Josean Agirre: “Fikzioaren eta saiakeraren mugan, kontrabandoa eginez, genero batetik bestera materiala garraiatzen baitut etengabe.”

Joxean Agirrek elkarrizketan azaltzen duenez fikzioaren eta saiakeraren mugan dabilen
testua sortu du. Zwei Frauen (bi emkume) liburu irakurterraz atsegina, interesgarria eta
dibertigarria.


Aurreko liburuaren izenburua frantsesez, oraingo hau alemanez… Zergatik titulatze poliglota hori?

Tramak halaxe eskatzen zuelako. Hizkuntzetan oso motza naiz, deseroso nabil ikasitako hizkuntzetan eta alemanez ez dakit fitsik, nahiz eta bere sonoritatea gustatzen zaidan. Tramaren barruan, Frisch-en imitazio modura idatzitako “Bi emakumeak” eleberria lagun batek itzuli behar zidanez, Conny Beyreuther argazkilariari deitu nion arratsalde batean alemanez nola esaten zen galdetzeko eta berehala jakin nuen idazten ari nintzenak izenburu hori izango zuela.

Literaturari buruzko literatura idatzi duzu, hausnarketa, saiakera maila batean, baina fikzio irakurterraz egitea lortuz.

Frisch-ekiko izan nuen mendetasunari buruz idatzi nahi nuen eta, saiakera txukun bat egiteko kapaz ez naizenez, neuri gertatuak eta asmatuak nahasten hasi nintzen. Fikzioaren eta saiakeraren mugan dabil, ondorioz, lan hau, kontrabandoa eginez, genero batetik bestera materiala garraiatzen baitut etengabe. Bestalde, aurreko lanetako estilo dotore eta melenga samar harekin aspertu samarrik nenbilen eta hibridoago hau ondo zetorkidan. Saiakera idazten denean iturriak aipatu ohi dira eta fikzioa egiten denean ez. Hemen fikzioan ere erabili ditudan iturriak aipatzen saiatu naiz. Azkenik, literaturaren literatura egiten badut, imitazioaz eta sormenaz ari naizelako ere bada.

Fikzioa sartu duzu egiazkoak diren gertakizun asko kontatuz, kopiari, faltsutzeari eta imitazioari buruz. Zein da prozesua: tesia baieztatzen duten frogak biltzea edo kontakizun horiek guztiak dituzu lehendik eta hor sortzen zaizu ideia?

Ez dut uste tesirik dagoenik. Sorkuntzaren prozesua miresgarria da, bai bizi duenarentzat, kasu honetan idazlearentzat, eta bai lekukoentzat ere, hori baita artearen muina edo errepresentazioaren indarra. Horixe da nobela edo dena delako honen gai nagusia eta beste gaia bikote bizitzari diogun beldurra da. Imitazioari buruzko materiala biltzen hasi nintzen eta horren gainean hasi nintzen lau imitazioak idazten.

Protagonistaren obsesioa eredu dituen idazleak imitatzea da baina aldi berean ahots original bat lortzea. Noiz pasatzen da kopia original izatera?

Klabea da galdera hori, baina ez dago erantzunik. Eredurik gabe ez dago sorkuntzarik, baina imitazioa besterik gabe antzua da, ez du sortzen arterik. Sortzaile bakoitzak badaki noiz gainditu duen marra hori, noiz ari den zerbait berria egiten. Baina muga horren inguruan oso material gutxi aurkitu dut eta ezin nuen eman auzia erabakitzeko irizpide garbirik. Sorkuntzaren eta imitazioaren gai hau argitzeko genero grafikoena pinturarena da eta faltsutzeari buruzko kontakizun harrigarri batzuk tartekatu ditut.

“Zwei Frauen” izeneko imitazioak, laugarrenak, “Zwei Frauen” liburuaren idazketa prozesua kontatzen du (besteak beste). Izen bereko ipuina, ipuinaren barruan.

Laugarren imitazioak nobela baten idazketa kontatzen du bi emakumeei buruzko kontakizunaren barruan. Nobelaren idazketa hori Max Frisch imitatuz egin behar nuen, baina idazle suitzarra imita ezina da eta beldur naiz, ia seguru nago, ez ote den parodia txar batean geratu.

Kontakizuna ez da lineala, pertsonaiek istorioak irudikatzen dituzte luze eta berriro errealitatera itzuli, pentsamenduetan ere urrutira doa protagonista… Nola lotzen duzu egitura, aurrez planifikatuta edo sortu ahala?

Egituraren zirriborro batzuk planifikatu behar dira aurretik gaia zehazten ari zarenean eta hasierako fase hori izaten da aspergarriena eta gogorrena niretzat behintzat, baina egitura idatzi ahala joaten da itxura hartzen eta horrek, abentura horrek, ematen dio idazteari duen grazia; izaki berri bat edo objektu bat, kasu honetan nobela bat, nola osatzen ari den ikusteak, mirari txiki horren lekuko izateak, alegia. Aldez aurretik bidea garbi bagenu, ez legoke abenturarik. Errealismoa edo eleberri historikoak egiten dituztenek beste zerbaitetan aurkituko dute motibazioa, noski. 

Liburuko atalak imitazio deitu dituzu, eta protagonistari aldiz ez diozu izenik jarri. Lau ataletan zehar, gaztarorik helduarora doa, baina ez dakigu pertsona berbera den ere…

Protagonista bera da adin tarte ezberdinetan hartuta.

Egoera benetan komikoak daude liburuan, umorea algarak eragiteraino. Itxuraz oso ondo pasatzen duzu idazten… Egia? Edo umorea sortzeko lana hartzen duzu?

Sarrerako aipuetara Felix de Azuaren bat ekarri dut “eleberri moderno oro gertuago dago karikaturarik argazkitik baino…” hasten dena. Guztiz nator bat ideia horrekin eta karikatura horiek egiten egia da ondo pasatu izan dudala, baina algarara iritsi gabe inoiz ere. Kasu honetan zure aldarte ona da inbidia pixka bat ematen duena.

Gizonezko ahotsa nabarmena da zure liburuetan. Ez duzu disimulatzen. Egungo zuzentasun politikotik aldentzeak ez zaitu beldurtzen? Propio bilatzen duzu?

Arlo horretan oso seguru sentitzen naiz. Txikitandik emakume feministez inguratuta bizitzea egokitu zait, amarengandik hasita (hura ‘avant la lettre’ izan zen feminista). Azken bi mende hauetan eta azken mende erdian bereziki emakumeek sekulako leku aldaketa egin dute beren independentziaren bila eta ibilbide horretan lekuz aldatu dituzte gizonezkoak ere, beren identitate maskulinoa zalantzan jartzeraino. Nik maskulinitatearen krisia bizi duen gizonezko horren baitatik hitz egiten dut eta begiratzen dut mundua eta begiratzen ditut emakumeak.

Bi emakume batera maite ditu protagonistak, bikote harreman klasikoak izutu egiten du. Polita da bata bestearen erabilpenaren jokoa. Nor ateratzen da irabazten?

Bikote bizitzari diogun klaustrofobia da nobelaren bigarren gaia, lehen aipatu dugunez. Badago matrimonio ohe bat ikusi eta korrika ihes egiten duen jendea. Literaturan gaiari buruzko erreferentziak bilatzen saiatu nintzen eta batzuk sartu ditut, Kafkaren bat tartean oso polita, nahiz eta nobela bukatu eta gero hobeak aurkitu ditudan. Klaustrofobia horren sendabide gisa proposatzen da bina emakume/bina gizonezko irtenbidea. Nor ateratzen den irabazten? Uste dut nobela honetan galtzailea, galtzailerik egotekotan, nire protagonista dela.

Augustin Zubikarai beka jaso zenuen liburu hau idazteko. Eguneroko zortzi orduko lanetik jubilatu zinen… Literaturari gehiago eskaintzen diozu orain?

Beti izaten ditugu literaturaz lanpoko beste hainbat zeregin, baina egia da lehen baino denbora gehiago eskaintzen diodala literaturari eta idazten ari naizenean zerbait egiten (ez probetxuzko zerbait, baina zerbait behintzat) ari naizen sentipena dudala. Ez hori bakarrik, mundua zertxobait edertzen ari ote naizen burutazioa ere izaten dut batzuetan. Baina fantasia bat besterik ez da hori eta, gainera, beste edozer gauza egiten ari naizenean ere izan ohi dut fantasia inozo hori, halakoxea baita nire baikortasuna.

Oraindik ere Karla eta Nadia, liburu honetako emakumeak, dabilzkizu buruan, edo haiek despeditu eta besteren batekin zabiltza dagoeneko?

Beste batzuekin nabil. Lan bat bukatzen denean, dena den, sentitzen da halako nostalgia puntu bat. Ia bi urte pasatu nituen bi emakume horiekin eta pena pixka batekin despeditu nituen. Badakit munduan emakume inpresentable asko daudela, baina nireak beti dira maitagarriak, bizitzan inguruan tokatu zaizkidan asko bezalaxe.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina