Joxe Azurmendi: “Nazionalismo espainola nazionalismo frantsesaren kopia txar bat da”

Joxe AzurmendiHistoria, arraza, nazioaLiburu berri bat dakar Joxe Azurmendik, Historia, arraza eta nazioa kontzeptuak aztertzen dituen saiakera mardula, nazionalismoaren inguruko topikoak jorratuz eta bereziki intelektual frantsesen lanak arakatuz.

Liburu hau urteetako lanaren emaitza dela nabari da, irakurtzen hasi orduko. Noiz bururatu zitzaizun ideia, noiz berotu zinen eta idazten hasi, nolakoa izan da prozesua?

Nazionalismoaren inguruan materialak biltzen aspaldi hasi nintzen, libururen bat egiteko asmorik gabe. Hau liburu hau idazteko ideia, hemengo sasi-ilustrazio autokonplazienteagatik sortu zen. Baina behin eta berriro eten eta berrasi eta berriro eten eta berrasi ibili behar izan dut, hamarren bat urte luzatu da. Buruhauste handia, esku artean nuen material pila egituratzeak eman dit. Beste pila bat kanpoan gelditu da.

Nazionalismo espainola orain baino lehen jorratu eta kritikatu izan duzu; nazionalismo frantsesaren txanda berez tokatzen zen, ala zergatik iritsi da orain?

Ez nuen inola ere nazionalismo frantsesa maiseatzeko asmorik. Gure artean asko aipatzen diren eta nazionalismo espainola kamuflatzeko erabiltzen diren nazio zibiko versus etniko eta antzeko kontzeptuak egiazko testuinguruan ipini gura nituen. Kontzeptuok euren historian esplikatzea eskatzen zuen horrek.

Xobinismoaren erro luze eta sakon horiek deskubritzeak zu zeu ere harritu zaitu, ala espero zenuen?

Ezagutu, ezagutzen nuen. Hala ere, ezin ukatu Renanen eta zenbait nazionalista frantsesen haize superxobino eta enbusteria intelektual batzuek harritu egin nautena.

Eta, laburtzea zaila den arren, zertan dira nazionalismo espainola eta frantsesa antzeko, eta zertan desberdin?

Nazionalismo frantsesa, pentsamendu bezala, humanistekin hasi da eta gaur arte soka xuxen-xuxen luzean doa, tradizio kultural handia dauka. Nazionalismo espainol klasikoak, inperialak, Italiari eta Portugali hartu zien kultura. Nebrija, etab. Baina bere garaian Espainia ez da modernizatu. Modernizatu nahirik hasi denean Frantziari kopiatzen hasi da, berandu eta gaizki. Nazionalismo espainola nazionalismo frantsesaren kopia txar bat da.

Eta beste leku batzuetako nazionalismoak? Denek ere ipurdian zuloa, ala ñabardurak egitea komeni da?

Nolabait, Europako nazionalismo guztiak nazionalismo frantsesaren eskolan ikasiak dira. Denak eta beti ez dira berdinak, hala ere. Gauza bat da Napoleon III.aren nazionalismo frantsesa Alemaniari erasotzen, beste bat da Jean Moulinen nazionalismoa Frantzia okupatuan alemanei erasotzen. Betiko eznazionalista zeinahi kolorekoentzat izaten dira nazionalismo denak berdinak. Berriki Lidia Falcónek artikulu bat idatzi du Público-n: “El nacionalismo siempre es de derechas”. Hori idazten duena, justu Kataluniako auziaren erdian idatzi ere, bera behintzat ez da beti ezkerrekoa. Bat nazionalismo jakobinoaz oroitzen da eta Frantziako muga naturalen doktrina iraultzaileaz. Kosciuszko nazionalista poloniarra, Engelsen iritzian, gizadiaren heroi bat da, askatasun eta berdintasunaren gudaria. Garibaldi gogoratzen dugu Italian, eta Cattaneo eta Pisacane eta Giuseppe Ferrari. James Connolly Irlandan, gero Frank Ryan, G. Gilmore, Peadar O’Donnell. Estreinako kibbuzniki sionistak Israelen, anarko-komunistak. Manabendra Nath Roy antikolonialista indiarra, “ekialdeko Marx” Leninen esanean. Stalin bera, Andreu Nin, Tito, Ho Chi Minh, José Martí eta Fidelen “Movimiento 26 de Julio”, Mandela, gaurko mugimendu bolivaristak, etab., etab. Estatuaren nazionalismo dominantea ukiezintzeko topiko usteletako bat da a priori “beste” nazionalismo denak estigmatizatzea.

 

“Engainaturik bizi gara, denek diotena egia segurua delakoan”

 

Zure liburua irakurriz, intelektualen artean guztiz finkatutako kontzeptu batzuek ze oinarri ustela duten jabetzen da bat.

Askotan oso engainaturik bizi gara, ohituraren poderioan, denek diotena egia segurua delakoan. Ez zaigu burutik pasatzen doktrina komuna kuestionatzea. Baina doktrina komuna hezkuntza eta kultura kontrolatzen duten ministerioek ezartzen dute, Akademiaren laguntzarekin, eta eskolan irakasten zaiguna dotrinan ikasitako fedea bezala da. Fedea galdu egin liteke, baina oso gutxitan egiten da destripatu eta barrua aztertu, eta gezurrak argira atera.

Zer falta zaigu: maila akademiko jasoagoa? Espiritu kritiko erneagoa? Hezkuntza sistema propioa?

Hirurak. Eta denbora ere bai. Errazena pentsamendu edo autore bat en bloc errekara botatzea da. Azterketa xehe kritikoak lana eta denbora eta biblioteka on bat eskura eskatzen du. Nik Renanen Obra Osoa Kolonian aurkitu nuen, Hego Euskal Herrian ez dago (Baionan bai seguru asko), eta Estatu espainol osoan ere ez.

Bestalde, oso errespetatuak diren autore batzuen testu lotsagarriak erakusten dituzu; ze ondorio atera behar dugu: edozein egile ulertzeko testuingurua kontuan hartu behar dugula? Ez dela komeni inor aldarean edukitzea?

Botereari boteretxo moral eta kulturalez inguratua agertzea gustatzen zaio. Eta zenbait instantzia moral eta intelektuali boteretxo iruditzea gustatzen zaio. Erraz ezkontzen dira. Voltaire, etab., handiak dira, erraldoiak dira, baina santuak ez dira. Gainera, Voltaire gutxi dago. Mendekosteko uso Espiritu Santu asko dago zozoa baino ez dena zuri pintaturik.

Azterlan erraldoi batzuk egin dituzu; hauxe azkena; esku artean halako besteren bat duzu, ala zertan zabiltza?

Gizakiok tximino elkarrekiko lehiati eta borrokariak ala kooperatzaile eta elkarren laguntzaileak gara? Kooperatibismoa aspalditik interesatu zait, horretaz idatzi nahi nuke zerbait. Honezkero ez dut osasunik eta indarrik bide luzeak ibiltzeko, paseo txikiekin kontentatuko naiz.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina