“Adineko emakume bat erakutsi nahi nuen, baina ez amona estereotipatuaren paperetik” Miren Amuriza

Liburuan badago protagonista argia: Sabina, edadeko emakumea. Indartsua, senarra hil ostean baserria gobernatzeko kapaza, eta azken urteotan Henry koinatua zaintzen dabilena. Nondik abiatu zinen historia hau idazteko?

Perfil horretako andre asko eduki ditut inguruan, nire umetako  auzoa  baserri  mundukoa  zelako,  nire  familia ere bai, eta ezagutu nituen halako andreak, andre tenperamentalak, indartsuak, gero beste errepresentazio batzuetan topatu ez ditudanak. Mitifikatu barik, mistifikatu barik, saiatu naiz adineko emakume baten egunerokoa islatzen, baina ez amona estereotipatuaren paperean, baizik eta bere bataila propioak libratzen  dabilen  andre  eskarmentatu  baten  paperean. Hori da Sabina. Baserriari eta lurrari oso lotuta egon den pertsona baten bizipena erakutsi nahi izan dut, instintu animal zoliak dituena; beste mundu ikuskera batetik dator baina gaur egungo gizartean ageri-agerian dauden problematika asko gorpuzten ditu eta talka etengabean dago bere buruarekin eta inguruarekin. Saiatu naiz Sabinaren gorputza bera tramaren gertaleku moduan kokatzen. 

Zer moduz joan da idazteko prozesua?

Oso egosi motelekoa naiz, eta hau igual bertsolarien ajea da, baina, idazten hasi orduko, pentsatuta eduki behar dut amaiera, eta ahal bada errimak ere bai. Orduan, idazten hasi orduko, baneukan denaren eskema bat, eta gero kapaka joan naiz idazten, iazko otsailetik hona. Berez daukat bakartzeko joera, eta honetan ere, neuk nahi izan dudalako, oso bakarrik egin dut bidea. Hori izan da istorioan sartzeko nire modua. Idatzitakoa erakusten hasi nintzen jada benetan perspektiba galdu nuela konturatu nintzen momentuan. 

Proiektua aurkeztu zenuenerako pentsatuta zeneuzkan errimak? Nola aldatu da proiektua hasieratik hona?

Proiektua aurkeztu nuenean ez nekien zer suposatzen zuen nobela bat idazteak, orduan, nire gaitasunak baino prozesu anbiziotsuagoa neukan nik buruan. Baina gero ikusi nuen ezetz, eta ordutik hona prozesua gehiago izan da kentzekoa: kendu pertsonaiak, laburtu trama, eta kondentsatu. 

Hizkuntza oso landuta dago. Hizkuntzak berak islatzen du giroa, tokia, garaia.

Testua laburra izanik, ahalegindu naiz ahalik eta informazio gehien ematen ahalik eta modu diferenteenetan, baita hizkuntzaren bidez ere, ez bakarrik euren berbaera landuz, baizik eta agertzen diren elementuak aukeratuz eta erritmo bat ematen saiatuz. Hizkuntzarekin gozatu egiten dut, eta gozatu dut berbak eta egokierak topatzen. 

Esan dugu Sabina dela liburuaren hariari tira egiten diona, baina beste pertsonaiak ere ederto harrapatu dituzu.

Bai, batez ere begiratu nuen ea zeintzuk izango ziren Sabinaren figurari gehien aportatuko ziotenak, alde batetik bere ispilu izango zirelako gauza askotan, eta bestetik bera rol diferenteetan agerrarazteko balioko zutelako.  Bizilagunarekin  eta  herritarrekin,  esaterako, oso hermetikoa da; alabekin oso autoritarioa, semearekin permisiboagoa. Agertzen duen samurtasun apurra bilobekin eta animaliekin agertzen du. Baina harreman korapilatsuena, bere zaintzapean dagoen koinatuarekin daukana da. 

Hain justu ere, aparte aipatzekoa da Sabinaren eta Henryren arteko harremana.

Bai, zaintzailearen eta zainduaren arteko mendekotasun harreman bat dago oinarrian, baina Sabina bere rolari buelta ematen saiatzen da nolabait boteretzeko; berarentzat oso garrantzitsua da ingurukoek funtzio hori aitortzea, horrexen baitan ardazten baita bere egunerokoa. Era berean, Henry ere, bere muga guztiekin, kontziente da Sabina bere pentsura edukitzeak ematen dion botereaz eta horretaz baliatzen saiatuko da. Azkenean, soka-tira moduko batean bizi dira: biak daude soka berari helduta eta tiraka aritzeak biei zauritzen dizkie eskuak baina, era berean, badakite bestea jausiz gero eurak ere erori egingo liratekeena. 

Lehenengo aldia duzu horrelako nobela bat idazten, zer egin zaizu zailena eta zer errazena?

Zuk esan duzun moduan, pertsonaiak harrapatuta daude. Erraza egin zait haiek deskribatzea eta tramara ekartzea, oso argi neuzkan bakoitzaren ezaugarriak eta funtzioak. Sabina bat, esate baterako, bera izango da ziurrenik pertsonaien artean ondoen ezagutzen dudana eta behin hari nagusia definituta, ia-ia berari segika joatea lakoa izan da. Zailena, berriz, testuarekiko distantzia egokia hartzea. Batzuetan obsesionatzen zara pila bat inportantziarik ez daukan gauza batekin, eta beste batzuetan igual irteten zara testutik eta denari begira hasten zara, baina galtzen duzu pasarte batek edo ekintza batek daukan indarra. Optikara zoazenean bezala, eta pila bat lente jartzen dizkizutenean? Batekin parean ikusten duzuna handiegia da, eta beste batekin, ostera, txikiegia. Horrela sentitu naiz. 

Liburua idazten ari zinela tokatu zaizkizu bi bertso txapelketa: Euskal Herrikoa eta Bizkaikoa. Zelan eraman duzu bi jardunen arteko harremana?

Oso zaila egin zait bi munduak uztartzea. Gure bertso jarduna bada barrutik kanporako jardun bat, eta kosta  zait  asko  jendaurrekotasun  horrek  eskatzen  duen energia  uztea,  barrutik  kanporakoa,  eta  etxera  bueltatzean barrutik barrurago begira ipintzea. Tenperatura aldaketa handiak izan dira, etengabe. 

Zein da Sabinaren tragedia?

Alde  batetik  ez  du  onartzen  bere  bulnerabilitatea,  ez du onartzen zahartzaroa, ez zahartzeagatik beragatik, baizik eta horrek ekarri dion autoritate galeragatik. Ikusten du, adibidez, seme-alabek erabakiak bere bizkar zelan hartzen dituzten eta horrek bere onetik ateratzen du. Ez dago amore emateko. Eta bestetik bakardadea, ez ulertua. Momentu batean aipatzen da zelan inoiz ez duen lagunik eduki, adibidez: berak ez du bere burua inguruko andre edadetuen artekotzat jotzen, ez zaizkio beraien kontuak interesatzen. Baina, era berean, gizonezkoek ere ez dute bera euren parekotzat kontsideratzen. 

Pozik geratu zara emaitzarekin?

Saiatu naiz ahalik eta ondoen egiten, eta uste dut kontatu nahi nuena kontatuta dagoela, hori bai.

 

 

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina