Ttarttalo argitaletxeak iaz euskaratu eta kaleratu zuen Anne-Margot Ramsteinen eta Matthias Areguiren Aurretik, ondoren album ilustratua saritua izan da Bolognako Liburu Azokan.
Epaimahaiaren hitzetan, hamaika marrazki liluragarriren bidez, Aurretik, ondoren liburuak bikain irudikatzen du denboraren joana. Hitzik erabili gabe, aurretik/ondoren moduko egoera anitz bezain harrigarriak iradokitzen ditu hainbat irudi-pareren bitartez.
Ilustrazioak grafikoak dira, argiak, garbiak, paleta aberats batez margotuak. Istorioaren linealtasun ezak liburuan murgiltzera gonbidatzen du irakurlea, hurrenkera jakinik gabe orri-pasa ibiltzera, baina liburuaren bukaerak hasieratik berrirakurtzeko gogoa pizten du, denborari pasatzen utziz.
Europako ekialdean XX. mendeko bigarren erdialdean eman ziren independentzia prozesuak ezagunak ditugu, gehienak Sobietar Batasunaren birrintze eta desagerpenari lotuak zeudenak. 1989ko abuztuaren 23an bi milioi pertsona inguruk 670 kilometroko giza katea egin zuten Estonia, Letonia eta Lituania lotuz. Bide Baltikoa deitu zioten eta Sobietar Batasunetik hiru herrialdeen independentzia eskatu zuten ekimen horrekin. Urte batzuk beranduago Via catalana eta Euskal Herrian Gure esku dagok Giza katea egin dute, izpiritu berari jarraituz. Bere garaiko sobietar batasuneko herrialde horien independentzia prozesuak ulertzeko, Los pueblos del ámbar. Lituania, Estonia, Letonia tras su independencia (2004, Txalaparta) liburua ezin egokia da, bidez batez.
Urte nahikoa itxaron behar izan dugu, beraz, Europan bertan independentzia prozesuen bigarren olatu batekin topatzeko. Oraindik orain herri berririk independizatu ez den arren, haien askatasuna gauzatzeko bide berri bat planteatu da. Atzean geratu da legeria internazionalak deskolonizazio prozesuetarako babesten zuen autodeterminazio eskubidea. Orain eta hemen, herri desberdinek ireki duten bideak erabakitzeko eskubidea dauka oinarrian, non nazioa izateagatik baino, eskubide demokratiko bat den heinean kolektibo edo herri batek erabakitze eskubidea daukala azpimarratzen du kontzeptu berri honek. (Irakurri +)
Gaur hasi eta martxoaren 17 arte, Printzesa guztiek dute bere ipuina liburuko Maite Gurrutxagaren irudiekin osatutako erakusketa izango da Bilboko Gran Hotel Domineko Splash & Crash gunean.
Printzesa guztiek dute bere ipuina lanak iaz ikusi zuen argia Antxiñe Mendizabalen testuekin eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioekin. Raisa printzesaren abenturak kontatzen dira bertan.
Jakina da printzesa guztien eginkizuna ia bakarra itxarotea dela, baina Raisaren jakin-mina handia da, eta bere ametsaren bila abiatu nahi du lehenbailehen. Basamortuarekin egin izan du beti amets. Abentura eta historia uztartzen ditu Raisa printzesa eta haren alaba, Aiora, protagonista dituen ipuin honek.
Maite Gurrutxaga amezketarrak esperientzia du Arte Ederren munduan, hori ikasi baitzuen unibertsitate garaian. Gerora, Ilustrazioan espezializatu zen Leioan eta Bartzelonan. Hainbat erakusketa egin ditu; album ilustratuen Etxepare saria irabazi du, eta euskal idazle puntakoen marrazkilari bihurtu da aspaldi honetan: Joseba Sarrionandia, Karlos Linazasoro, Juan Kruz Igerabide, Mariasun Landa, etab. 2014 urtean, Euskadi Ilustrazio Saria irabazi zuen.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, haur literaturako Mikel Zarate lehiaketa antolatzen dute, euskal kulturaren alde lan itzela egindako lezamar idazlearen gomutaz, ondorengo oinarrien arabera:
Idazlan mota
Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.
Neurria
Makinako moldez, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita, gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50.
Nola aurkeztu
Hiru ale bidali beharko dira, agerian idazlearen nortasuna azaldu barik, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburua adieraziko duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia. (Irakurri +)
Duela bost urte Nobel saria eskuratu ostean iritsi zitzaigun euskarara estreina Herta Müllerren lan bat, hain justu, sariaren urte berekoa da Ibon Uribarrik dotore asko euskaratutako eleberri poetiko hau, Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketak hauspotuta. Eta poetikoa dela diot hainbat arrazoirengatik. Hasiera batean, kontakizun hau idazteko proiektua Müllerrek eta bere lagun poeta Oskar Pastiorrek jarri zuten abian, baina Pastior hil ondoren Müllerrek berak hartu zuen lema, bakar-bakarrik. Emaitza ikaragarria da, eta hemen dator eleberri poetikoa izatearen bigarren arrazoia: pasarte oso-oso laburrak elkarri katigatuz, konzentrazio-eremu nazien esperientzia kontatzen du autoreak, kasik sufrimenduaren hiztegi bat idazten ari bailitzan, hitzak sortuz eta moldatuz, adierazi nahi duen hori zehatz-mehatz helarazteko. Zinez aipagarria Uribarrik nola lortu duen hori guztia gure eleetara ekartzea. Liburu bat, erronka bat, idazle bat ezagutzeko aukera itzela, hainbestetan aditu dugun sarraskia beste modu batean bizitzeko atea.
Batek ez daki banpiro eta sorgin istorioek zenbateraino sortzen duten beldurra, eta noraino ez ote dauden folklore bihurtuta; nolanahi dela, bistan da erakargarriak izaten jarraitzen dutela, bai zineman bai literaturan, batik bat gazte jendearentzat. Hala ere, egia da euskal literaturan gutxi samar landu izan direla terrorezko kontakizunak gazteentzat. Azkenaldiko lanen artean Asier Mendozaren Beste gu aipa genezake, Jon Eugiren Zortzi ipuin gotiko, eta hemen komentatzera goazena: Argixorgin, Esti Vivancok eta Joseviskyk eskuz esku sortu duten nobelatxo bikaina.
Gazteak dira egile biak. Esti Vivanco idazlea 1989an jaio zen Bilbon, eta hauxe du argitaratzen duen lehen lana. Joseba Larratxe “Josevisky” irundarra, berriz, 1985ean sortua da, komikian nahiz ilustrazioan bere trebetasuna erakusten ari dena.
Eta zer kontatzen du Argixorgin honek? Genero bat baino gehiagoko osagaiak ditu liburuak. Protagonista aurkezten zaigu hasieran, Illare, neskatxa lotsati bat, ahoskatzerakoan arazoren bat duela-eta gorriak ikusten dituena, ikaskideek barre egiten diotelako. Konplexu bat gainditu behar duen gaztearen gaia daukagu hor, batetik; bulling-aren itzala, bestetik. Illarek, zorionez, badu adiskide min bat, Nikole, zailtasun guztien aurrean lagunduko diona, baita maite duten gurasoak ere. Hain zuzen, gurasoek ekarriko diote logopeda bat, Agate, ahoskatze arazo hori konpontzen laguntzeko. Ederra bezain liluragarria da Agate, baina hura etxean sartu bezain laster igarriko dio Illarek zerbait okerra… (Irakurri +)