Karmele Mitxelena, Mikel Zarate sariaren irabazle

Karmele Mitxelenak idatzitako Benetako zirkua nobela laburrak irabazi du 2025eko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Maribel Aiertzak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 4.000 euroko saria. Liburua, berriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko du.

 

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamabosgarren ekitaldia izan da aurtengoa. Karmele Mitxelenak berak irabazi zuen duela hiru urte sari hau. Azken urteetako irabazleak Lur Gallastegi eta Ruben Ruiz izan dira.

 

Aurten zazpi lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Mitxelenak idatzitako kontakizuna hautatu du epaimahaiak. Benetako zirkua eleberri labur bat da, herri txiki batera zirku italiar bat iritsiko dela-eta, bertako haur-talde batengan piztutako sentimenduak eta biziko dituzten abenturak kontatuko dituena, samurtasunez, umorez eta kritika sozial ukitu batzuekin.

 

Karmele Mitxelena Etxebeste 1988an jaio zen Oiartzunen. Sari ugari irabazitakoa da, bai bertso idatzietan bai literaturan, haurrentzako nahiz helduentzako narratiban. Bere liburuen artean aipa litezke Marrubizko uda (Mikel Zarate saria, 2022), Haragizko mamuak (ipuin bildumen Kutxa saria, 2022), Zoriona edo antzeko zerbait (Augustin Zubikarai saria 2024 eta urte bereko narratiba lan onenaren Kritika Saria).

 

Egilearekin kontaktuan jartzeko: kar.mitxelena@gmail.com / 605631606

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina