Xabier Mendiguren: “Kezkatzen nauten gaiez idatzi ohi dut”

Xabier MendigurenArantzak barrurantzXabier Mendiguren editore eta idazle beasaindarrak 50 titulutik gora ditu argitaratuak: nobelak, haur eta gazteentzako kontakizunak, antzerkia… Orain helduentzako ipuin sorta batekin datorkigu: Arantzak barrurantz.

Nolakoa izan da ipuinok sortzeko prozesua? Liburua osatzeko helburuarekin idatzi dituzu ala gero hartu duzu denak bildu eta argitaratzeko asmoa?

Ipuin bakoitza idazten dudan bitartean, huraxe ondo geratzea izaten da nire asmo bakarra, ez dut buruan izaten liburuaren osotasuna nolakoa izan litekeen. 2011tik 2013ra, hiru urtetan idatzitako testuen artean bost hauek iruditu zitzaizkidan onenak, eta hauexek osatzen dute liburua.

6 ipuin amodiozko haiekin alderatuta, hemen amodio gutxi aurkitzen dugu: bakardadea, maitasun ez aseak, bere bizitzarekin zer egin ez dakiten pertsonaiak errepikatzen dira oraingoan.

Nire hasierako istorio haietan ere gehiago begiratzen nien maitasunak sortzen dituen buruhausteei haren pozei baino. Gizon-emakumeok zoriona irrikatzen dugu, eta batzuetan hatz-mamiekin ukitu ere bai, baina literatura, batez ere, insatisfaziotik elikatzen da, eta horregatik dira ipuinok diren bezalakoak.

Zure obran maiz azaltzen den gaietako bat aukitzen dugu oraingoan ere, Euskal  Herriko egoera politikoa eta honen ingurukoak: klandestinitatea, atxiloketak, tortura, ihesaldiak…

Kezkatzen nauten gaiez idatzi ohi dut, eta gure egoera politikoa da horietako bat. Ez aldez aurretik erabakita baizik eta horrela ateratzen zaidalako. Dena dela, urteekin desberdinak dira istorioak, eta oraingoan borrokaren ondorengo orbainak agertzen dira batik bat: iheslariaren etorrera umila, torturaren oroitzapen mingarria…

Zein esango zenuke dela bost ipuinen arteko lotura?

Ez dut loturarik bilatu, baina ezinbestean egongo dira, pertsona berak garai berean idatzitakoak direnez gero. Beharbada, bizitzaren erdia pasatutako pertsonaiak dira nagusi, neurri batean oroipenetatik bizi direnak, baina hala ere geroari begiratu beste erremediorik ez dutenak, arazoak arazo.

Il viaggiatore pusillanime ipuina 2011.ean Argiarekin opari gisa kaleratu zen. Turismoari eta bidaiatzeri  buruzko gogoetan, ekintza horrek “ergelkeriatik eta presio sozialetik” asko duela diozu. Zer kontatu nahi izan duzu bertan?

Dibertimendu bat da berez, ez tratatu bat. Bidaia-liburu asko irakurri dut, eta bestelako ikuspegi bat eskaintzea pentsatu nuen: bidaitzea gorroto duen pertsona baten burutazioak eta justifikazioak

Orokorrean tristura kutsua geratzen zaio bati kontakizun hauek irakurri ondoren: bidaiari bakartiaren abentura absurdoa, minbizia duenaren azken desioa, poliziak torturatu eta bortxatutako neskaren istorioa; herriko medikuaren heriotza krudela…

Badago halako gabezi sentimendu bat liburuan zehar, egia da, baina nire lehen helburua irakurlea entretenitzea da. Liburu honetan ez naiz txisteak kontatzen ibili, baina tarteka badira umore printzak. Eta espero dut amaieran geratzen den aho-gustua, tristura gozo bat izatea, kanta melankolikoek uzten dutenaren antzekoa.

Gogoeta eta gertakariak uztartzen asmatzen duten kontalariak gustuko dituzula esan izan duzu, hausnarketa egin paraleloan doan kontakizun batekin. Helburu hau izan al duzu oraingoan?

Ipuin batean horixe egin dut, esperimentu moduan edo (liburua zabaltzen duen “Il viaggiatore pusillanime” delakoan); baina bestela, narrazioaren muinera joaten saiatu naiz, kontakizunaren haritik apartatu gabe.

Kontatu duzu inoiz idazle ona zarela esan izan dizutela lagunek baina literaturari denbora eta anbizio gehiago eskaini beharko zeniokeela.

Liburu guztiz bikainen bat egin ez izana zuritzeko aitzakia polita da.

Zure lana dela eta denbora guxi geratzen omen zaizu idazteko; hau dela eta errazago zaizu zure buruari proiektu laburrak planteatzea, ipuin laburrak idaztea alegia?

Laburraren laburraz ezer ez idazten amaitu dezaket, beharbada.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina