
“Ez dut nahi konfortik. Jainkoa maite dut, poesia maite dut, benetako arriskua, askatasuna, ontasuna, bekatua”. Aldous Huxleyren maxima dakar gogora Abisalia (Txalaparta, 2014) sinesgaitz honek, iluminatu honek. Serranok dio poema liburu izateko jaio zela, baina ipuin liburua atera zaiola. Literaturaren mugak esploratu ditu Eibarrekoak, “genero eta etiketetan erortzeko beldurrik gabe”.
Zer da Abisalia bera: fisikoa al da, ametsa al da?
Erlojugilea (Txalaparta, 2009) nobelan azaltzen den nire lurralde literarioa da Abisalia. Giza garun itxurako uhartea da, itsaso debekatuaren ertz batean kokatua. Abisalia gizabanako bakoitzaren barruan taupaka dabilen estatua da. Abisalia zapaldu ditudan paisaiez dago egina, baina baita amestu ditudan paisai ezinezkoez egina. Abisalia munduko mendi tontorrik garaiena duen lurraldea da, baina aldi berean, eta alderantziz jarri ezkero, punturik abisalena aurkitu dezakezun erresuma.
Autonomoki irakur daiteke pieza bakoitza, baina hari bat asmatu diozu…
Esango nuke atal guztiei eman diedala antzeko kolore bat, tonu bat, giro bat… desesperantza bat akaso.
Kritika egiten al zaio gaurko gizarteari Abisalian?
Gaurko gizarteari kritika beti egon da presente nire lanetan. Oraingoan ere, batzuetan ironiaz maskaratuta azaltzen bada ere, hor dago. Abisalian, gure munduan porrot egin duten sistema politikoen adibideak sartu ditut, baina oinarrian gizabanakoak arrotz zaion gizarte baten aurrean dituen frustrazioen inguruan mintzo naiz.
Liburua begitandu zait itzela, gordina, leuna… Uste dut sentsazioak sortzea izan dela zure helburua. Hala da?
Hori izan da nire helburua: sentsazioak iradokitzea. Ez zaizkit gustatzen orri bakoitzean zer sentitu behar duzun eta nola sentitu behar duzun agintzen dizuten liburuak. Abisaliako lurretan irakurlea da libre den bakarra. (Irakurri +)
Ipuinak, poesia, gazte eta haur literatura, nobela… kasik genero guztiak jorratu ditu Karlos Linazasorok, ibilbide literario aberats eta emankorrean. Lirismoaren eta sarkasmoaren artean borrokatzen dela dio berak, “sarkaliriko” bat dela. Ironiaz jositako hirugarren aforismo bilduma plazaratu berri du, Alferrik ez balitz.

Bizpairu liburu batera lantzen irudikatzen zaitut… Zein da zure metodo zehatza aforismoak idazteko?
Tarteka bat zerutik erortzen da, eginda. Baina nire mekanismoa guztiz desberdina da: horretan jarri eta egunak ematen ditut. Udako arratsaldetan, siesta orduan… Aforismoak zerbait irakurtzen ari zarela datoz normalean, erantzun bat eman nahian. Baina burua horretan jarri beharra dago. Oso gauza arina dirudi baina burua asko nekatzen zait.
Barruko argitxo hori…
“Barruko argi ttiki horrek, la ostia, zenbat kontsumitzen duen”
“Aforismoa literaturaren penaltia da”. Badu, beraz, emozioa eta arriskua.
Oso miniatura zalea naiz, gero eta gehiago, esentziara joan behar dela uste dut. Aforismoa bizitzeko eta idazteko moduaren destilazio bat da. Eta egungo bizimodurako genero egokia iruditzen zait. Aldiz, jendeak trilogia potoloak eta horrelakoak irakurtzen ditu gehien, eta gainera oso txarrak. Zenbait eta xumeago eta laburrago ahalegin intelektual handiagoa eskatzen du, irakurzaletasun benetakoa. (Irakurri +)




