Maddi Ane Txoperena: “Klasifikatuta ez dagoen dolu bati buruz nahi nuen idatzi: lagunena”

zaldi bat - Maddi Ane Txoperena Iribarren  Forma eta ahots berri batez jantzita, baina, ohi duen gisan, gogoeta pizten duen lan batekin itzuli da literaturara Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, 1994) idazle eta bertsolaria. Zaldi bat (Txalaparta) nobelan, heriotza, dolua, memoria, laguntasuna eta amatasuna bezalako gaiak jorratu ditu. Eta, horiek guztiak zeharkatzen, zaldi bat; grisa, marroia baino gehiago.

 

 

 

 

 

 

Doluak gurutzatzen du liburu osoa, baina askotariko ertzetatik jorratu duzu. Zer garrantzi du doluak lan honetan?

Liburua idazteko arrazoi nagusietako bat zen doluari buruz hitz egin nahi izatea. Hasieran hiru lehengai neuzkan: pertsona konkretu bat, erreala, hil egin zena –liburuan Unairen pertsonaia dena–; haren heriotza, eta haren dolua. Batez ere, klasifikatuta ez dagoen dolu bati buruz nahi nuen idatzi. Irudikatu dezakegulako zer den senide bat edo bikote bat galtzea, baina ez dugu hainbeste hitz egiten lagun baten doluari buruz, eta hori interesatzen zitzaidan.

Zaldiak hasieratik du toki nabarmena liburuan, baina ia presentzia oniriko bat dirudi: Unairen ordezko gisa funtzionatzen du, baita Miren protagonistak bizi duen gatazkaren isla gisa ere. Errealaren eta sinbolikoaren arteko mugak desitxuratu nahi zenituen?

Ez neukan argi giro fantastiko bat eman nahi nion; Mirenen buruan dagoena islatu nahi nuen: Mireni tresnak falta zaizkio dolua kanalizatzeko eta horrek eramaten du “eromen” moduko batera. Mendebaldeko gizarteetan arrazoiarekin oso lotuta gaude, baina uste dut badirela gauza batzuk ezin direla arrazoiaren bidez esplikatu, eta horietako bat izan daiteke dolua. Doluak batzuetan eramaten gaitu modu arrazionalean zentzurik ez duten gauzak egitera, eta Mireni hori gertatzen zaio. Eta haren eta zaldiaren arteko harremana interpretatu daiteke literalki idatzia dagoen bezala, edo bere buruan dagoen zerbait bezala.

Protagonistetako bat Unai da, eta ez da pertsonaia ideal bat; alde ilun asko ditu. Haren irudia Mirenen oroimenak iragazita heltzen zaigu batez ere. Interesatzen zaizu erakustea nola eraikitzen den jada ez dagoenaren memoria hura ezagutu zutenen bitartez?

Bai. Batetik dago Mirenek hari buruz gogoratzen duena, baina beste txatal batzuetan agertzen zaizkigu hari buruzko pasarteak, beste ikuspegi batzuetatik, gordinagoak. Interesatzen zitzaidan haren aurpegi diferenteak erakustea, ez ematea irudi idealizatu bat; gainera, horrek konplexutasuna ekartzen zion Miren eta Unairen arteko harremanari ere. Ematen duelako lagun bat hiltzen zaigunean bakarrik bere alde onak azpimarratu behar ditugula, baina denok dauzkagu alde argiak eta ilunak, eta hori ere erakutsi nahi nuen. Uste dut beste harreman mota batzuei buruz askoz gehiago hitz egiten dugula, baina laguntasuna oso gai interesgarria da, ertz asko dituena.

Pertsonaien testuinguruak, herriak, pisu handia du liburuan, eta ez da idealizatuta agertzen, isiltasun deserosoz eta zauri partekatuz betetako espazio gisa baizik. Bilatutako zerbait izan da?

Bai. Ni herri txiki batean bizi naiz, Lesakan, eta egunerokoan ikusten ditut herriaren alde on eta txarrak. Kontakizun nagusian ez dut herri jakin bat irudikatu, baina atal batzuk Lesakan kokatuta daude, Unairen pertsonaia inspiratu duen pertsona erreala Lesakan bizi zelako. Pertsona hori inspirazio iturri izan da, baina ez dut haren biografia idatzi nahi izan. Batetik dago nola ezagutu nuen nik, eta, bestetik, saiatu naiz testuinguruan kokatzen; asmatzen nola eraiki zen pertsona edo pertsonaia hori testuinguru sozial eta politiko zehatz horretan, garai horretan, eta gizon jaiota. Ariketa hori egiten saiatu naiz.

Zure hirugarren nobela da hau eta estiloan aldaketa nabarmena sumatzen da. Modu zatikatuan idatzi duzu, txatalka. Hautu estilistiko hori eduki emozionala formara eramateko modu bat izan da?

Baliteke inkontzienteki baietz, baina ez da nahita egindako zerbait izan. Hasieran blokeatuta nengoen, ez nekien buruan neuzkan intuizioei zer bide eman. Txatal horietako batzuk idatzi nituen; gero kontakizun nagusiarekin hasi nintzen, baina ez nituen txatalak bota, iruditzen zitzaidalako istorioa osatzen zutela. Zati horiekin, eduki jakin bat transmititzea baino, interesatzen zait irakurlea sentsazio batekin geratzea.

Liburuaren hegalean irakur dezakegu idazletzak eta bertsolaritzak, bi-biek duten eragiteko gaitasunean sinetsita aritzen zarela sorkuntzan. Lan honekin ere ekarpen politiko edo soziala egitea bilatzen duzu?

Nire identitatearen ataletako bat da sortzaile izatea, baina beste bat bada mundua eraldatzen saiatzea, eta sorkuntza erabili nahi izaten dut horretarako. Liburu honetan inoiz baino gutxiago egin dut hori modu instrumental batean; izan da askoz asmo pertsonalago bat: nahi nuen doluari buruz idatzi, laguntasunari buruz… Horiek ere erabat politikoak direla uste dut, baina inoiz baino askeago idatzi dut, irakurlearengan hainbeste pentsatu gabe.

Haritz Larrañaga Altuna: “Geure historia geuk bizi izan dugun moduan kontatzeko eskubidea eta betebeharra dugu”

olatuak sutzen direnean - Haritz LarrañagaOlatuak sutzen direnean Haritz Larrañaga Altunaren lehen eleberria da. Autobiografiari fikzio ukituak emanez Euskal Herriko historia hurbila gogoratzeko memoria ariketa egin du askatasunaren bila ari diren bi anaiaren kontakizuna harilkatuz: Lizarrek askatasuna itsasoan bilatzen duen bitartean, Imanol borroka armatuari lotuko zaio. (Irakurri +)

Eztizen Artola: “Ariketa kolektibo bat egitea falta zaigu motxiladun umeoi gertatzen zaigunari izena jartzeko”

gurpilak - Eztizen ArtolaLehen liburua argitaratu du Eztizen Artola Iturratek, Gurpilak (Txalaparta), euskal gatazkaren errelatoa osatze, zauriak sendatze, eta beste ertz batzuei hitzak jartze aldera. Lehen pertsonan kontatutako istorioa da. (Irakurri +)

Patxi Zubizarreta: “Iragana ez da monolitikoa, gertakari beraren oroitzapenak askotarikoak eta kontraesankorrak dira”

Patxi Zubizarreta (Irudia: Zaldi ero)

Memoria-ariketa harrigarria egin du Patxi Zubizarreta idazleak liburu berrian: Sakonean, itsasoa ikusten da. Miangolarratarren uberan (Txalaparta, 2023). Gernikako familia baten hari-muturrari tiraka, erbestealdia osatu du, eta itzulera. Eta, bidean, gure historiaz jabetzeko nahi beste pertsonaia eta gertatu gurutzatu, eta eskaini digu lan eder bat irakurleoi, ohi duen finezaz. (Irakurri +)

Asel Luzarraga bere hamahirugarren nobelarekin datorkigu

Asel Luzarragak bere hamahirugarren nobela aurkeztu du: Esan gabe doa. Sistema lehertzera datorren trilogiaren lehen ale honi erantzuten dion irakurleak, utopia klabean idatzitako orriotan aurkituko du bilbotarraren lanik oparoenetarikoa. Gauza jakina da distopia bat idatzi duenak, utopia bat idazteko grina sentitzen duela. Dena delako zeragatik. Bada, Aselek konfederazio literario horretan bere lekua merezi du eta besaulkia lortu bezain pronto molotov koktel batekin lehertzen du. Tamaina horretako odisea horizontalean, behar den adinako maila emanez, beste batzuek aspaldi askatutako Scylla-k gainditzen joango da. (Irakurri +)

Hartzea Lopez Arana: “Frantziar herria ez da soilik harropuzkeria edo sumisioa, badugu haiengandik zer begiratu ere”

Frantziako Errepublikan eta haren kolonietan 1789tik gaur arte izandako herri borroken berri ematen du Hartzea Lopez Aranak (Brusela, 1970) Suak eta hautsak. Herri borrokak Frantzian liburuan (Txalaparta): 1789ko Iraultza, Pariseko Komuna, 68ko Maiatza, Hego Euskal Herriko iheslariei emandako babesa, Jaka Horiak…Dokumentazio lan sakonean oinarrituta, perspektiba historiko zabala eskaintzen du liburuak.

(Irakurri +)