Erramun Martikorena NIRE LURRETIK
GURE LURRETIK izenburuak zuzen-zuzen darama Martikorenaren disko berriaren girora: bere lurraren eta herritarren gai eta bizipenak, erbestea, natura, artzaintza, maitasuna, itsasoa, euskara, irrintzia… Erramunen ahots eta kantaera garbian emanak.
Nola egin duzu kantuen aukeraketa. Zergatik kantu hauek?
2005ean egon nintzen kantaldiak utzirik eta ez nuen uste berriz hasiko nintzenik ere. Baina hiru urteren buruan, gogoa egin zait eta banekien baneuzkala testuak zoko batean pilatuak, batzuk ahantziak ere bai, baina hasi naizelarik aurkitu ditut.
Diskoan gaien batak besterako lotura egiten saiatu naiz: Gure aberastasuna da euskara eta hori jarri dut hasieran; gure bizitza eta gure gurasoena ez da gehiago berdina, baina uste dut haiek eginaren gainean abiatu garela gu ere, eta guk egina utziko dugu besteentzat ere. Hor hartu dut familiarena, gazteen amodioa…
Aipa ditzagun ale batzuk. Agur Ameriketako euskaldunei, Oxobirena. Kantiruki taldea duzu laguntzaile honetan. Kantuak kutsu amerikanoa du oso.
Kaliforniako country doinu batean ezarri dut kantu hori. Han egon nintzen urrian eta orduan ezagutu nuen. Nik ere badut han familia eta nire ama ere han sortua zen. Kantirukiko kantarietan badira hiru pertsona han sortuak direnak, Kalifornian. Gero hemen ezkondu dira, hemen familia hazten ari dira. Beraz, Kantiruki taldearekin sartzen da egiazko istorio batean.
Umorea eta alaitasuna ere ez da falta, kantu herrikoietan sarri ohi den eran. Adibidez Artzainaren Arantxa abestian.
Esku-arrantza hori nire haur denboran egiten zen, nik ere egin izan dut. Lehenik beharra zen, ber denboran goxotasun bat elkarren artean. Kantuko esperientzia gogorra ere bada, guardek harrapatu zuten eta Donapaleun zen tribunalera eraman zuten. Baina bere alderdi onetik agertu du bertsu horiek egitean Otsobik. Molde umoretsu batean ezarria da.
Abestietan azaltzen duzun bezain polita al da artzain bizitza?
Hemengo mendiak badu bere berezitasun bat: xuta da, malkorra da, baina etxetik hurbila, gorenez etxetik ordu bateko bidea oinez. Artzainak jausten ziren egunero esnearekin, bezperako arratsekoa eta goiz hartakoa, etxera ekartzeko.
Orain badugu traktorea, lehen dozena bat ginen tokian orain lau gara… orain behar da kontuetara heldu, lehen ez ziren gastuak dira orain, administrazio lan handiagoa. Lehen bizitza fisikoki gogorra baina lasaiagoa zen. Lehengo alderdi onarekin, oraingo alderdi txarrik gabe… hori liteke.
Bidarrain jasotako liburu batetik hartu ditut artzain munduko bizitza erakusten dutenak.
Emigrazioa mingotsa izan da Euskal Herrietan. Kantu goibel bat egin diozu.
Biziki gogorra da. Garai hartan, 1860an egina da kantua, herritik kasik atera ez ziren gazte batzuentzat horrela joatea zer zen pentsatu behar da. Lehenbiziko joan zirenak karakterraz oso gogorrak ziren. Baina gero, orokortu zelarik migumendu hori, baziren oso gogorrak, normalak eta baita ahulak ere. Nik baditut gurasoei entzunak oso istorio gogorrak eta horrela jaso nahi izan dut.
Herbesteratzeko beste modu are tristeagoa, Gerra.
Gizartearen istorioa berdin segitzen duela erakusteko, ez ahal berdinekin, baina beti itzulika dabilela, beti printzipio berdinak dira. Gaur munduan behatzen baldin bada, badira miserian eta lurrean herrestan direnak, eta besteak ez dakite zer pentsatu mundua jaisteko.
Etxahun Iruri-ren lo kanta zoragarria kantatzeko Isabelle Jauryren emazte ahotsa dugu.
Hunkigarria da. Euskal kostalde horretako arrantzaleen familiaren bizitza jasotzen du. Etxahun Iruri xiberotarra zen, barnekoa eta hain segur, bere ibilaldietan sentitu zukeen arrantzale mundua. Sentsibilitate handiarekin ematen du Isabel Jaurik.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Laura Gallego: “Donde los árboles cantan” nuevas historia fantástica de Laura Gallego
- Mikel Rodriguez – “Los vascos no hemos aceptado aún el reto de crear una literatura de terror propia” →