatik, Ttarttalok alor horretan duen eskarmentuak berme berezia ematen dio, ezbairik gabe. Baina nobela historikoekin batera beste genero batzuk ere landuko dira, esaterako, genero beltza. Halaber, autore euskaldunek idatzitako lanen itzulpenek ere bilduma horretan  aurkituko dute aterpe.

Begira bilduman, berriz, historiak protagonismo handia izango du, historia ez baita alferrik Txertoaren nortasun-zeinurik adierazgarrienetako bat. Baina gaurkotasun-gaiak ere jorratuko dira. Gainera, bilduma horretan, gaztelaniazko testuak ez ezik, euskarazkoak ere argitaratuko dira aurrerantzean.

Eguneratze estetiko nahiz edukizkoa izango da, bai, baina, horrez gain, ahalegina ere bada argitaratutako liburuak Euskal Herriko panorama soziokulturalean gogoetarako eta sustapenerako tresna eraginkorragoak izan daitezen. Horixe da, hain justu, erronka nagusia.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario