Igartza bekaren edizio berri bat dagoeneko abian da. Atzo, goizean Donostiako elkar aretoan eta arratsaldean Igartza Jauregian aurkeztu zen iazko irabazlea izan zen Mikel Ayllonen lana: Ez tiro egin anbulantziei.
Hauxek dira edizio berri honetako oinarriak:
Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz, XVIII. IGARTZA LITERATURA SORKUNTZAKO BEKA sortu du idazle berrientzat. Bekak, 6.000 euroko diru-laguntza izango du, ondorengo oinarrien arabera:
1. Deialdi honetara, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.
2. Deialdian edonork parte har lezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza hauek bete beharko dira: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea eta aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako narratiban liburu bat baino gehiago ez izatea. Bi baldintza horien muga, proiektuak jasotzeko unekoa (2015-06-30a) da. Sari hau behin irabazi duen idazlea ezingo da berriz aurkeztu. (Irakurri +)
Igartza bekaren laguntzaz, lehenengo eleberria idatzi du Mikel Ayllonek (Laudio, 1980): Ez tiro egin anbulantziei, atzekoz aurrera espetxean hasi eta matxinada eta maitasun istorio batekin amaitzen den obra ausart eta berritzailea. Egilearengana jo dugu, bere lanaz galdezka.
Zure belaunaldiko literaturazale asko bezala, Urruzunon saritua zara, liburuen inguruan gaztetatik ibilia, baina eleberri bat idazteko urteak utzi dituzu pasatzen. Zergatik orain?
Duela hamar urtetik gora sortu zitzaidan istorio honen lehenengo ideia-izpia, eta, geroztik, pixkanaka joan zait b>uru barruan garatzen, sustraiak ondo botatzen, adaxka berriak hazten, hostoak ernatzen… Izan ere, landareen modukoak dira ideiak: ernatu, hazi eta loratu egiten dira, baina lehenago ala beranduago, udazkena heldu eta horailtzen, zimeltzen, usteltzen hasten da dena. Udazken bete-betean neukan burua, eta erabaki nuen handik atera behar nuela behingoz ideia, behin betiko galdu aurretik.
Nahi baino luzeagoa izan da prozesua, baina gustatzen zait pentsatzea, Thoreau anarkistak esaten omen zuen hura (idaztera eseri aurretik zutik egon behar duzula bizitzeko) ez dela esaldi huts bat, eta nire landarea inoiz baino biziago dagoela orain, zer jan ugari izan duelako urte hauetan guztietan. (Irakurri +)
Eleberri ausart bezain aberatsa gauzatu du Mikel Ayllonek Igartza sariaren laguntzaz. Izua eta desolazioa nagusi diren gizarte distopiko batean, elkartasunaren ametsari eta edertasunaren ilusioari eutsi nahi liekete pertsonaiek, nahi horrek nora ezean ibiltzera bultzatzen dituen arren. Atzekoz aurrera ordenaturik dago kontakizuna: kartzela eta heriotzatik abiaturik, haien aurreko maitasun istoriora eta borroka asmoetara. Horrela, amaierara iristen denean historiaren hasieran egongo da irakurlea.
Lehenengo kapitulua da ondorengoa, Atzo titulupean.
ATZO
FREGONA mutur batetik bestera darama, indarge, eta, pasillo estuaren izkina bakoitza jotzen duenero, badirudi azken hatsa ematera doala. Draz, draz. Lur berdean iltzatuak ditu bere begi argiak, gardenak ia, bustita uzten dituen zatien distira iheskorrek, kasik ikusezinek, aurrera jarraitzeko adorea emango baliote legez. Draz, draz. Urte luzez, luzeegiz, jardun berean aritu denaren mugimendu ia mekanikoekin badoa lana betetzen, orain eskuinera, orain ezkerrera, eta pauso bat atzera. Eta ematen du korridorea, urteen iragate geldoa nola, ez dela sekula bukatzen. Draz, draz. Kanpotik heltzen diren (Irakurri +)
Ttarttalo argitaletxeak liburu ugari kaleratuko ditu adin guztietako haurrentzako datozen hilabeteetan. Hemen duzue informazio guztia:
Egilea: Claude K. Dubois
Itzulpena: Aztiri itzulpen zerbitzuak
Adina: + 6 urte
Ume baten bizipen latzak jasotzen dituen kronika da Akim ihesi. Gerraren indarkeria pairatu eta ihes egin behar izan du Akim-ek; bere etxea eta herria suntsituta ikusi ondoren, familia eta lagunak galdu ditu. Soldadu batzuek atzemango dute handik gutxira, eta haien esklabo bihurtuko da ihes egitea lortzen duen arte…
Akim-en istorioa gogorra da, baina ez da bakarra. Tamalez, gerren krudeltasunaren biktimak diren hainbat eta hainbat haur, emakume eta gizonezkoren istorioa ere bada…
• Ximon eta jostailuak / Ximon eta jantziak
Jolasteko eta ikasteko liburuak (Kartoizkoa)
Egilea: Xavier Deneux
Adina: + 1 urte
Jostailuak eta jantziak ezagutzeko liburu koloretsu bereziak. Kartoizko liburu txiki hauek ezin egokiagoak dira haurren eskuetarako, eta orrialde bakoitzak duen formari esker, ondo identifikatuko ditu barruan azaltzen diren objektuak. Poltsikoan ere sartzen direnez, edozein lekutara eraman, eta ondo pasatzeko aukera ematen dute. (Irakurri +)
Julen Belamunok Ukabilak eta loreak liburua kaleratu berri du, 8 ipuinez osaturiko lana. Pertsonaien barrenean sartzeko abilezia aparta erakutsi du idazleak estilo zehatz bezain dotore batean idatzitako istorio hauetan: izaki bakartiak gehienetan, bizitzak edo inguruak gaizki tratatuak sarri, bere burua gobernatzen ere asmatzen ez dutenak… Gizajoen katalogo bat, sakon-sakonean gutako edozein ere izan daitekeen bezalakoak.
Idazle berria da Julen Belamuno, baina ez gazte-gaztea ere. Nondik zatoz? Noiz ekin zenion idazteari? Zergatik orain argitaratzeko pausoa?
Bai, hala da, gazteena izan nintzen. Berrogeitaka urtera arte derrigor idatzi beharrekoak besterik ez nuen idazten, laneko txostenak eta holakoak. Noizean behin bai, pentsakizunen bat edo ideiaren bat idazten nuen, baina askoz gehiago ez. 2002an edo hasi nintzen, eta luzera estandar samar bateko ipuinak, berriz, 2005ean edo. Eta ipuin batzuk idatzita neuzkanez, pentsatu nuen aukeraketa bat egin eta zerbait argitaratu zitekeela.
Zure izena ez da ezaguna, baina sari inportanteak irabazitakoak dira zure ipuinetako batzuk. Ignacio Aldecoa bi aldiz…
Bai. Lehen sari hura oso inportantea izan zen niretzat. Ez nekien nik idazten nituen gauzek baliorik bazuten edo ez, eta epaimahai batek nirea aukeratzeak konfiantza eman zidan. Eta bigarrena irabazteak ere seguruago sentiarazi ninduen. Sariez gaizki hitz egiteko joera dago, baina ni ez nago ados. Sari horiek gabe seguru asko etsi egingo nuen, eta liburu hau ez zen inoiz aterako.
Ipuingintzan, baduzu erreferentziazko autorerik, euskal letretan nahiz kanpoan?
Ipuingintzan bada indarrean dagoen banaketa bat, eskematiko samarra: batetik, Kafka eta Borges eta horien leinukoak daude, eta, bestetik, Txekhov edo Carverren ildokoak. Nik irakurle moduan nahiago ditut lehen sail horretakoak. Baina horrek ez du esan nahi haien eragina dudanik. Nahi nuke nik! (Irakurri +)