Castillo Suarez: “Benetakotasuna bilatzen dut nire hitzen bidez”

Castillo Suarez (Altsasu, 1976), zazpi urteko isilaldiaren ondoren poesiara itzuli da Irautera izeneko liburuarekin, iruditeria begetala eta abandonuaren gaia elkartzen dituena, indar eta dotorezia bereziaz.

Poeta emankorra izan zara beti, garai batean bi urterik behin liburu berri bat atera ohi zuena. Oraingoan, berriz, zazpi urte igaro dira azken poemategia atera zenuenetik. Badu horrek zergatiren bat?

Uste dut idazle bati gerta dakiokeen gauzarik makurrena dela aurrekoa baino liburu txarragoa egitea. Alde horretatik, Urtebetze festa izan da orain arteko nire libururik biribilena, eta egiazki uste nuen ezin nuela hoberik idatzi. Ez dago bestelako arrazoirik. Sumatu dudanean liburu –on– bat nuela burutan, idazketa prozesu oso azkarra izan dut: bi hilabetetan idatzitako liburua da.

Liburua irakurriz nabarmena egiten den ezaugarri bat da iruditeria begetala, basokoa. Basoa gure herrietatik oso gertu dugun arren, gutxitan agertzen da literaturan, eta hemen indar ebokatzaile eta edertasun berezia lortzen dira horren bidez.

Maiz urrutiko paisaietara jotzen dugu –batik bat, poetok– irudi iradokitzaileagoen bila. Nire kasuan, gertura begiratu nahi nuen. Joseba Otondori zor diot hori. Berarekin ari naiz lanean landa-ikuspegiari buruzko egitasmo batean, eta horrek behartu nau nire saihetsa errotik mugitzera, alegia, nire inguru hurbilari begiratzera. Baina ez nuen nahi –eta horren adibideak daude egungo euskal poesian– erromantizismoz bustitako poemak idatzi, edo landa-eremuaren gorazarrea egin –gero eta gehiago zabaltzen ari den joera Espainiako literaturan, bestalde–. Benetakotasuna bilatzen dut nire hitzen bidez, eta nirea ez da inguru bukoliko bat, arras ederra izanagatik.

Landaretzari lotua dago geografia jakin bat ere, ezta?

Liburuaren paisaia sentimentala nire jaiotetxean kokatu dut. Altsasukoa naiz, baina autobiaren bestaldekoa, Gipuzkoako mugatik gertu dagoen dermio batekoa. Etxetik atera oinez paseo bat ematera, eta katea gurutzatzen badut Goierrin nago, eta basoak oso bestelakoak dira bertan: ustiatu egiten dira –irabazi asmoarekin, esan nahi dut–. Hortaz, espezie arrotzak daude. Eta iruditzen zait iruditeria aldetik indar handikoa zela arrotzaren eta bertakoaren arteko talka hori.

Eta zuk, berez daukazu jakintza hori dena, dokumentatzen ibili zara…?

Bai, laguntza izan dut mendiko kontu, esan dezadan, teknikoei dagokienez –bidenabar, bihoazkie nire eskerrik zintzoenak Joxemari Alegríari eta Juanmari Apaolazari–. Hori batetik. Baina, bestetik, xeheki irakurri ditut beren eremu geografikoari buruz idatzi duten idazleen lanak, batik bat poeta galegoak. Iruditzen zait oso harreman zintzoa dutela paisaiarekin. Hori da, hain zuzen, bilatzen dudana: zintzotasuna.

Gaia aldatuz, zure betidaniko bereizgarria izan da pop ukituko poesia egitea: gai serioak tratatu arren estiloz arina, tonu jostalari bat zeukana maiz. Hemen, aldiz, grabeagoa da doinua, ezta?

Uste dut adin kontua dela hori. Elena Medel asko miresten dudan poeta bat da, eta bere liburuak berrirakurtzen ari nintzela ohartu naiz gauza bera pasatu zaiola: Chatterton da bere azkeneko liburua, belaunaldi baten krisiari –batik bat, ekonomikoa– buruzkoa. Galdu dira haurtzaro eta nerabe garaiko irudi –pop– gehienak. Berri Txarrak musika taldearen diskoetan atzera eginez gero ere fenomeno bera gertatzen da: kanta batzuek ez dute jada funtzionatzen, nire iritzian. batik bat hitzengatik. Dena den, esan dezadan ez dudala lotsarik sentitzen aurretik idatzitakoei buruz. Hein handi batean, horri esker nago orain nagoen tokian. Horri esker gaude gauden tokian. Horretan bat nator Gorka Urbizurekin. 

Eta hala ere, ironiaren ukitua etengabekoa da. Ezinbestean ateratzen zaizu? Hautu kontziente bat da?

Eroso eta gustura nagoen tokietan ironia barra-barra erabiltzen dut. Niretako sedukziorako tresna bat da, erakargarri egiteko bide bat. Uste dut aita eta aitona arras seduktoreen ondorengoa naizela.

Haustura sentimental baten arrastoak utzi dituzu han eta hemen; normalean zure poesia ez da barrena biluzik erakustekoa izan…

Uste dut abandonuari buruzko liburu bat dela, haustura sentimental bati buruzkoa baino gehiago. Abandonatua izan denaren ikuspegitik eginda dago, bizirauteko hartzen diren hautu kontziente eta inkontzienteei buruzkoa. Bizirauteari buruzkoa da, hobeki esan. Berri Txarrak musika taldea etorri zait akordura berriz ere: “Bizi ala iraun, bizi ala iraun, biziraun zu barik”. Aipu ederra izan zitekeen liburu honetarako.

Beti egin izan duzu poesia irakurgarria, hermetismo ilunetik ihes egiten duena, baina aldi berean, komunikagarria izanagatik, irakurketa unibokoei iskin egiten diezu, testu irekiak proposatuz. Liburu honetan ere oso presente dago hori.

Badira nanoipuinen antzekoak diren poemak, nolabait esateko hasiera bat eta bukaera bat dutenak, baina nik nahigo ditut zer pentsatua ematen dizutenak, autoan bakarrik zoazenean buruan bueltaka dituzunak. Poema bat idazten dudanean oso garbi daukat irakurlearendako ari naizela –niretako bakarrik arituko banintz, egunerokoa idatziko nuke–. Horregatik hautatzen ditut kontu handiz hitzak, ez dadin irakurlea gal –eta ez dut irakurlea gutxietsi nahi horrekin–, baina, aldi berean, bere bidea egin dezan.

Poesia barruko sentimenduen askatze gisa ulertzen dutenen kontra, zuk oso neurtuki jarduten duzu, bai edukian, bai forman. Liburu honetan, adibidez, lau parte daude, eta bakoitzean 15 poema, egitura matematiko batean kasik.

Uste dut nire izaerarekin bat datorren gauza bat dela hori: oso erreflexiboa naiz, gogoeta egiten ari naiz etengabe, baina, aldi berean, oso sentibera era oso zaurgarria.

Inpresio pertsonal bat azalduko dizut: beti egin duzu poesia ona, baina hauxe da, nik uste, orain arteko zure libururik biribilena.

Bat nator zurekin. Orain arte poema sortak egin ditut, baina nago oraingoan benetako poema liburua egin dudala, hau da, poemen arteko loturak sendoagoak direla, batasun bat dagoela, ez bakarrik atmosfera bera.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina