Londres kartoizkoa da – Unai Elorriaga

“Diktadurak pasatzen dira baina esentziak bertan dirau”
 
Zer kontatzen du Londres kartoizkoa da nobelak?
Gizarte batean dagoen egoera kontatzen du. Gizarte horretan diktadura bat egon da eta diktadura ostekoa gero. Protagonista jakin batzuk ditu, neba-arrebak: arreba aspaldi desagertu zen, diktadura sasoian. Pertsonaia horien bitartez kontatzen da zer gertatu den, ze diktadura mota egon den eta diktaduraren ostekoa zelakoa izan den, nola dagoen egoera konpondu barik.

Nobelaren zati handi bat ez da teilatuetatik jaisten. Zergatik teilatuak?
Herri guztiek dauzkate berezitasunak. Orain modan dago esatea ez dagoela kulturarik, denak garela herri txiki globalizatu bat, ez dagoela berezitasunik, internetekin denok garela berdinak… eta hurrengo pausoa da esatea munduko hiritar garela. Hori esanda gustura gelditzen dira batzuk; intelektual itxura ematen dute gainera. Hori beste diktadura mota bat iruditzen zait, diktadura kulturala –diktadura intelektuala beharbada.
Nik berezitasunak nabarmentzea nahi nuen eta horietako bat da herri hori teilatuetan biltzen dela, batzarrak ere teilatuetan egiten ditu. Diktadura batek, batez ere kanpotik datorrenean, gehienetan egiten duen lehenengo gauzetako bat izaten da berezitasun horiek ezabatu, eta hain zuzen, hori gertatzen da: diktadurak ez du teilatua kontrolatzen, ez du ulertzen, ez daki zer gertatzen den hor; hori ezabatu behar du beraz, hori deuseztatu.
Horrez gain, teilatuetatik beste ikuspegi bat dago, mundua beste modu batera ikusten da… Hainbat motibo dago teilatuetan gertatzeko.

Herri baten bereizgarriak aipatu dituzu baina zuk hainbat lekutatik hartu dituzu. Nola jokatu duzu?
Argi neukan diktaduraren esentziari buruz hitz egin nahi nuela, ez diktadura jakin batez. Azken batean diktadura gertatzen da, pasatzen da, baina esentziak bertan dirau. Ematen du bizi garela demokrazia batean, trankil, diktadura gertatu dela eta gainditu dugula, eta ez da egia.
Gaur egun edozein armadatan edo hainbat sektore politikotan dagoen pentsaera beldurtzeko modukoa da. Interes ekonomikoak edo militarrak edo dena delakoak badira, ez dute dudarik egingo behar dena zapaltzeko. Horregatik azpimarratzen da diktaduren ostean nola militarrei, politikariei, inguruan ibili diren guztiei, ez zaien ia ezer gertatzen.
Esaterako, denok ikusi ditugu Palacio de la Monedan tankeak; Pinochet, ordea, zerga kontuengatik harrapatu nahi zuten, Franco ohean hil zen, Ruandako sarraskigile batzuk Parisen bizi dira… Oso merkea da diktadura bat sortzea eta pasatzea.

Zure liburuetan orain arte samurtasuna nagusitzen zen, orain berriz, gai oso gogorrak: torturak, desagertuak… Zergatik pauso hori, zerk bultzatu zaitu?
Ez dakit, beharbada adinak edo irakurketek… Askotan galdetzen da literaturak zerbaiterako balio ote duen eta nik beti nioen literaturak ez duela ezer aldatzen, jolasa dela eta jolasak idazten nituen. Baina… ni pertsona bera izango nintzen irakurri dudana irakurri izan ez banu? Ez dakit ze liburuk egin nauen ni naizen modukoa edo ez dakit liburu multzo batek egin nauen edo irakurri dudan guztiak, baina ez banu ezer irakurri beste pertsona modu bat  izango nintzen. Ez dakit literaturak zerbaiterako balio duen, baina pertsonak aldatzen ditu, eta nik uste dut hor ere ahalegin bat egin behar dela. Gero eta konbentzituago nago gizartearentzat, ondoren datozenentzat, gure herrirako eta herrigintzarako ez dela hain gauza ezdeusa. 

Esana duzu liburu hau prestatzeko psikiatriko batean lan egin zenuela.
Diktadura bat errealitate bihurtutako paranoia da. Hau da, psikotikoaren elementuetako bat jazarpen sentimendua da: beti uste du harrapatu egingo dutela, torturatuko dutela, edo hil, edo kartzelaratu. Hori psikotiko askok daukate, eskizofreniko gehienek. Bada, diktadura paranoia erreala da: jendeak uste du agenteak atzetik dauzkala, grabatzen, telefonoen beste aldean… Eta askotan hala da, egia da. Kasu horretan gizartea bera bihurtzen da paranoiko.
Horrez gain, diktadoreen burmuinak aztertuz gero, argi ikusten da hor gaixo psikikoak daudela: hainbat psikotiko modu, psikopatak, neurotikoak… Honetaz guztiaz irakurrita asko ikas nezakeen, baina gaixoak eurak ere ezagutu behar nituen, eta eurekin lanean egon nintzen.

Zure idazkeran aldaketa nabarmena dago. 
Liburu honek eskatzen zuen idazkera da edo zure estilo berria?
Bietatik apur bat: estilo berria da baina liburuak ere eskatzen du. Orain arte hiru liburu egin ditut, nahikoa estilo markatuan. Kritikariek-eta esana dute nire liburuetako edozein pasarte irakurri eta arin igartzen zela nor zen idazlea. Hori ondo dago, baina uste dut literaturak daukan baliorik handienetakoa dela irakurlea harritzea. Behin eta berriro estilo berbera eta gai antzekoak jorratzen baldin badituzu, nekez harrituko duzu inor. Baneukan gogoa harridura hori pizteko berriz, eta deliberatu nuen gaia, egitura eta pertsonaiak errotik aldatzea. Honen moduko gai gogor batekin behar nuen estilo zorrotzagoa, zuzenagoa. Proba asko egin nuen, topatu nituen tonua eta ahotsa, eta ekin nion. Hori da niretzat gauzarik inportanteenetariko bat: kontatzeko ze ahots erabili.

Liburu honen egitura berezia da oso. Hasi 
aurretik erabakita zegoen edo arian-arian sortu zaizu?
Askotan galdetzen didate idazle batek nola prestatzen duen liburu bat. Idazle batzuek diote liburua hasi eta liburuak berak eramaten dituela, ez dakitela nora helduko diren. Ez da nire kasua, nik aurretik daukat oso-oso ondo pentsatuta. Egongo da xehetasunen bat bidean harrapatu dudana, baina, egitura batez ere, hasiera-hasieratik daukat prestatuta. Oraingoan, liburuaren azken esaldia hasieratik nekien. Liburuaren letra bat idatzi aurretik nekien ume horrek hori esango zuela amaieran.

Badago polizia-nobela bat txertatua nobelan. 
Zer da, generoari egindako omenaldia, parodia, jolasa?
Denetarik apur bat. Agatha Christie, Sherlock Holmes eta halakoekin ikaragarri gozatu dut eta nahi nuen halako omenaldi txiki bat egin, baina ezin da omenaldi seriorik egin parodiarik egin gabe; azken batean, denak dira oso antzekoak eta, sakonean begiratuta, oso egitura barregarria daukate. Jolas moduko bat ere egin nahi nuen. Lehen, zenbaitetan, barre ere egiten nuen idazten ari nintzen bitartean eta pentsatu nuen ezin nuela hori galdu. Hor badago pertsonaia bat, Mr. Mallowan. Berarekin izugarri gozatu dut. Amaierako eskerretan sagar erre bi eskaini dizkiot,hari esker gozatu dudana aitortzeko.

Jorratu dituzun gaiak jorratuta kazetarien 
politikari buruzko galderak etorriko zaizkizu agian. Horretarako prest?
Lau urte eman ditut liburu honekin, hausnarketa oso luzeak egin ditut liburu honen eta gai hauen inguruan, asko irakurri eta ikusi dut, eta seguru asko, ez da egongo aurretik erantzun ez dudan galderarik. Galdetuko dizkidate gauza gogorrak, baina egia esan, gogoa ere badaukat zuzen erantzuteko. Batzuetan ematen du apur bat itzurian zabiltzala eta ez da hori. Ez duzunean erantzuten, ez da jarrerarik ez daukazula, baizik eta zuk daukazun iritzi hori zortzi mila aldiz entzun duzula. Zertarako errepikatuko duzu, baten batek zu sailkatzeko? Azken batean hori da nahi dutena, zu sailkatu. Nik apur bat kanpotik ikusi nahi ditut gauzak, inongo gizarte- multzotan sartu barik.
Liburu honetan ahalegin handia dago manikeismoan ez jausteko: alde batekoak biktimak dira eta besteak borreroak, baina biktimek ere badauzkate euren kontrako gauzak, euren borreroak, elementu epelak eta traidoreak; eta kontrakoek ere badauzkate euren seme-alabak eta bilobak, errugabeak beharbada… Dena ez da zuria edo beltza. Kazetariek hori da nahi dutena askotan.

Aurreko zure lan bat film bihurtu zen. Londres 
kartoizkoa da liburuak emango al luke horretarako?
Irakurri duten batzuek esan didate nire lau liburuetatik hau dela pelikula bihurtzeko egokiena, beste batzuek, aldiz, oso konplikatua dela horretarako. Auskalo. Eta berdin dit. Sortzen bada, emango dizkiet eskubideak, emaitza ikusiko dut eta listo. Orain hobeto ezagutzen dut mundu hori eta ez zait gehiegi gustatzen. Artetik gutxi dauka azkenean.

Amaitzeko udazkenerako irakurketa gomendiorik?
Roberto Bolañoren 2666 liburukotea. Edo beste txikiago bat: Corman McCarthyren The Road, (La Carretera gaztelaniaz) benetan bitxia, eta harritzekoa.
Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina