Franck Dolosor: “Gernika Batailoia aipatzea ez da bakarrik historiaz aritzea aktualitateaz baizik”
Gernikako bonbardaketatik zortzi urtera, 1945ean, amerikarrak eta errusiarrak Alemaniako Reich-a erorarazteko borrokan ari ziren garaian eta Berlin inguratua zutela, Gernika Batailoia —erbesteko Eusko Jaurlaritzak sortua eta Kepa Ordoki harginak zuzendua— Okzitaniako Punta de Grava (frantsesez Pointe de Grave) lurmuturrean gotortuta zeuden nazien aurka borrokatu zen, banderatzat ikurrina hartuta. Bost gudari hil eta hogei inguru zauritu ziren. Gernika Batailoiaren historia ahanzturatik jaregin nahi izan du Franck Dolosor Haltza kazetari eta idazleak (Senpere, 1977) liburu honetan.
Zerk bultzatu zaitu Gernika Batailoiaren historia kontatuz liburua idaztera?
Duela hamar urte euskal brigada honi buruzko dokumentalaren gidoilaria izan nintzen eta liburua film honen jarraipena da. Dokumentala oso osoa da, besteak beste bi gudariren adierazpenekin eta aberriratu genituen 1945eko irudiekin. Halere, geroztik beste bi gudari ezagutzeko ohorea izan dut eta beraz liburuan beren testigantzak, eta sekula agertu ez diren argazkiak eta agiriak gehitu ahal izan ditugu. Gainera, testuinguru osoa gehiago sakontzeko parada izan da Euskal Herri osoko egoera kontuan hartuz. Lana ikuspegi nazionalean oinarritzea garrantzitsua iduritzen zait gure nazioa zatituegia baita eta maiz gisa horretako lanetan ez baita egoera oso osoa kontuan hartzen. Frantzian ederki dakite gisa horretako historiak aipatzen eta zabaltzen. Guk ere Euskal Herrian hori egin behar dugu, hau ezin baita ahantzi. Gernika Batailoiko kide batek berak agindua eman zigun idatzi zuelarik gaur egungo euskaldunek jakin eta jakinarazi behar genuela gudariek orduan egin zuten ekarpena demokrazia eta askatasunaren alde gurean eta munduan.
Zer bide jarraitu duzu liburua idazteko baliatu duzun dokumentazioa biltzeko?
Maitasun handiz idatzia den liburu-omenaldi hau lau gudariren erretratuekin hasten da. Gero Mundu Bigarren gerraren bukaera kronologikoki aipatzean beren ekarpenak eta erreakzioak agertzen dira. Sanoak bezain umilak ziren. Ilustrazioek irakurtzeko erraza den kontakizuna laguntzen dute.
Gudari haiek ez zuten zegokien neurriko esker ona jaso. Zu ahanzturatik jaregiten saiatu zara liburuan. Zer gehiago egin daiteke ildo horretan?
Gernika Batailoiaren inguruan omenaldiak, ikerketak eta argitalpenak egin izan dira. Haatik, ikusiz bere garrantzia zein izan zen begi bistakoa da ahal den guztia egin behar dugula gehiago ezagutarazteko. Euskarri guztiak erabili behar ditugu erdal herrietan egin ohi duten bezala. Beti hitz egin behar dugu solas batek bestea ekartzen baitu. Gisa horretan lekukotasun eta agiri gehiago agertu ohi da. Bilatzen eta biltzen segitu behar dugu.
Liburuan kontatzen dituzun pasadizo eta istorio asko fikzioa egiteko (nobelak, filmak, antzezlanak…) oinarri egokia izan daitekeela iruditzen zaizu?
Arrunt, ez da dudarik. Garai bereko gisa horretako gaiak nonahi ikus ditzakegu zorionez. Erdal herriak eredugarriak ditugu sail horretan ere. Batasuna horren bidez lantzen dute ere. Bada garaia guk ere ikas dezagun. Jose Antonio Agirre lehendakariari buruzko filma eginen bagenu arrakastatsua izan liteke Euskal Herritik kanpo ere bere ibilbidean mezu unibertsal asko dago eta. Zuberoan, Kepa Ordoki Gernika Batailoiaren komandanteari buruzko pastorala antolatzeko asmoa dute orain. Sarako Idazleen Biltzarraren karietarat Jean Bordaxar Arrokiagako kantariak Ordokiri buruzko pastorala idazteko gogoa duela erran zidanean poza eta kasik negar malkoak atera zitzaizkidan. Hori da bidea. Bakoitzak bere sailean ekar dezala ahal duen hoberena. Bideo eta azalpen motz-motzak landu beharko ditugu ere noizbait sareetan.
Jatorri eta oinarri ideologiko askotako jendea batu zuen Gernika Batailoiak, eta, oro har, haren garaiko faxismoaren aurkako borrokak. Ikasgai egokia izan daiteke hori gaur egungo garairako?
Bakarrik laster goaz, elkarrekin urrunago. Hala dio erranaldi batek eta gauza bera erakusten digu euskal brigadak. Ez gaitezen nostalgikoak edo erromantikoak izan baina, frankistak salbu, denak zeuden Gernika Batailoian. Horrelako aniztasuna arras gutxitan ikusi da gure herriaren historian. Gainera, Gernika Batailoia aipatzea ez da bakarrik historiaz aritzea aktualitateaz baizik. Izan ere, gogoetak egiteko parada eskaintzen digu, bereziki eskuin muturraren gorakada alde guzietan pairatzen dugularik Ipar Euskal Herrian ere zoritxarrez. Historia erabili behar dugu orainaldiaz eta etorkizunaz gozatzeko.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Karmele Mitxelena, Mikel Zarate sariaren irabazle
- Haritz Larrañaga Altuna: “Geure historia geuk bizi izan dugun moduan kontatzeko eskubidea eta betebeharra dugu” →