Maixa Zugasti: “Ikasle asko ikusi ditut egunero infernua bizitzen”

zozabarrak - Maixa Zugasti MuñoaNerabeei zuzendutako eleberria da Maixa Zugastiren azken lana, Zozabarrak. Eskolaren baitan gertatutako jazarpen kasua kontatzen da bertan.

Zergatik hautatu zenuen gai hau?

Idaztean, niretzat garrantzitsuak diren gaiak aukeratzen ditut. Kasu honetan, irakasle lanean bizitakoa izan dut abiapuntu. Ikasle asko ikusi ditut egunero infernu hori bizitzen, neurri batean edo bestean. Uste dut gizarte osoak erantzukizunez jokatu behar duela; jarrera horiek irmotasunez gaitzetsi, eta neurriak hartu. Literaturak bizitza agertzen du eta hori izan da nire helburua.

Sare sozialak eta gazteak: nahasketa krudelegia sarritan.

Arazo oso larria bihurtu da. Teknologiak onura handiak ekarri ditu gure bizitzetara; arriskuen ondorioak ere, ordea, pairatzen ari gara. Ildo horretan, gazteak zaurgarriagoak dira, eta jada, nozitzen ari gara sare sozialek sortutako arazoak garunaren garapenean, emozioen kudeaketan, arretan, atsedenean, ikasketetan edo harremanetan. Esanguratsua da ziberjazarpena izatea gazteek beren buruaz beste egiteko arrazoi nagusienetakoa.

Natura oso presente dago liburuan. Gure animalia izaeraren metafora ederrak ageri dira, izenburutik hasita.

Natura oso garrantzitsua da niretzat. Duela urte batzuk, Leire Bilbao eta biok Verinesera joan ginen literatura eta naturaren arteko lotura ardatz zuten jardunaldi batzuetara. El bosque, la ventana y el dedo del niño testuan bildu nituen nire ideiak. Hausnarketa haien harira erabaki nuen istorio honetan naturari garrantzi handia ematea.

Norengana nahiko zenuke iristea Zozabarrak?

Izugarri maite dut haur eta gazte literatura. Miren Agur Meabek dio irakurle horientzat idaztea ukendua dela. Erabat ados nago bai idazle eta bai irakurle moduan. Liburu bat argitaratzean, hartzailearen adina iradoki ohi da. Nik inoiz ez dut gustuko izan; uste dut helduentzat ere oso aberatsa izan daitekeela gazteen literatura, nahiz idazkera nahiz gai aldetik. Niretzat, behintzat, plazer hutsa da literatura mota hori irakurtzea.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina