Kattalin Miner-en “Nola heldu naiz ni honaino” liburuaren aurrerapena

Lehen kapitulua

–Oso pozik gaude zure lanarekin.

Aurrean ditut enpresako hiru izen garrantzitsuenak esku artean paperak dituztela, urduritasuna adierazten duten lasaitasun plantak eginez.

–Azkeneko proiektuan ikusi dugu enpresa honetan bilatzen duguna, autonomia, zuhurtziaz jokatzea, lana aurrera ateratzeko ahalmena, erabaki estrategikoak hartzeko gaitasuna, proiektu-arduradunei karga kentzeko prestasuna…

Loreak dirudite eta ez kaleratze aurreko hizketaldi adeitsua; beraz, arduraz jokatuz, galdetzera ausartu naiz:
–Bezeroak pozik daude?
–Bezeroak eta gu, Jezabel –esan dit egitura hierarkizatuan bigarren postua duen gizonak.

Uste nuen bilera hau, formalki, proiektuaren balorazio-bilera besterik ez zela, eta urduritzen hasia naiz, nire eta haien artean dagoen mahaiak sortzen duen banaketaz ohartuta. Ez baita “ekipoko” balorazio bat, baizik eta “gu” eta “zu” banatzen dituen hizketaldi formalismoz josia.

Hala jarraitu dute galderekin, ea nola ikusten dudan neure burua enpresan, gustura ote nagoen, zerbait botatzen ote dudan faltan… Eta ni, heziera oneko umearen gisan, baietz, gustura nagoela, enpresa ona dela, taldean lan egitea gustuko dudala eta halakoak esanez.

Aurrekariak alde batera utzita, Mercedesek, enpresa-burua denak, bota du azkenik galdera:

–Jakin nahi genuke, azken lanetan ikusitakoaren ostean, zera, interesik izango zenukeen, bada, proiektu zuzendari izateko. Badakizu, zure ekipoa osatu eta bezeroekin lan egin, zuzenean erabakiak kontsultatu beharrik ez… Soldata ere horren araberakoa litzateke, noski…

Litekeena da gaur egun inor gutxik bistaratzea halako hizketaldi bat, inor gutxik pentsatzea lan finkoaren antzekoena den kontratu bat izanda, horrek aurrera edo gora egin dezakeenik, lana igoerarekin lotzea, soldata igoerak existitzen direla pentsatzea. Beraz, erabakia sinplea da: bai.

Zer bestela? Nola egin uko egun ezinezkoena dirudien panorama eskaintzen dizun egoera bati? Ezin da birritan pentsatu.

Zortekoa zara. Pribilegiatu bat. Beraz, bai, halako aukeren aurrean aurrera egin besterik ez dugu. Pentsamendu hauek guztiak mikrosegundo batean prozesatu eta ozenki esaten duzu baietz, ohorea dela inkluso, eta horren ondoren etorri dira irribarre urduriak, eta bostekoak, bi musu, eta zorionak, eta ongi etorri barkura, eta irrikan nago hastekoak.

Pretentsioz jositako egoera eta bilera izan dira ziurrenik, “enpresa” deitzen dioten honek ez baititu 18 langile besterik, eta bezeroak, Euskadin gertatzen den bezala, ez baitira besterik, diru-laguntzen bitartez gure zerbitzuak kontratatzen dituztenak baino, diru-laguntzak ematen dituzten horien anai-arreba txikiagoak alegia. Baina azken finean “erabakiak hartzeko gaitasuna”, “zuhurtzia”, “ardura” eta halakoek bete didate paparra. “Oso pozik gaude”. Agian ni ez hainbeste, ez baitut korporatibismo apurrik sentitzen, eta, krisiak krisi, are gutxiago lan bat izateagatik pribilegioren bat dudanik. Baina hori dio egoerak, ez duela hainbeste inporta nik zer sentitzen dudan, baizik ezin zaiola halako zerbaiti muzin egin, eta, beraz, lanpostuaren aukeretan baino gehiago, “lana aurrera ateratzeko erabaki estrategikoak hartzen dakiten horietakotzat naukate” horretan jarri dut enfasia, errealizatuta sentitze horretan jarri dut lupa, eta, hori hala dela lehendik ere jakin arren, besteen ahotan entzuteak sarri asetzen du errekonozimendu gose txiki baina iraunkorra.

Ordenagailura itzuli naiz, lankideen aurrean lasaitasuna adierazi nahian, begiradak nabari ditudan arren, neoizko argiz begiratzen didaten galdera ikur urduriak. Atzetik etorri da “gure jefa”. Mercedes ez delako nagusia, jefa baizik, hitz horrek bere baitan biltzen duen bromazko tonuarekin, gizonek tabernan “gure etxean andreak agintzen du” esaten dutenean sumatzen denaren antzekoa. Baina jefa da, gure jefa, eta bulegoan hitz egiten hasi aurretik denak isilaraztea lortzen du.

–Bueno, batzuek jakingo duzue, baina tira, hemendik aurrera Jezabel proiektu arduradun gisa arituko da, baita administrazio batzordean ere. Osteguneko bileran zehaztuko ditugu lan-taldea eta egitekoak, baina gaur, zorionak, Jeza, merezi duzu.

Ez da pelikuletako txalo zaparradarik etorri taldetik, entusiasmo gutxiko “zorionak”, “ei, ze ondo”, eta halako batzuen aurrean irribarre txikia egin behar izan dut, apaltasun apur bat antzeztuz, baina jakinez haiek guztiek baino gehiago merezi dudala. Aspaldian nabilela fin, eta enpresari ez ezik, lankide bati baino gehiagori garbitu diodala atzealdea hanka-sartze batekin dena kakaztu ondoren. Amorrua emango dio bati baino gehiagori, hori ere badakit. Izan ere, ongi dakite niri ez zaizkidala gehiegi axola ez enpresa, ez gora egitea, ez nire bizitza lanaren bitartez baloratzea ere,
baina aldi berean badakite, haiek saiatzen direnaren laurdena eginda, haiek baino bi aldiz hobea naizela. Ez ni bereziki brillantea naizelako, baizik eta, batek daki zergatik, eskolan tuntunak izan arren izugarri esfortzatzeagatik zure nota bertsu edo hobeak lortzen zituzten horietakoz beteta dagoelako nire enpresa, eta, haien tuntuntasun infinituan bada ere, badakitelako zu haiek baino bizkorragoa zarela.

Nola heldu naiz ni honaino – lehen kapitulua osorik (.pdf)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina