XX. Igartza bekaren oinarriak – Literatura-sorkuntzarako beka idazle berrientzat

Kattalin Minerrek kaleratu berri duen Nola heldu naiz ni honaino liburuaren azala, Igartza saria duen azken argitarapena

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz, XX. Igartza Literatura Sorkuntzako Beka sortu du idazle berrientzat. Bekak, 6.000 euroko diru-laguntza izango du, ondorengo oinarrien arabera:

1. Deialdi honetara, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.

2. Deialdian edonork parte har lezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza hauek bete beharko dira: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea eta aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea. Bi baldintza horien muga, proiektuak jasotzeko unekoa (2017-06-30a) da. Sari hau behin irabazi duen idazlea ezingo da berriz aurkeztu.

3. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, posta elektronikoz atxikitako dokumentuetan: a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab. b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena. c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).

4. Proiektuak, 2017ko ekainaren 30a arte bidal litezke helbide honetara: kultura@beasain.eus

5. Ana Jaka, Igor Estankona eta Garazi Kamio idazleek osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2017ko irailaren 15a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

6. Bekako diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.

7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua Beasaingo Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 75 bat orrialde gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

9. Diru-laguntza jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei-zazpi hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea eta epaimahaikoek egin ezean, Beasaingo Udalak erabakiko du.

OHARRA.- Edozein argibidetarako helbideak eta datuak:
Beasaingo Udaleko Kultura eta Euskara Saila.-
Loinazko San Martin plaza
20200 BEASAIN (Gipuzkoa)
Telefonoa: 943 02 80 63.
Posta elektronikoa: kultura@beasain.eus

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin