Aritz Gorrotxategik Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarien poesia saria irabazi du

Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarien poesia saria irabazi du aurten Aritz Gorrotxategik, Amua izeneko liburuarekin, erritmo ondo neurtu batekin hainbat gai lantzen dituen olerki-bilduma: Mediterraneoaren lilura, erotismoa, gatazka sozialak, heriotza… Elkar argitaletxean kaleratuko du poemario hori, hilabete barru.

Sari banaketa azaroaren 29an, 19:30ean, egingo da Irungo Amaia Antzokian. Bertan euskarazko eta gaztelaniazko eleberri eta olerki modalitateetako irabazleek beren sariak jasoko dituzte.

43. edizio honetan, ondorengoak izan dira irabazleak:

Paula Lapido
Lanaren izenburua: Los que alcanzan la orilla
Gaztelaniazko eleberria. Saria: 25.000 € + Garaikurra

Carlos J. Aldazabal
Lanaren izenburua: Mauritania es un país con nieve
Gaztelaniazko olerkia. Saria: 15.000 € + Garaikurra

José María García-Viana Arenales
Lanaren izenburua: Pentaedroa
Euskarazko eleberria. Saria: 25.000 € + Garaikurra

Aritz Gorrotxategi Mujika
Lanaren izenburua: Amua
Euskarazko olerkia. Saria: 15.000 + Garaikurra

Abian da XIV. Tene Mujika Beka, historia hurbilaz idazteko

2017 urtean Tene beka irabazi zuen lana: Xabier Gantzarainen Zuloa

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XIV. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko dirulaguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:

1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
 
2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak. (Irakurri +)

Iñaki Irasizabal: “Ez dute elkar ulertzen, familia bat dira”

Urtetan nobela beltzak idazten jardun ondoren, ipuin-bilduma sendo eta mamitsu bat dakarkigu Irasizabalek, Zorioneko familia. Teknikan eta gaietan berritasun nabarmenak egon arren, “ahalik eta istoriorik onena, ahalik eta ondoen” kontatzea omen du betiko helburua, gatazkaren bat bihurtuz beti istorioaren muina. Galdezka joan gara beregana.

 Lev Tolstoik esaldi ospetsu batekin hasi zuen Anna Karenina: “Munduko familia zoriontsu guztiak dira elkaren antzekoak; zoritxarrekoak, berriz, bakoitza bere modura da zoritxarrekoa”. Zure liburuaren atarian jartzeko moduko esaldia, ezta?

Tolstoi bera eta esaldi hori batez ere trannszendenteegiak iruditzen zaizkit nire ipuinekin lotzeko. Izen handiak aipatzen hasita, Van Gogh aipatuko nuke. Helburu bakarra omen zuen: konturatu zitezela bere teknika zakarraren azpian samurtasuna zegoela. Uste dut ipuin hauek gehiago dutela samurretik transzendentetik baino.

Familia inspirazio iturri agortezina dela esan liteke. Izan duzu erreferentziazko autorerik literaturan edo zineman?

 Liburuek eta pantailek istorioak kontatzen dizkigute etengabe. Hunkitu gaituzten guztiek daukate gugan eragina, baina ezingo nuke esan zein neurritan bakoitza. Nire ipuinen antzeko giroak dituen istoriok bat aipatzekotan telesail labur bat aipatuko nuke: Mar Coll-en “Matar al padre”. Oso ona.  (Irakurri +)

50 urte Rikardo Arregi hil zela

Duela 50 urte gaurko egunez, 1969ko uztailaren 10ean hil zen Mendaro aldean auto istripuan Rikardo Arregi Aranburu idazle eta ekintzaile andoaindarra. 26 urte besterik ez zituen arren, idazle gazte hark egundoko eragina izan zuen bere garaian, berak sortua baita, besteak beste, alfabetatze mugimendua. Arregik utzitako arrasto sakonaren froga da heriotza hari loturik dauden idazleen zerrenda, XX. mendeko euskal kulturaren berrikuntza markatu zuten izen nagusiak: Txillardegi, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia… Hemen kontatuko dizugu lotura horren nondik norakoa.

Garai hartan Txillardegi Bruselan bizi zen, erbesteraturik, eta bertatik idatzi zuen bere hirugarren eleberria, Elsa Scheelen. Berau argitaratzeko gertu agertu zen Gabriel Aresti, berak sorturiko Kriseilu zigiluan. Aldi berean, Donostian, Ramon Saizarbitoriak, Ibon Sarasolak, Arantxa Urretabizkaiak eta beste zenbait lagunek Lur argitaletxea sortzekotan ziren, eta tratuan ziren Gabriel Arestirekin ere. Hain zuzen, elkarrizketa horietatik atera zen argitaletxe bakarra eratzeko asmoa. Arestik jada ordaindua zuenez Elsa Scheelen-en edizioa, ale horiek Lur-en esku utziko zituen, eta ordainetan, Arestiri auto bat emango ziotela adostu zuten, Lur-ekoen lagun baten Seat 850 bat.

Euskaltzaindiak Bilbon egingo zuen batzar bat aprobetxatuz, Ramon Saizarbitoriak eta Rikardo Arregik hartu zuten kotxea, han Arestiri entregatzeko. Zoritxarrez, ez ziren inoiz iritsi, bide erdian istripua izan baitzuten eta bertan hil baitzen Rikardo Arregi.

Castillo Suarez: “Benetakotasuna bilatzen dut nire hitzen bidez”

Castillo Suarez (Altsasu, 1976), zazpi urteko isilaldiaren ondoren poesiara itzuli da Irautera izeneko liburuarekin, iruditeria begetala eta abandonuaren gaia elkartzen dituena, indar eta dotorezia bereziaz.

Poeta emankorra izan zara beti, garai batean bi urterik behin liburu berri bat atera ohi zuena. Oraingoan, berriz, zazpi urte igaro dira azken poemategia atera zenuenetik. Badu horrek zergatiren bat?

Uste dut idazle bati gerta dakiokeen gauzarik makurrena dela aurrekoa baino liburu txarragoa egitea. Alde horretatik, Urtebetze festa izan da orain arteko nire libururik biribilena, eta egiazki uste nuen ezin nuela hoberik idatzi. Ez dago bestelako arrazoirik. Sumatu dudanean liburu –on– bat nuela burutan, idazketa prozesu oso azkarra izan dut: bi hilabetetan idatzitako liburua da. (Irakurri +)

Apuntatu zaitez eta landu zure sormena!

Gutxi falta da 3. Eko Sketch Vitoria-Gasteiz maratoiaren ekitaldirako eta guk jada prest dugu dena.

Eko sketch-en izen emateko arrazoi bat baino gehiago daude. Horien artean,  egitasmo ederra izateaz gain, bertan topatuko duzun giroa ezin hobea izango delako.

Bestetik, maratoian parte hartzeko behar adina material (Moleskine koaderno bat eta Moleskine arkatz bat) oparituko dugulako izena ematen duzuen guztien artean Gasteizko San Prudencio elkar liburu-dendan. Gainera, hamaiketakoa ere gure kontu izango da.

Guzti honez gain, sari potoloak banatuko ditugu irabazleen artean:

MOLESKINE Smart Writing System

MOLESKINE motxila metro

Elkar opari txartela.

Zer behar duzun hori lortzeko? Izena eman eta sormena lantzea, besterik ez.

Informazio gehiago: www.ekosketch.eus