Julen Belamuno, hizkuntza ederraren eta pertsonaia ahulen jabe

Julen Belamunok Ukabilak eta loreak liburua kaleratu berri du, 8 ipuinez osaturiko lana. Pertsonaien barrenean sartzeko abilezia aparta erakutsi du idazleak estilo zehatz bezain dotore batean idatzitako istorio hauetan: izaki bakartiak gehienetan, bizitzak edo inguruak gaizki tratatuak sarri, bere burua gobernatzen ere asmatzen ez dutenak… Gizajoen katalogo bat, sakon-sakonean gutako edozein ere izan daitekeen bezalakoak.

Julen BelamunoIdazle berria da Julen Belamuno, baina ez gazte-gaztea ere. Nondik zatoz? Noiz ekin zenion idazteari? Zergatik orain argitaratzeko pausoa?

Bai, hala da, gazteena izan nintzen. Berrogeitaka urtera arte derrigor idatzi beharrekoak besterik ez nuen idazten, laneko txostenak eta holakoak. Noizean behin bai, pentsakizunen bat edo ideiaren bat idazten nuen, baina askoz gehiago ez. 2002an edo hasi nintzen, eta luzera estandar samar bateko ipuinak, berriz, 2005ean edo. Eta ipuin batzuk idatzita neuzkanez, pentsatu nuen aukeraketa bat egin eta zerbait argitaratu zitekeela.

Zure izena ez da ezaguna, baina sari inportanteak irabazitakoak dira zure ipuinetako batzuk. Ignacio Aldecoa bi aldiz…

Bai. Lehen sari hura oso inportantea izan zen niretzat. Ez nekien nik idazten nituen gauzek baliorik bazuten edo ez, eta epaimahai batek nirea aukeratzeak konfiantza eman zidan. Eta bigarrena irabazteak ere seguruago sentiarazi ninduen. Sariez gaizki hitz egiteko joera dago, baina ni ez nago ados. Sari horiek gabe seguru asko etsi egingo nuen, eta liburu hau ez zen inoiz aterako.

Ipuingintzan, baduzu erreferentziazko autorerik, euskal letretan nahiz kanpoan?

Ipuingintzan bada indarrean dagoen banaketa bat, eskematiko samarra: batetik, Kafka eta Borges eta horien leinukoak daude, eta, bestetik, Txekhov edo Carverren ildokoak. Nik irakurle moduan nahiago ditut lehen sail horretakoak. Baina horrek ez du esan nahi haien eragina dudanik. Nahi nuke nik!

Eta euskal letretan hor daude arrazoi osoz kanoniko bihurtu diren ipuingileak, Atxaga, Sarrionandia eta horiek. Baina ipuingile interesgarri asko dago: Xabier Montoia, Iban Zaldua, Jokin Muñoz, Jose Luis Otamendi, Eider Rodríguez… Zorionez asko eta onak. Tamalez oihartzun handirik izan ez dutenen artean ere badira niretzat liburu interesgarriak, Patxi Iturregiren Haize kontra hura, esate baterako.

Zure testuetan, nabarmena gertatzen da prosaren estilo zaindua eta patxadatsua. Bilatutako efektu bat da ala…?

Saiatzen naiz txukun idazten, ahalik eta zehatzen eta txukunen idazten. Eta gainera gustatu egiten zait. Oso hizkuntza ederra daukagu, eta idazten edo argitaratzen ausartzen denak uste dut horrenbeste zor diola euskaldun jendeari, edo hizkuntza-komunitateari, orain esaten den bezala. Eta bai, erritmo lasaiko esaldiak gustatzen zaizkit, baina hori pasartearen arabera izaten da: batzuetan erritmo biziagoko esaldi laburrak behar dira, eta beste batzuetan arnasa luzeagokoak.

Pertsonaien gainean eraikitzen dituzu ipuinak, ezta? Ipuin bakoitzeko protagonista bat izaten dugu normalean, eta haren barne nahiz kanpoko gorabeherak kontagai.

Abiapuntua normalean egoera bat izaten da, edo irudi bat, edo gertaera xume bat. Gero hari horri tiraka hasi, eta beste egoera batzuk etortzen dira, eta suerte pixka batekin kontakizun bat itxuratzen da azkenean. Baina, bai, pertsonaia funtsezkoa da; hori gabe ez dago ezer. Pertsonaien barne mundua interesatzen zait gehien, pentsatzen dutena, sentitzen dutena, oroitzen edo irudikatzen dutena.

Nolako pertsonaiak direla esango zenuke, baldin eta ezaugarri bateraturik badaukate?

Ipuin hauetako pertsonaia gehienak ahulak dira, inguruko indarrek baldintzatutakoak. Beren bizitzaren jabe izaten ahalegintzen direnean ere, beti beste pertsona batzuek edo beste egoera batzuek erabakitzen dute dena. Pertsonaia hauen kasuan esan liteke oso gauza gutxi daudela beren esku, gehienak beste batzuen borondatearen esku daudela.

Esango nuke kontraste bat nabari dela zure istorioetako askotan, egunerokotasun errepikatu eta errutinazkoa, batetik, eta hori apurtzera datozen uneak, gertakariak, ametsak bestetik.

Bai, hala da. Ezustean zerbait sortzen da bizimodu arautu edo erregular samarra hankaz gora jartzen duena, eta normalean iraganeko kontu bat izaten da. Ipuin gehienetan gertatzen da iraganaren itzulera hori. Hor uste dut badagoela ipuin hauetan nolabaiteko konstante bat, baina ez guztietan.

Espazio eta denborari dagokienez, non kokatzen dira zure kontakizunak?

Zortzi kontakizunetatik bost Gasteizen daude kokatuta, oso arrazoi sinpleagatik: neu Gasteizen bizi naizelako eta hemen idatzita daudelako. Beste batzuk beste toki batzuetan gertatzen dira, kasuren batean baita toki zehazgabe batean. Baina uste dut beste edozein tokitan ere gerta zitezkeela.

Eta denborari dagokionez, gaur egungoa da ipuinetako denbora. Edo ipuinen hasi nagusikoa, lehen esan bezala iraganeko egoera asko itzultzen dira eta.

Arbola, umea eta liburua esaerarekin konplitzeko bakarrik ez zenuen hau idatziko baina, langintza honi jarraitzeko asmotan zara?

Bai. Berandu hasitakoa naiz, baina gustua hartu diot. Ez dut esango idazteko premia sentitzen dudanik, idazle batzuek esaten duten bezala, baina idazteko gogoa bai, eta idazten segitzekoa. Baina, beste gauza askotan bezala, honetan ere boladaka ibiltzen naiz, eta ikusiko dugu.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina