Kattalin Miner kazetari hernaniarrak irabazi du aurtengo Tene Mujika beka, duela hamar urte bere burua hil zuen gazte transexual baten historia eta kasu hark izandako ondorioak aztertzeko egitasmo batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Minerrena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du kazetariak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.
Amaia-Aimar Elosegi hernaniar transexualak bere buruaz beste egin zuen 2007an, eta, hamar urteren buruan, haren lagun Minerrek zenbait galdera egin nahi ditu: nor zen Amaia-Aimar? Zer utzi nahi izan zuen ondorengoentzat? Nola oroitzen da, oroirtzen bada, gertakari hura? Nola aldatu da, aldatu bada, transexualekiko ikuspegia hamar urte hauetan? Zein leku eman diogu gure memoria intimo eta kolektiboan gertakari hari? Memoriaz, suizidioaz eta transexualitateaz gogoeta egin nahi du Minerrek, besteak beste, bere oroitzapena eta hainbat jenderen lekukotasuna baliatuz. (Irakurri +)
Amaia Apalauzak eta Iñigo Roquek batera aurkezturiko proiektuak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa; halaxe erabaki du Asun Garikanok, Xabier Olarrak eta Xabi Payak osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko lan guztien artean. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Kazuo Ishiguro nobelagile japoniar-britainiarraren The Remains oof the Day euskaratu beharko dute itzultzaileek, eta 2018 urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak. (Irakurri +)
Jabi Elortzak Sara liburua kaleratu du estreinakoz. Elkar argitaletxeko gazte literaturako Taupadak bildumaren katalogoan txertatu den lan berri honetan, 15 urteko gazte talde baten abenturak kontatzen ditu.
Idazle berri honen inguruan eta idatzi duen liburuaren nondik norakoak jakiteko, hemen egindako elkarrizketa:
Hasteko, egile berria zarenez, aurkeztu zeure burua: nor da Jabi Elortza?
Egunean zehar zeregin asko ditut: aita, senarra, euskara irakaslea, 4. mailako tutorea, D.B.H.ko koordinatzailea… Erraz esaten da baina pertsonekin egiten diren lanek badituzte bere alde txarrak eta nekagarriak. Niri asko gustatzen zait irakaskuntza baina nire une gogorrak ere baditut.
Lanetik aparte, nola definituko nuke nire burua…? Bizitzan, orain arte, zorte handia izan duen eta gauzak ondo atera zaizkion norbait. Agian nahiko inkontzientea izan naizelako beti, eta beharbada horrexegatik naiz naizena. Gauza horien artean nerabeen irakaslea, horretarako ere apur bat inkontzientea izan behar da.
Hauxe duzu lehenengo liburua. Zerk bultzatu zaitu idaztera?
Alde batetik gustatu egiten zaidalako eta erlaxatu egiten nauelako, eguneroko arazoak ahaztu eta neuk asmatutako errealitate paralelo batean murgiltzeko aukera ematen didalako, eta, bestetik, kostatu egiten zaidalako ikasleek gustuko duten irakurgairik aurkitzea. Horrekin ez dut esan nahi gauza onik ez dagoela. Esan nahi dudana da nire ikasleen gustuekin bat datorren irakurgairik aurkitzea zaila egiten zaidala. (Irakurri +)
Jule Goikoetxea politologoak Demokraziaren pribatizazioa saiakera-liburua aurkeztu du, eta aurtengo Durangoko azokara lan honekin gerturatu da. Ahotseneak antolatutako egitarau mardularen barruan, lehen egunean, solasaldia eskaini zuen. Jendez beteriko aretoan, Goikoetxeak bere lanean landutako gai sakonari buruz aritu zen. Ondorengo bideo errenkadan laburbiltzen da bertan esandakoa:
5. Kapitulua – Euskal lurraldea federala, nazioa eta autodeterminazioa. Kapitulu honek balio du ezinbestean ulertzeko zein arauenpean bizi garen.
Enekoitz Esnaolak Luhuso – ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna kazetaritza-liburua kaleratu du Durangoko azokarako Elkar, Berria eta Jakinek sortutako Aleka bildumaren barruan. Azokaren lehen egunean Areto Nagusian aurkeztu zuen Martxelo Otamendi lagun zuela:
Zer da Aleka bilduma?