XX. Igartza bekaren oinarriak – Literatura-sorkuntzarako beka idazle berrientzat

Kattalin Minerrek kaleratu berri duen Nola heldu naiz ni honaino liburuaren azala, Igartza saria duen azken argitarapena

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz, XX. Igartza Literatura Sorkuntzako Beka sortu du idazle berrientzat. Bekak, 6.000 euroko diru-laguntza izango du, ondorengo oinarrien arabera:

1. Deialdi honetara, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.

2. Deialdian edonork parte har lezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza hauek bete beharko dira: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea eta aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea. Bi baldintza horien muga, proiektuak jasotzeko unekoa (2017-06-30a) da. Sari hau behin irabazi duen idazlea ezingo da berriz aurkeztu.

3. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, posta elektronikoz atxikitako dokumentuetan: a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab. b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena. c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri). (Irakurri +)

Kattalin Miner-en “Nola heldu naiz ni honaino” liburuaren aurrerapena

Lehen kapitulua

–Oso pozik gaude zure lanarekin.

Aurrean ditut enpresako hiru izen garrantzitsuenak esku artean paperak dituztela, urduritasuna adierazten duten lasaitasun plantak eginez.

–Azkeneko proiektuan ikusi dugu enpresa honetan bilatzen duguna, autonomia, zuhurtziaz jokatzea, lana aurrera ateratzeko ahalmena, erabaki estrategikoak hartzeko gaitasuna, proiektu-arduradunei karga kentzeko prestasuna…

Loreak dirudite eta ez kaleratze aurreko hizketaldi adeitsua; beraz, arduraz jokatuz, galdetzera ausartu naiz:
–Bezeroak pozik daude?
–Bezeroak eta gu, Jezabel –esan dit egitura hierarkizatuan bigarren postua duen gizonak.

Uste nuen bilera hau, formalki, proiektuaren balorazio-bilera besterik ez zela, eta urduritzen hasia naiz, nire eta haien artean dagoen mahaiak sortzen duen banaketaz ohartuta. Ez baita “ekipoko” balorazio bat, baizik eta “gu” eta “zu” banatzen dituen hizketaldi formalismoz josia.

Hala jarraitu dute galderekin, ea nola ikusten dudan neure burua enpresan, gustura ote nagoen, zerbait botatzen ote dudan faltan… Eta ni, heziera oneko umearen gisan, baietz, gustura nagoela, enpresa ona dela, taldean lan egitea gustuko dudala eta halakoak esanez.

Aurrekariak alde batera utzita, Mercedesek, enpresa-burua denak, bota du azkenik galdera:

–Jakin nahi genuke, azken lanetan ikusitakoaren ostean, zera, interesik izango zenukeen, bada, proiektu zuzendari izateko. Badakizu, zure ekipoa osatu eta bezeroekin lan egin, zuzenean erabakiak kontsultatu beharrik ez… Soldata ere horren araberakoa litzateke, noski… (Irakurri +)

Elkar argitaletxeko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxea buru-belarri ari da lanean argitarapen berriak kaleratzeko. Dagoeneko udaberri honetako nobedade zerrenda zehaztuta du, eta datorren astean  hasiko da liburu berri horiek aurkezten; lehena Kattalin Miner-en Nola heldu naiz ni honaino liburua izango da.

HELDUENTZAKO LITERATURA

LITERATURA
Nola heldu naiz ni honaino – Kattalin Miner (Igartza Saria)
Nobela
Kaleratze data: otsailak 16

Enpresan mailaz eta soldataz igotzea, herentzia bat jasotzea, etxe bat erosi ahal izatea, lagun ugari edukitzea… Arrakastaren laukitxo guztiak beteak ditu Jezabelek, argi du zer nahi duen bizitzan eta zirt-zart hartu ohi ditu erabakiak. Halako batean, ordea, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da.

 

 

Koadernoa zuri – Arantxa Iturbe
Nobela
Kaleratze data: martxoak 9

Bi ahizpa, urtetan elkar ikusi ez dutenak, bat-batean amaren heriotzak berriro elkartu dituen arte. Asko dute batak besteari esateko, urrun egon diren bitartean bakoitzari gertatu zaizkionak, eta baita lehenagotik nork bere kolkoan gordetakoak ere. Otzan eta esanekoa izana da bata, errebelde eta lotsagabeagoa bestea, ama estu eta zurrunaren alabak biak ere.

 

(Irakurri +)

Unai Villena “Hauts haietatik” liburuaren aurrerapena

unai villenahauts haietatik2ARRU

Nire izatea korapilo bat da
iluna eta gogorra
nire burmuina armiarma sarea josiz doa
labirinto honetan bizi naiz
(Keike. “Ni, korapiloa”.
Beldurra mina argia. 2006)

 ANDER Arruti Suarez. Arruti. Arru. Nire nortasun-agiriak dio Eibarren jaio nintzela, baina Arrasaten jaio nintzen, amari haurdunaldia azken txanpan okertu eta bertako ospitalean ingresatu behar izan zutelako nitaz erditu baino astebete lehenago. Espainola naizela ez da, bada, nortasun- agiri aldrebes horrek dioen gezur bakarra. (Irakurri +)

Kattalin Miner XVIII. Igartza Sariaren irabazlea

kattalin_miner Igartza Saria irabazi berri du Kattalin Minerrek (Hernani, 1988) “Kafe beteak” nobela proiektuarekin, erabaki behar eta ezinean kateatuta sentitzen den emakume bati buruzko historia.

Ezaguna zara komunikabideetako kolaborazioetatik, aktibismo feministatik… Nondik eta noiztik datorkizu literaturarekiko lilura, harremana?

Esan ohi den gisan, “betidanik” irakurri izan dut asko, baina egia esan kazetaritzako 3. mailan Iratxe Retolazaren ikasgaian hasi zen harekiko pasioa, ikerketarakoa, analizatzekoa. Karrera amaituta, Literatura Konparatuko masterra egin nuen, beraz bai, azken urteetan asko irakurri ez ezik irakurketak egiten aritu naiz. Idatzi ere beti idatzi izan dut, baina ez hainbeste nobela formatuari begira. (Irakurri +)

Mikel Ayllon, hiltzen ari den mundu zaharraz eta sortzen ez den berriaz

Mikel-AyllonIgartza bekaren laguntzaz, lehenengo eleberria idatzi du Mikel Ayllonek (Laudio, 1980): Ez tiro egin anbulantziei, atzekoz aurrera espetxean hasi eta matxinada eta maitasun istorio batekin amaitzen den obra ausart eta berritzailea. Egilearengana jo dugu, bere lanaz galdezka.

Zure belaunaldiko literaturazale asko bezala, Urruzunon saritua zara, liburuen inguruan gaztetatik ibilia, baina eleberri bat idazteko urteak utzi dituzu pasatzen. Zergatik orain?

Ez tiro egin anbulantzieiDuela hamar urtetik gora sortu zitzaidan istorio honen lehenengo ideia-izpia, eta, geroztik, pixkanaka joan zait b>uru barruan garatzen, sustraiak ondo botatzen, adaxka berriak hazten, hostoak ernatzen… Izan ere, landareen modukoak dira ideiak: ernatu, hazi eta loratu egiten dira, baina lehenago ala beranduago, udazkena heldu eta horailtzen, zimeltzen, usteltzen hasten da dena. Udazken bete-betean neukan burua, eta erabaki nuen handik atera behar nuela behingoz ideia, behin betiko galdu aurretik.

Nahi baino luzeagoa izan da prozesua, baina gustatzen zait pentsatzea, Thoreau anarkistak esaten omen zuen hura (idaztera eseri aurretik zutik egon behar duzula bizitzeko) ez dela esaldi huts bat, eta nire landarea inoiz baino biziago dagoela orain, zer jan ugari izan duelako urte hauetan guztietan.  (Irakurri +)