Batzuetan errealitateak aurrea hartzen dio fikzioari. Frantzia, 2022: hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian Alderdi Musulman Moderatuak bozak irabazi eta Frantziako lehenengo presidente musulmana hautatzen dute. Horrela hasten da Michel Houellebecq-en azken eleberria, La Soumission (2015). Eztabaida handia sortu du, bai eleberriaren edukiarengatik baita plazaratu den unearengatik ere; urtarrilaren 7an, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatua gertatu zen egunean bertan. Ondorioz, idazleak liburuaren promozioa bertan behera utzi eta Parisetik alde egin behar izan du denboraldi batez. (Irakurri +)
Nola belztu behar zuria emanaldia Bide Ertzean musika taldeak eta Metrokoadroka kolektiboko deklamatzaileek sortu zuten, Joxan Artzeren poemarik berrienak oinarri hartuta. Lehendabizikoz, Jexux Artze Kultur Elkarteak antolatuta, Usurbilen estreinatu zen ikuskizuna 2014ko maiatzaren 3an. Eta orduz geroztik, Euskal Herriko hainbat txokotan izan dira euren ikuskizuna eskaintzen. Azkenean, 2015eko apirilaren 24an Usurbilgo Sutegiko auditorioan ikuskizuna grabatzea erabaki zen. Egindako grabaketa hori DVD formatuan egin zuten eta pasa den asteartean, irailak 15, egindako prentsaurrekoaz geroztik eskuragarri daude. Nola belztu behar zuria ikuskizunerako hogei poema errezitatu eta beste zazpi poema kanta bihurtu dituzte.
(Irakurri +)
Igartza Saria irabazi berri du Kattalin Minerrek (Hernani, 1988) “Kafe beteak” nobela proiektuarekin, erabaki behar eta ezinean kateatuta sentitzen den emakume bati buruzko historia.
Ezaguna zara komunikabideetako kolaborazioetatik, aktibismo feministatik… Nondik eta noiztik datorkizu literaturarekiko lilura, harremana?
Esan ohi den gisan, “betidanik” irakurri izan dut asko, baina egia esan kazetaritzako 3. mailan Iratxe Retolazaren ikasgaian hasi zen harekiko pasioa, ikerketarakoa, analizatzekoa. Karrera amaituta, Literatura Konparatuko masterra egin nuen, beraz bai, azken urteetan asko irakurri ez ezik irakurketak egiten aritu naiz. Idatzi ere beti idatzi izan dut, baina ez hainbeste nobela formatuari begira. (Irakurri +)
Joxemari Iturralderen (Tolosa, 1951) bederatzigarren nobela, traizio handi baten istorioa da. Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolarien arteko harremana arakatu du idazle
gipuzkoarrak.
Kontu asko aipatzen dira liburu honetan, baina zein izan da zure asmoa idazterakoan?
Liburu hau traizioen, engainuen, gezurren inguruan garatzen da. Hori da nobelaren ardatz nagusia. Ugari azaltzen dira eta maila askotarikoak. Handienak Uzkudun eta Goitiren artean, eta Uzkudun eta Izzy Gaztañagaren artekoak dira. Gero, hiru pertsonaia garrantzitsu horien inguruan hainbeste emakume daude, hauek ere askotan engainatuak eta traizionatuak izan direnak.
Zenbat da fikzio eta zenbat historia?
Obra hau nobela da, beraz, fikzioa da. Hala ere, gertakizun historiko ugari eta pertsonaia historikoak azaltzen dira. Hiru urte eman ditut ikertzen, irakurtzen, artxiboetan, liburutegietan, hemeroteketan, hemen Euskal Herrian, Madrilen, Sevillan… Gertakizun historikoak guztiz errespetatu ditut; datak, lekuak… izan ziren bezala kontatuz. Bestea, fikzioa da, nik asmaturikoa, nahiz eta posible den nik asmaturiko hori ere benetan kontatu bezala gertatu izatea. Gero, gainera, giza faktorea dago: pertsonaia nagusi horiek ezagutu zituzten jendearekin egon naiz eta euren lekukotza jaso eta paperera pasatu dut. (Irakurri +)
Elkar diskoetxea buru-belarri ari da udazkeneko produkzioa lantzen. Gustu guztietako musikazaleentzako zerrenda luzea osatu du euskal diskoetxeak. Datozen lau hilabeetan ikusiko dute argia ondorengo lanek.
KORTATU
Kolpez kolpe (LP)
Azken guda dantza (2 LP)
Kaleratze data: irailak 4
Talde mitiko honen 30 urte bete dituen honetan, haren album guztiak binilozko formatuan kaleratu ditugu. Aurrez argitaratutako Kortatu: Kortatu eta Kortatu: El estado de las cosas lanei azkeneko bi lanak gehitu dizkiegu ilusio handiz: Kortatu: Kolpez kolpe, euskara hutsean dagoen lehenengo albuma, eta Kortatu: Azken guda dantza, taldearen agur gisa grabaturiko zuzeneko diskoa. Bi klasiko.
LA POLLA
No somos nada (LP)
Kaleratze data: irailak 4
Haien lehenengo bi lanak, Salve eta Revolución, berrargitaratzeaz gain, La Polla taldeak estudioan grabatutako hirugarren albuma, No somos nada, kaleratu dugu aurten, 1980ko hamarkadako punk musikaren lan esanguratsua.

Karmele Jaiok arrakasta lortu du bere eleberri eta ipuin-bildumekin. Oraingoan ordea arlo berri bati heldu dio Elkar argitaletxearekin: poesiari, hain zuzen ere. Orain hilak ditugu poemarioan hainbat gai jorratzen ditu: denboraren igarotzeak sortzen duen mina, galdutako pertsonek utzitako hutsunea, desiraren itzaltzea, egunerokotasunaren gazigozoak… poesiak behar duen estilo fin, landu baina aldi berean hurbil batekin.
Hiru ipuin-bilduma eta bi nobelaren ostean, zure lehenengo poesia-liburua atera duzu. Ezinbestean datoz gure lehenengo galderak: zergatik poesia? Eta zergatik orain?
Norberarentzat ere zaila izaten da jakitea zergatik idazten duen gauza bat edo beste bat. Sentsazioa dut ez dela hautu arrazional bat izan; izan ere, nire asmoak beste batzuk ziren, beste proiektu bat nuen buruan, baina barruak azkenean hau agindu dit. Atera egin da, doministikuak ateratzen diren moduan, barruak aginduta. Eta hasieran nire planen barruan poesia idaztea ez bazegoen ere, behin onartu dudanean gorputzak hori eskatzen zidala eta hori egin nahi nuela, bere denbora eskaini diot eta horretan jarri naiz lanean. Orain hilak ditugu lan horren emaitza da.



