EUSKAL HERRIA ZUZENEAN, AURTENGO ‘PROIEKTUARI ELKAR SARIA’

elkar Fundazioak gaur goizean egindako agerraldian jakitera eman duenez, 2019ko Proiektuari elkar saria Euskal Herria Zuzenean ekimenari ematea erabaki du.

2016tik banatzen diren elkar sariak aurten maiatzaren 9an banatuko dira Andoaingo Bastero kulturgunean. Gaurko agerraldian, bertan emango den sarietako bat aurkeztu da, Proiektuari elkar saria. Sari hau bi urtetik behin ematen da, Joseba Jaka bekarekin txandaka; 10.000 eurokoa da, eta bere helburua, sortzear dagoen edo jada martxan dagoen ekimen bati laguntza ematea da, proiektua gauzatzen laguntzeko.

Zergaitik saria Euskal Herria Zuzenean ekimenari? 

Joxe Mari Sors, elkar Fundazioko lehendakariak esan duenez, Ipar Euskal Herritik Euskal Herri osora begira, kultur mugimendua sustatuz euskal kulturaren alde lan handia egiten den ekimena da. Musikatik abiatutako jaialdia da, nahiz eta kultur adierazpide anitza eta aberatsa osatzera jotzen duen. Bereziki saiatzen da euskal musikari behar duen lekua eta duintasuna ematen.

Gazteen ekimenez gauzatzen den jaialdia da, eta hura gauzatzeko ezinbesteko dira taldelana zein elkarlana, eta bi balore horiek indartzen ditu: taldelana taldean egiten delako, lanerako prest dauden kultur zaleen indarrak bilduz; elkarlana, inguruko beste eragileekin batera aritzeko ahalegin etengabean egiten dutelako, herriko gainerako eragileak ere bilduaz ekimenera. 

Joxe Mari Sorsen hitzetan, “Ipar Euskal Herrian urteotan dagoen mugimendu handiaren barruan, kulturan oinarritutako ekimen indartsu bat izatea uste dugu baloratu eta laguntzeko moduko ekimena dela. Are gehiago hori gazteen ekimena denean, eta haiek elkarlana edo taldelana bezalako balioak sustatzen  dituztenean. Euskal kulturak ikusgarritasuna eta harrotasuna emango dioten proiektuak behar ditu, eta zalantzarik gabe Euskal Herria Zuzenean bada horretarako ekimena. Iazko geldialadiaren ondotik, indarberrituta dator berriro, eta elkar Fundazioak bere aletxoa jarri nahi izan du taldeak egiten duen lana lagunduz”.

Euskal Herria Zuzenean ekimenaren izenean hitz egin du Julen Oillarburuk, eta pozik eta eskertuta agertu da 24 urtez festibalak izan duen ibilbidea balioan jartzeagatik. Aurten urte berezia da eurentzat, gogoeta fase baten ondoren, jaialdiaren ardura talde gazte berri batek bere gain hartu duelako, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako behar eta erronkei erantzuna emateko asmoz. Autengo edizioa ekainaren 28, 29 eta 30ean egingo da Baxe Nafarroako Irisarri herrian.Oillarbururen hitzetan, “nahi izan dugu dinamika barnekaldean mantentzea, euskal nortasuna eta kultura bultzatzeko, Ipar Euskal Herriaren bihotzetik, Euskal Herri osora”. 

Ma kolektiboaren Lua kastore

Proiektuari elkar saria aurkezteaz gain, gaurko agerraldian iaz Joseba Jaka beka jaso zuen Ma kolektiboak aurten egindako lanaren berri eman du. Maiatzaren 9ko sari banaketa ekitaldian aurkeztuko dute egindako Lua kastore antzerki eta dantza emanaldia. Oihane Enbeita taldeko kideak ez du lanari buruz informazio gehiegi aurreratu nahi izan, baina esan digu hiru arte eremu lantzen direla bertan: antzerkia, dantza eta ikus-entzunezkoa, eta erronka hirurak maila berean lantzea izan dela. 

elkar sariak maiatzaren 9an, arratsaldeko 19:ooetan banatuko dira Andoaingo Bastero kulturgunean.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina