“Adineko emakume bat erakutsi nahi nuen, baina ez amona estereotipatuaren paperetik” Miren Amuriza

Liburuan badago protagonista argia: Sabina, edadeko emakumea. Indartsua, senarra hil ostean baserria gobernatzeko kapaza, eta azken urteotan Henry koinatua zaintzen dabilena. Nondik abiatu zinen historia hau idazteko?

Perfil horretako andre asko eduki ditut inguruan, nire umetako  auzoa  baserri  mundukoa  zelako,  nire  familia ere bai, eta ezagutu nituen halako andreak, andre tenperamentalak, indartsuak, gero beste errepresentazio batzuetan topatu ez ditudanak. Mitifikatu barik, mistifikatu barik, saiatu naiz adineko emakume baten egunerokoa islatzen, baina ez amona estereotipatuaren paperean, baizik eta bere bataila propioak libratzen  dabilen  andre  eskarmentatu  baten  paperean. Hori da Sabina. Baserriari eta lurrari oso lotuta egon den pertsona baten bizipena erakutsi nahi izan dut, instintu animal zoliak dituena; beste mundu ikuskera batetik dator baina gaur egungo gizartean ageri-agerian dauden problematika asko gorpuzten ditu eta talka etengabean dago bere buruarekin eta inguruarekin. Saiatu naiz Sabinaren gorputza bera tramaren gertaleku moduan kokatzen. 

(Irakurri +)

Euskal kultura lehentasunez hartzeko unea da

Duela hilabete aurkeztu zuen elkar Fundazioak Siadecoren eskutik egindako “Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren merkatu ikerketa”-ren bi ondoriotik abiatutako gogoeta da honakoa.

Alde batetik, irakurle kopuruaren datua: euskaldun elebidunen artean %42k du irakurtzeko ohitura ─%23 dira ohiko irakurleak eta gainerakoak noizbehinkakoak─. Datua eskasa da, ezin uka. Bi  joera izan ditzakegu, etsipenean erori edo erronka gisa hartu. Lehenak ez gaitu inora eramango, eta derrigorrez hartu behar dugu bigarren bidea, horrela bakarrik lor baikenezake egoera hobetzen jotzea. Pentsa dezagun oraindik jende asko dugula euskarazko kultur eskaintzara erakartzeko, eta has gaitezen pentsatzen hori nola egin. Euskarazko kultur eskaintza orokorrean hartu nahiko nuke, eta ez soilik liburugintza, antzeko azterketarik ez izan arren, dugun susmoa baita antzekoa dela errealitatea antzerkia, zinea edo beste kultur eremu batzuetan ere. Arazoa ez dago eskaintzaren kalitatean, gurean ere denetik dago, baina iritzi orokorra da dagoen eskaintza ona dela. Adibidez, duela aste batzuk Berrian argitaratu zen erreportaje zabal batean irakur zitezkeen Ramon Saizarbitoriaren hitz hauek, kalitatea badagoela esanez: “Euskarazko literatura, esaterako, gure zenbakiei dagokiena baino hobea ere bada, beharbada”. Kalitateaz ari garela, sortzaileak aipatu behar dira. Inoizko sortzaile kopururik handiena dugu euskaraz, eta kalitatezko eskaintza ugari horretan zer esan handia dute sortzaile gazteek, eta batez ere emakumeek. Berri ona, dudarik gabe! (Irakurri +)