Biografiatik nobelara, maisu-lanen trenean

Muga-mugan

Ilustrazioa: Antton Olariaga

Muga. Elkarren ondoan dauden bi errealitate bereizten dituen irudizko marra. Historiaren eta istorioaren artekoa. Pertsonaren eta pertsonaiaren artean dagoena. Biografiatik nobela biografikora, gertakarien plazatik fikzioaren orrietara txango egin eta bertan egitate berri bat sortzen duena

Errealitate historikoetan oinarritua egonagatik ere historia baino haragoko lurralde batzuetara garamatza literaturak. Baina non dago biografiaren eta nobelaren arteko zanga ugarien mapa? Elvira Navarro idazleak (Huelva, 1978) orain pare bat hilabete bonba kirastu bat leherrarazi zuenetik biografiaren eta nobelaren arteko mugetan, bide luzea egiten ari da bi testu-klaseren mugei buruzko polemika, baina ez Navarroren balio literarioengatik, baizik Navarrok Adelaida García Morales idazle finaren anekdota bat eta, batez ere, haren izena baliatu dituelako argitaratu berri duen liburuaren izenburutik hasita (Los últimos días de Adelaida García Morales, Random House). Navarroren nobelaren muinak zerikusirik badu García Morales pertsonaren zein pertsonaiaren abusu usua egitea? Anekdota huts baten aitzakian pertsona jakin batez jabetzea ez da anekdotikoa, baizik demasia intelektuala. Nolanahi ere, eta kentzen bazaio orbela polemikari, sakonean gelditzen dena da pertsona errealen biografiak abiapuntutzat hartzen dituzten nobelen auzia. Non dago iturri berdinetatik —pertsona jakin baten bizitzatik— edan duten biografien eta nobelen arteko aldea? Deontologia dago jokoan: deontologia historikoa biografoaren aldetik; artistikoa nobelagilearen partetik. Biografia baten egitekoa ez da nobela baten bera, nahiz bi testuek iturri eta dokumentazio bera erabili. Biografiak egia historikoa eraiki nahi du. Nobelak, aldiz, egia literarioa, artearen esparruko txinparta bat. Egia literario hori baliatu du Navarrok alibitzat.

Laster hirurogei urte beteko dira Margherite Yourcenarrek Hadrianoren oroitzapenak (Elkar) argitaratu zuenetik. Adriano enperadorearen datu biografikoetan oinarritua, pertsonaia literario bat sortzea lortu zuen. Arrakastaren ondoren, Yourcenarrek aitortu zuen Flauberten esaldi bat kontakizun bihurtzeko asmoa izan zuela beti buruan: “jainkoak jada existitzen ez zirenean eta Kristo artean agertu gabe zegoelarik, sasoi apart orijinal bat egon zen, Zizeronengandik Marko Aureliorenganainokoa, zeinean gizakia soilik egon zen munduan”. Eta, besteak beste, jaungoikorik gabeko lipar aske hori imajinatu izana du meritu Yourcenarrek.

Azken urteotan Jean Echenoz idazle finak gizakiaren hiru estadio garrantzitsu (homo ludens, homo cogitans et faber eta homo creator) nobelatu ditu, eta estadio bakoitzaz jarduteko iragan mendeko hiru pertsona historiko ekarri dizkigu (Zatopek korrikalaria, Tesla zientzialaria eta Ravel musikaria), baina haien historiaz dakiguna estilizatuz forma literario-artistikoa emateko destilazioari. Giza irrikaren hiru forma, hiru eraikuntza, hiru eredu paregabeak dira Gerardo Markuletak euskarara bizi-bizi ekarritako  Lasterka, Tximistak  eta Ravel nobelak (Meetok).

Musikari bat historian; artista baten zalantzak errealitate historikoaren eta irrika artistikoaren arteko lehian; konpromiso politikoa eta askatasun intelektuala… Hori eta gehiago dago Julian Barnesek Shostakóvich musikariari eskainitako El ruido del tiempo (Anagrama) liburuan, eta Yourcenarrek edo Echenozek bezala garbi utziz egia historikoa errespetatzea dela egia artistikoari atea zabaltzeko pauso lehena, baita egia historikoa jipoi-zahagi bihurtzeko izan, Barnesen kasuan bezala.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin