Unai Elorriaga: “Liluratu egin ninduen”

.

Ádám Bodor (Cluj-Kolozsvár, 1936) Errumanian jaiotako idazle hungariarraren Artzapezpikuaren bisita euskaratu du Unai Elorriagak. Apaizek zaindutako kontzentrazio-zelaiak dauden herri imajinario batean kokaturiko eleberri harrigarria.

 

Nola eta noiz izan zenuen Ádám Bodor eta nobela honen berri?
Ahalegina egiten dut, lantzean behin, Europa erdialde-ekialdera ostera batzuk egiteko. Eta, lantzean behin, topatzen ditut halako urregorri moduko batzuk.

 

Eta zer efektu eragin zizun irakurketak?
Lehenengo irakurketaren efektua ez dut oso gogoan, hamaika aldiz irakurri baitut dagoeneko eta nahastu egiten zaizkit sentsazioak, irakurketa bakoitzean gauza berriak topatzen ditut eta. Baina argi dago ikaragarria izan zela efektua, bestela nekez irakurtzen dut libururik birritan, eta itzulpena egiteko erabakia hartu baino lehen lau aldiz irakurri nuen hau.

Sentsazio horren atzean, bada zure idazkerarekiko kidetasun bat?
Nik gomendatuta irakurri dutenek ikusi dute nire idazkerarekiko kidetasuna, egia da. Hala ere, Bodorrek badauka nire idazkera, nire pentsatzeko modua, nire mundua ikusteko era gainditzen duen zerbait, erabat harrapatzen ez dudana. Eta horrek liluratuko ninduen seguru asko.

Berehala bururatu zitzaizun liburua euskaratzea? Zein izan da prozesua?
Esan bezala, lau aldiz irakurri nuen liburua itzultzeko erabakia hartu baino lehen. Beti iruditu zait etengabe egin behar dugula ikasteko ahalegina, eta sumatu nuen liburu honek bazeukala irakasteko elementu asko. Horregatik ari nintzen behin eta berriro irakurtzen. Halako batean, baina, nire itzultzaile sasoia gogoratu nuen eta burura etorri zitzaidan orduan ikasi nuen gauzetako bat: testu bat itzultzea dela barne-zirrikitu guztiak atzemateko modurik onena. Eta hala hasi nintzen; ez argitaratzeko asmoarekin, baizik eta ariketa literario moduan. Amaitu nuenean pentsatu nuen ez legokeela txarto testu eder hori, niri hainbeste irakatsi didana, euskaraz, beste irakurleen eskura egotea. Orduan proposatu nien editoreei.

Eleberri bitxia da hau: herrialde totalitario bat deskribatzen zaigu, eta elementu batzuk identifikatu uste ditugu, baina beste batzuek deskolokatu egiten gaituzte…
Literaturak gauza handia egingo luke aldi oro deskolokatuko bagintu, hau da, gogoetarako erabat bideratuta daukagun ildotik segundo batez behintzat aterako bagintu. Liburu honek badauzka halako segundoak.

Egilea Errumanian hazi izanak, eta gutxiengo hungariarreko kidea izateak izango du zerikusirik liburuan agertzen diren bizikizun horiekin, ezta?
Dudarik gabe. Errumaniak izan ditu une latzak hogeigarren mendean (ez Ceausescurekin bakarrik). Herritar gehienak egon dira gutxituta, baina are gehiago gutxiengoan zeudenak, tartean Ádám Bodor. Zapalketa hori, baina, maisutasunez kontatzen du hungariarrak, distantziatik, ironiatik, txorimaloez ariko balitz legez.

Idazkeran, lehortasun/sentsualtasun joko bat dagoela ere esan liteke, ezta?
Egia. Unerik latzenetan beti pizten du Bodorrek distira moduko bat (sentsualtasunerako edo, are, sexu gordinerako joera duena). Harrituta irakurri izan dut beti gerra edo hondamendi sasoiko kontakizunetan nola zabaltzen duten lekukoek, maiz baino sarriago, egoera ludikoetarako atea. Bodorrek primeran egiten du.

Egitura bera da azpimarratzeko moduko beste ezaugarri bat.
Eleberriaren egitura izan zen gehien txunditu ninduten elementuetako bat eta, gaur egun ere, liburua hamabost bat aldiz irakurri ostean, txunditzen nauena. Etengabe ari da idazlea aurrera eta atzera, hasiera amaiera izan daiteke, baina ez da, jauziak egiten ditu, mota guztietako olgetak egiten ditu, baina, hala eta guzti ere, irakurleak beti dauka kontakizuna aurrera doan inpresioa, sekula ez da galtzen eta berdin dio egitura-jolas horrek, aurrera jarraitu nahi du.

Erteuropako giroak Kafka-eta gogorarazten dizkigun arren, planteamenduak ez al du Juan Rulfo mexikarraren Pedro Páramo-ren kutsu bat? (aita ezezagunaren bila mamu-herri batera iristen den gazte arrotza)
Beharbada literatur tradizioen nahasketa horiek eramango dute literatura aurrera. Geuk ere nahastu beharko genuke, beharbada, Lazkao Txiki Bodorrekin.

Károly Morvayren laguntza izan duzu itzulpenaren berrikusketan; nolakoa izan da lankidetza hori?
Ederra. Károly Morvay hungariarra euskal irakurle bikaina da. Hitzez hitz alderatu zituen jatorrizko bertsioa eta euskarazkoa, eta ohar jakingarri batzuk eman zizkidan. Lana zehatz eta zorrotz egin zuen hizkuntzalariak eta neurriari eusteko ahalegina egin nuen nik.

Itzulpen hau, aurreko eleberria amaitu eta berria idazten hasi bitartean burutu duzu. Hasita zaude zure hurrengo proiektuarekin? Zerbait aurreratzerik bai?
2009an amaitu nuen Londres kartoizkoa da eta ordutik nago hurrengo proiekturako dokumentazioa biltzen, sailkatzen, irakurtzen, oharrak hartzen, eskemak egiten, egituratzen… Ia urte bi daramat. Indarkeriaren inguruko zerbaitean nabil, baina indarkeria hain esparru zabala izanik, fokalizatu beharra dago. Ruanda, Errumania… Baina zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gogo handiagoa daukat pentsatuta daukadana iraultzeko. Prozesu luzea izango da; garunean argi eduki arte, ez naiz idazten hasiko…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina