Erabakitzeko eskubidea

erabakitzeko_eskubideaEuropako ekialdean XX. mendeko bigarren erdialdean eman ziren independentzia prozesuak ezagunak ditugu, gehienak Sobietar Batasunaren birrintze eta desagerpenari lotuak zeudenak. 1989ko abuztuaren 23an bi milioi pertsona inguruk 670 kilometroko giza katea egin zuten Estonia, Letonia eta Lituania lotuz. Bide Baltikoa deitu zioten eta Sobietar Batasunetik hiru herrialdeen independentzia eskatu zuten ekimen horrekin. Urte batzuk beranduago Via catalana eta Euskal Herrian Gure esku dagok Giza katea egin dute, izpiritu berari jarraituz. Bere garaiko sobietar batasuneko herrialde horien independentzia prozesuak ulertzeko, Los pueblos del ámbar. Lituania, Estonia, Letonia tras su independencia (2004, Txalaparta) liburua ezin egokia da, bidez batez.

Urte nahikoa itxaron behar izan dugu, beraz, Europan bertan independentzia prozesuen bigarren olatu batekin topatzeko. Oraindik orain herri berririk independizatu ez den arren, haien askatasuna gauzatzeko bide berri bat planteatu da. Atzean geratu da legeria internazionalak deskolonizazio prozesuetarako babesten zuen autodeterminazio eskubidea. Orain eta hemen, herri desberdinek ireki duten bideak erabakitzeko eskubidea dauka oinarrian, non nazioa izateagatik baino, eskubide demokratiko bat den heinean kolektibo edo herri batek erabakitze eskubidea daukala azpimarratzen du kontzeptu berri honek.

Berri berria den kontzeptu hori, herri katalanen zati den Kataluniak abiatu eta ibiltzen jarri zuen, hasiera batean herri kontsultak eginez (lehena Arenys de Munt herrian), erabakitze eskubidea bera nolabait egikaritu eta praktikan jartzeko halako apustu arriskatu bat abiatuz. Ibilbide hori eta egungo egoera ulertzeko, Joan Ridao kataluniarraren El derecho a decidir: que pasa con Cataluña (2014, RBA) liburua ezinbestekoa da, kontzeptu honen ibilbidea, eta kontzeptuaren beraren filosofia ulertzeko, beti ere kataluniar testuingurutik.

Bestetik, jada erabakitze eskubidea Estatu britainiarrarekin adostu eta gauzatu duten eskoziarrek ere literatura franko utzi digute gaiaren inguruan. Horietako bat, interesgarria, batez ere biltzen dituen ikuspuntu desberdin eta kontrakoengatik, Gerry Hassanek eta Rosie Ilettek editatutako Radical Scotland: arguments for self-determination (2011, Luath Press Limited) liburua dugu, besteak beste, Zygmunt Bauman, Michael Keating eta beste hainbat pentsalariren iritziak biltzen dituena. Ingelesa ez dakienarentzat eta Eskoziaren ibilbide historikoa ezagutu nahi duenarentzat erabakitze eskubidearen gauzapena eman arte, Independentistak sareak idatzitako Eskozia. Independentziara bidaia XXI. mendeko Europan (Gipuzkoako Foru aldundia, 2013) liburua dauka egokiena (euskaraz eta gazteleraz liburu berean), Xabier Solano, Robin McAlpine eta Txente Rekondok idatzia. Bertan, Eskoziar bidearen ibilbidea agertzen zaigu, hala nola, kontrakoen eta ezezkoen argudio kanpainaren analisi txiki eta interesgarri bat.

Bukatzeko, labetik atera berria den Ibarretxek Bilbon aurkeztu duen ¿Existe el derecho a decidir? Preguntas y respuestas del proceso abierto en Catalunya (2014, Tibidabo Editions) liburua genuke, batez ere, haren inguruan sorrarazi duen eztabaidagatik. Espero dugu liburuak gaian sakondu eta argitzen lagunduko digula. Bide berean kokatu daiteke, Decidir. Un ejercicio de legitimidad democrática (Viena, 2014), Damián del Clot abokatua eta Josep Maria Noales Badaolako epaile dekanoaren liburua. Irakurtzeko erreza eta sintesi gaitasuna duena, kontzeptuaren analisi juridikoa egiten du, argudio juridikoei erreparatuz.

Ikusten denez, kontzeptu berri baten aurrean gaude, eta horregatik, oraindik literatura askorik ez daukana. Beraz, logikoa da kontzeptua praktikan jartzen ari den herrietan (Eskozia, Katalunia eta Euskal Herria) aurkitzea batez ere gaiaren inguruko liburuak. Hala ere, oraindik ere birdefinizioan dagoen kontzeptua izan arren Eskozian bakarrik kristalizatu delako, jada gako batzuk atzeman ditzakegu kontzeptu honen filosofia eta logika zein den esaten diguna. Laburbilduz, autodeterminazio eskubidea determinazio baino eskubidea zen heinean, erabakitze eskubidea, eskubidea baino, erabakimena da funtsean. Eta erabakimenak lehenik eta behin kolektibo batek bere buruaren erabakia legitimatzeko eta ondoren erabaki hori juridikoki kristalizatzeko balio duen instrumentu berri baten aurrean gaudela esan daiteke.

 

los pueblos del ambar exite el derecho a decidir Radical Scotland decidir  el dcho a decidir eskozia
Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina