Gari: “Artistikoki pausu handi bat eman dudala uste dut”
Garik bere kantuen bertsioak eginez osatu du disko rekopilatorioa. Hertzainaken garaiko eta bere bakarkako ibilbideko hamalau kantu ezagun hartu eta hamasei bertsio berri egin ditu, artean Patti Smith kantari amerikarraren kolaborazioa ere sartuz. Jatorrizko kantuei itzal egingo dioten hamasei kantu berri dira. Hamasei lore.
Zer da hamasei lore?
Hamasei kantu, hamasei bertsio, hamasei lore. Zinean ikusi nuen pelikula frantses batean ateratzen zen istoriatxo batean esaldi bat gustatu zitzaidan: “Jarron, burbujas, coral”. Euskaratzeko zaila zen, baina hortik bururatu zitzaidan izenburua: hamasei kantu badira, hamasei lore, “jarroi, buruja, koral” horretan sartzeko. Gainera, “hamasei” ere soinu aldetik atsegina da, loreak ere badu ukitu positibo bat, eta disko hau oso positiboa da, oso koloretsua.
Nola sortu zen diskoa: lehendik eginak zeuden bertsioen bilduma osatuz edo bertsio bilduma bat egitea erabaki eta orduan kantuak sortuz.
Nire teknikoari komentatu nion banindoala Kongora, banituela ideia batzuk, eta pena izango zela Afrikatik itzultzean ez edukitzea erreferentzia bat zuzenekoak-eta prestatzeko. Estudioan elkartu ginen, hasi eta berehala ikusi nuen argi bidea. Esan nien nondik jo nahi nuen, hasi ginen zirriborroari forma ematen eta… Hamasei lore. Sortze prozesuari begiratuta izena izan zitekeen askatasuna eta konplizitatea. Konplizitate handia ekipo guztiarekin, musikariekin, argazkilariarekin… “zer egingo dugu?” galdetzen zidatenean, “tírate al barro, zu zeu” zen nire erantzuna. Askatasun ariketa bat, besterik gabe.
Sonoritate aldetik biluziagoa da aurrekoak baino.
Disko honen sonoritatea ez da nire musika ibilbidea duen batengandik esperoko dena. Askatasun ariketa horretan badago lehendik ere esana dagoen zerbait: azalak kentzea, soinu melodikoago batean saiatzea.
Nik lehen ez nuen ikusten nire burua abeslari bezala. Esperantzari kondenatua diskotik hasten da aldaketa, eta uste dut oraingoan hobekuntza are nabarmenagoa dela. Artistikoki pausu handi bat dela uste dut: disko honetan azalduko diren sonoritatea, tentsioak eta espresibidadeak berriak dira nire kasuan.
Zure kantu oso ezagunen bertsioak egin dituzu. Horretarako ausardia behar da.
Ez dut kezkarik. Badakit ez dela normala rekopilatorio bat horrela planteatzea. Normalena litzateke, Kafe Antzokian, zuzenean… a lo grande! Baina ideia oso garbi nuen! Eta gero, beste gauza inportante bat, errealitate bat: oso garbi ikusten zen egoera ekonomiko eta soziala nora zioan. Egoera horretan makro? …ez, gauza txiki bat.
Kolaboratzaile garrantzistuak izan dituzu diskoan, artean Patti Smith kantari beteranoa. Norena litzateke zuretzat ametsezko kolaborazioa?
Artista asko miresten ditut eta gustura kolaboratuko nuke haiekin, musikariak eta beste espresio artistikoetakoak. Baina, Patti Smithekin onena izan da harremanaren normaltasuna. Esango nizuke Bowie baten kolaborazioa nahi nukeela, baina ezingo nuke, niretzat Bowie asko delako, errespetu handiegia nioke. Patti Smithena ederra izan da lortu dugun konplizitateari esker.
Aurreko diskoan bezala, oraingoan ere argazkilari ezagun bat izango da diskoaren azalaren egilea, Anton Goiri.
Nik badut berezko joera bat alde ilunerako, Franek beti esaten dit, nire kantuei kolorea sartu behar izaten diotela. Oraingoan, disko rekopilatorioan, ilunerako joera hori ikusten didaten horiekin guztiekin gogoratuz kolorea sartzea erabaki nuen. Badakit sorpresa ere eragingo zuela, ez dela normala ni horrela azaltzea. Oso gustura nago Antonen lanarekin.
Patxi Lopez lehendakariak zu ere aipatu zaitu: “… desde que descubrí su versión de Guantanamera con Hertzainak, ha ido gustándome cada vez más hasta este último disco que, de verdad, me parece muy bueno.” Esparantzara kondenatua diskoaz ari zen.
Ez zen lehendakaria idatzi zuenean, kanpainan zegoen oraindik. Ona da horrelako aipamenak izatea. Artistontzat txarrena litzateke ez existitzea inorentzat, inolako aipamenik ez izatea. Garrantzitsua da horientzat, eta edozein koloretako agintariez ari naiz, gu kontuan hartzea. Beste gauza bat da miting baterako ere deitzen zaituztenean! Baina ez dut uste politikariek artearen alde ezer egingo dutenik. Ez dute ulertzen. Diru laguntzez dakite.
80ko eta 90eko hamarkadetan euskaraz sortutakoa entzutea eta jarraitzea ez al zegoen hobe ikusia orain baino?
Hori horrela zen orokorrean, ez bakarrik euskarazko musikarekin. Orduan beste sormen garai bat zen, Europan, Amerikan… Madrileko mobida famatua gertatu zen… Giro berezi bat zegoen, askoz ere irekiagoa. Orain presio handia bizi dugu maila askotan. Kongotik etorri berria naiz, oraindik ondo lur hartu gabe, baina uste dut egoera zail dagoela.
Zer bilatzen duzu bidaietan, zer ematen dizute?
Garrantzitsua dira niretzat, aberasgarri. Bidaiok badute zerikusi handia barne bidaiarekin, neure prozesu pertsonala den barne bidaiarekin. Hor nabil, gauzei forma ematen. Kongotik orain hilabete iritsi naiz, eta oraindik denbora behar dut. Perutik baikortasun handia ekarri nuen. Oraingoan, ikusiko dugu.
Orain zuzenekoetan hasi beharko duzue?
Erronka berezia dugu orain. Bikote moduan ibiliko gara Miguel Moyano gitarra jolea eta biok. Batzuen ustez bikote moduan ibiltzea beheraldietan bazenbiltza bezala da, baina inondik ere ez da horrela. Ederra izango da! Gauzak dauden moduan talde handiarekin herri gehienetara iristea inposiblea da. Bikote moduan errazagoa izango da eta uste dut ikusgarria ere izango dela.
Zein kontzertu ikustearren egingo zenituzke milaka kilometro?
Gaur egun? Asko! Orain Afrikatik ekarritako musika entzuten ari naiz. Musika tradizionala da, ez tribala, 60 eta 70 hamarkadakoa. Ikutu latino handia daukan musika oso polita. Rock&roll-ean, badira europear begiratua daukaten talde amerikar batzuk, oso interesanteak: Eels, Andrew Bird, eta Wilco, noski.