Loraldia Bilboko elkar aretoetan

Gaurtik martxoaren 26 arte Loraldia jaialdia ospatuko da Bilboko txoko ugaritan. Gune horietako batzuk hiriburuko elkar liburu-dendak izango dira: bihar, Xabier Amurizak Neska bat leku inposiblean liburua aurkeztuko du Zamudioko atarian (Zazpikaleetan) dagoen elkar-en; martxoaren 13an, Ekaitz Goienetxeak kaleratu berri duen Zaldi mamarroa eleberriaren inguruan arituko da Fikzio mamarroaren sortze prozesua: testigantzetatik, tripetatik eta lainoetatik hitzaldian; eta azkenik, martxoaren 20an, asteartean, Danele Sarriugartek Azala erre liburua aurkeztuko du Kattalin Minerrekin, Licenciado Poza 14ko liburu-dendan.

         

Ekaitz Goienetxearen “Zaldi mamarroa” eleberriaren aurrerapena: Izaro

Ekaitz Goienetxeak Igartza saria irabazi zuen iaz, eta orain orduan aurkeztutako lan harek Zaldi mamarroa izenpean argia ikusi du. Datorren ostegunean, martxoaren 1ean, Donostiako elkar liburu-dendan aurkeztuko du Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editorea eta CAFeko eta Beasaingo Udaleko ordezkariekin. Arratsaldean, berriz, Igartza Jauregian sari-banaketa izango da.

Lan berri hau irakurtzen hasteko aukera paregabea ondorengoa: Izaro kapitulua aurrerapen gisa.

Positibo.

Haurdun zeuden.

Arresi kaleko farmaziatik atera zirenean Itziri losako baldosak zikinegiak iruditu zitzaizkion. Behegainean jesarri nahi izan zuen, zorabioaren bertigoari eusteko. Farmaziatik atera zirenean, Gaizkari iruditu zitzaion norbaitek zerbait esan behar zuela egoera hartan, eta ez zitzaion beste ezer hoberik bururatu ezkondu egin beharko zutela esatea baino.

«Ba ezkondu egin beharko dugu, ezta?».

Izarok lotsarik gabe eta umore handiz kontatzen ditu bere gurasoen gaztetako gorabeherak klasekideen aurrean.

Unibertsitateko kanpusean eguzkiak atsegin berotzen du, urri hasierako eguerdi epel honetan. Gizarte eta Komunikazio fakultatearen kanpoko aldean, porlanez inguratuta, zelai karratu bat, eta erdian haritz argal bat. Zuhaitzaren alboan jesarri dira Izaro eta klasekideak, belartzan. Erle bat dabil hegaka inguruan. Badira udazkenean loratzen diren haziak, antza.

Jarraitu kapitulua irakurtzen (.pdf)