Liburu berri bat dakar Joxe Azurmendik, Historia, arraza eta nazioa kontzeptuak aztertzen dituen saiakera mardula, nazionalismoaren inguruko topikoak jorratuz eta bereziki intelektual frantsesen lanak arakatuz.
Liburu hau urteetako lanaren emaitza dela nabari da, irakurtzen hasi orduko. Noiz bururatu zitzaizun ideia, noiz berotu zinen eta idazten hasi, nolakoa izan da prozesua?
Nazionalismoaren inguruan materialak biltzen aspaldi hasi nintzen, libururen bat egiteko asmorik gabe. Hau liburu hau idazteko ideia, hemengo sasi-ilustrazio autokonplazienteagatik sortu zen. Baina behin eta berriro eten eta berrasi eta berriro eten eta berrasi ibili behar izan dut, hamarren bat urte luzatu da. Buruhauste handia, esku artean nuen material pila egituratzeak eman dit. Beste pila bat kanpoan gelditu da.
Nazionalismo espainola orain baino lehen jorratu eta kritikatu izan duzu; nazionalismo frantsesaren txanda berez tokatzen zen, ala zergatik iritsi da orain?
Ez nuen inola ere nazionalismo frantsesa maiseatzeko asmorik. Gure artean asko aipatzen diren eta nazionalismo espainola kamuflatzeko erabiltzen diren nazio zibiko versus etniko eta antzeko kontzeptuak egiazko testuinguruan ipini gura nituen. Kontzeptuok euren historian esplikatzea eskatzen zuen horrek.
Xobinismoaren erro luze eta sakon horiek deskubritzeak zu zeu ere harritu zaitu, ala espero zenuen?
Ezagutu, ezagutzen nuen. Hala ere, ezin ukatu Renanen eta zenbait nazionalista frantsesen haize superxobino eta enbusteria intelektual batzuek harritu egin nautena.
Eta, laburtzea zaila den arren, zertan dira nazionalismo espainola eta frantsesa antzeko, eta zertan desberdin?
Nazionalismo frantsesa, pentsamendu bezala, humanistekin hasi da eta gaur arte soka xuxen-xuxen luzean doa, tradizio kultural handia dauka. Nazionalismo espainol klasikoak, inperialak, Italiari eta Portugali hartu zien kultura. Nebrija, etab. Baina bere garaian Espainia ez da modernizatu. Modernizatu nahirik hasi denean Frantziari kopiatzen hasi da, berandu eta gaizki. Nazionalismo espainola nazionalismo frantsesaren kopia txar bat da.
Eta beste leku batzuetako nazionalismoak? Denek ere ipurdian zuloa, ala ñabardurak egitea komeni da?
Nolabait, Europako nazionalismo guztiak nazionalismo frantsesaren eskolan ikasiak dira. Denak eta beti ez dira berdinak, hala ere. Gauza bat da Napoleon III.aren nazionalismo frantsesa Alemaniari erasotzen, beste bat da Jean Moulinen nazionalismoa Frantzia okupatuan alemanei erasotzen. Betiko eznazionalista zeinahi kolorekoentzat izaten dira nazionalismo denak berdinak. Berriki Lidia Falcónek artikulu bat idatzi du Público-n: “El nacionalismo siempre es de derechas”. Hori idazten duena, justu Kataluniako auziaren erdian idatzi ere, bera behintzat ez da beti ezkerrekoa. Bat nazionalismo jakobinoaz oroitzen da eta Frantziako muga naturalen doktrina iraultzaileaz. Kosciuszko nazionalista poloniarra, Engelsen iritzian, gizadiaren heroi bat da, askatasun eta berdintasunaren gudaria. Garibaldi gogoratzen dugu Italian, eta Cattaneo eta Pisacane eta Giuseppe Ferrari. James Connolly Irlandan, gero Frank Ryan, G. Gilmore, Peadar O’Donnell. Estreinako kibbuzniki sionistak Israelen, anarko-komunistak. Manabendra Nath Roy antikolonialista indiarra, “ekialdeko Marx” Leninen esanean. Stalin bera, Andreu Nin, Tito, Ho Chi Minh, José Martí eta Fidelen “Movimiento 26 de Julio”, Mandela, gaurko mugimendu bolivaristak, etab., etab. Estatuaren nazionalismo dominantea ukiezintzeko topiko usteletako bat da a priori “beste” nazionalismo denak estigmatizatzea. (Irakurri +)
Gerra galdu zuen gizon baten alaba da Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) eta horrek bere haurtzaroa markatu zuen, nahiz eta politika kontuak ez ziren aipatzen bere etxean. Garai baten kronika izan nahi duen Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela) liburu berrian kontatzen du hori Zergatik Panpox-en eta Koaderno Gorria–ren egileak.
Zure haurtzaroaren oroipenetik abiatuta, garai horren ohitura erretratu bat egitera mugatu zara, kontu intimoenak kanpoan utzita. Zergatik erabaki duzu hori egitea?
Argi utzi nahi izan dut hori lehen hitzetatik. Ez da memoria liburu bat: memoria osagai nagusia bada ere, kronika bat da. Iruditzen zait ez dudala nire inguruko pertsonentzat ere intimoak diren gauzak kontatzeko eskubidea. Gustura irakur dezaket norbaiten barruko bizitza kontatzen duen liburua, baina nik ez dut hori egin nahi. Dudarik gabe, nik bizitako gauza intimo ugari azaltzen da, han eta hemen, fikziozko liburuetan, baina ardoa likore bilakatu ondoren.
Galdutako gerrak betiko markatu zuen zure aitaren bizitza. Hala ere, “atea itxi bezain pronto, politika kanpoan gelditzen zen”.
Gure aitaren bizitza ez ezik, familiarena ere bai. Politikak, ordea, ez zuen lekurik gure etxean, ez behintzat haurrok aurrean geundenean. Hamasei urte nituen lehen ikurrina ikusi nuenean. Adin bertsua izango nuen aitak etxera, gabardinaren azpian ezkutatua, George Steer-en liburua etxera ekarri zuenean. Irakurri nuen, baina ezin nuen sinetsi, fikzioa iruditu zitzaidan, bertan aitaren bizpahiru argazki bazeuden ere. (Irakurri +)
Buruarekin ez ezik, tripekin irakurtzen da Unai Elorriagaren Iazko hezurrak bosgarren nobela. Indarkeriak, exekuzioak, torturak ditu kontagai, hausnargai eta sentigai.
Lobo Antunes sarri aipatzen duzu liburuan, hauxe irakur liteke: “Lobo Antunesek esaten du asko idazten zuela sasoi hartan, baina oraindik ez zuela nahi zuena idatzi, ez zuela topatu, horregatik ez zuela ezer argitaratu. Esan zuen, ordea, ume haren hanka hila ikusi zuenean ulertu zuela zer idatzi behar zuen, iazko hanka hila, orduan idatzi eta publikatu zuen lehen liburua, Memoria de elefante, umearen hankari begira”. Zerk bultzatu zaitu zu Iazko hezurrak nobela, gerra-indarkeria, hilketak eta torturekiko obsesioa duen Irene Arrias pertsonaiari buruzko nobela idaztera? Halaxe diozu Arriasi buruz: “Indarkeriari begira ari zen azken urteetan Irene Arrias, ETAren 2006ko su-etenetik beharbada, ez zekien zergatik, (…) ez zekien zertarako.
Iruditzen zait aspaldi daukadala oso barneratuta niretzat esentziala denari buruz idatzi nahi dudala; horregatik idatzi izan dut beti heriotzari buruz, gaixotasunari buruz, familia, haurtzaroa, zahartzaroa… Indarkeria ere, guk hala bilatu ala ez, esentziala da guretzat, munduko zati honetan bereziki. Modu koordinatuan pentsatzen hasi ginenetik daukagu ondoan presentzia hori: diktadura baten muinean jaio ginen, haren ondorioak pairatu behar izan ditugu, diktadorea bizi zela eta desagertu ondoren ere, ETA, GAL, Batallón Vasco Español, Triple A, etab. Munduak ere inguratu gaitu indarkeriaz, ezagutzen ditugu (ez daude hain urrun) Argentinako zerrendetan egon zirenak, Perun, Kolonbian, afrikarrak ere ezagutzen ditugu, han gertatu zirenak ezagutzen ditugun bezala… Komunikabideek indarkeriaren berri egunero ematen diguten arren, salbuespen moduan tratatzen dute, pilula solteak balira bezala. Indarkeria, baina, ez da salbuespena, inoiz ez da izan. Horri guztiari buruz gogoeta egin behar zela iruditu zitzaidan.
Munduaren jostura miserableenak erakutsi dituzu, gerren loturak, asasinatzeen antzekotasunak… Uganda, Kolonbia, Palestina, Errusia, Alemania, Irlanda, Liberia, Peru, batez ere Ruanda, Euskal Herria… Konparagarriak al dira indarkeriak?
Egia da harritu egiten nautela hizlari batzuek, arrazoi gisa jaurtitzen baitute egoerak ezin direla konparatu, oso desberdinak direla hau eta beste hori… Konparatu, ordea, guztia konparatu ahal da; beste kontu bat da ateratzen diren ondorioak, berdintasunak topatzen diren, antzekotasunak, modu globalean edo bazterreko ezaugarrietan diren berdinak edo antzekoak konparatutakoak… Beste modu batera azaldu beharko litzateke beharbada: indarkeria desberdinak (edota leku desberdinetan izandako indarkeriak) elkarren ondoan jarri ditut. Ez dut, ostera, ondoriorik eman, nahikoa modu aseptikoan eman ditut, irakurleak sor ditzan ondorioak, hala nahi badu, edo nirekin batera egin dezan hausnarketa. (Irakurri +)
Ana Urkiza idazleak Mamuak ipuin-bilduma kaleratu berri du. Kontakizun laburrak eta luzeak txandakatuz, beldurrak, damuak, ilusio zapuztuak landu ditu lan berri honetan. Bizikidetzaren gazi-gozoak, bikoteen bakardade konpartituak, gurasoen larritasunak, gaztaroaren ihes ebitaezina, esperantzen ihartze geldoa… horra narraziootan begirada zorrotz baina aldi berean amultsu batez landuriko gaietako batzuk.
Ipuin liburu berri bat idatzi duzu, hirugarrena. Aurreneko bien artean bost urte iragan ziren, eta azkenengotik hona bederatzi. Ez dakit urte asko diren, normala den… baina zein dira arrazoiak?
Bitartean beste liburu mota batzuk idatzi ditut: haur eta gaztetxoentzako ipuinak, biografia, aforismoak, elkarrizketa liburua… Ez dut sekula idatzi ez liburu batetik bestera doazen urte kopuruari begira, ez urteko produkzioan pentsatuta. Nire barrenean sortzen diren kezka eta galderei erantzuteko premia sentitzen dut eta horiei hobekien dagokien generoa hautatzen saiatzen naiz eta, tarteka, neure buruari erronka berriak planteatzen. Gai eta genero ezberdinak lantzen saiatu naiz. Ikasteko eta hazteko modu erakargarria egiten zait, eta oso pertsonala. Oraingoan, berriro ipuinekin aritzea tokatzen zen. Ezberdintasun batekin: ipuin laburrak eta luzeak tartekatu ditut, aurreko beste bi ipuin-bildumetan ez bezala.
Desirak izan ziren lehen liburuaren ardatza. Bekatuak bigarrenarena. Mamuak da oraingoaren izenburua; zer edo nor dira mamu horiek?
Mamuak itxi edo erantzun gabe utzi ditugun galderetatik datozen beldurrak dira. Gure baitan ezinegona sortzen dutenak eta gorputza hartzen. Batzuetan, gai gara mamu horiei aurre egiteko eta desagerrarazteko eta, beste batzuetan, handitzen eta loditzen joan daitezen uzten diegu, erremediorik gabe gu baino indartsuago egiten diren arte. Baina denak gure beldurren isla dira eta guk elikatzen ditugu. Gure esku dago haien aurrean zer nolako jarrera hartu. (Irakurri +)
ARGAZKIAK
Ana Urkizaren Mamuak liburuaren 2. kapitulua: Argazkiak
Asteburua Deban pasatu nahi duela esan dio Migelek Estherri. Eta Estherri Gorka etorri zaio burura. Lagunekin irteteko planen bat eginda izango ote duen. Eta Iker, Ikerren larunbatetako saskibaloi partida.
Mutilek, jada, ez dute Debara joan nahi izaten. Txikitxoak zirenean bai. Hango plazetan bakarrik ibiltzea zuten gogoko, erlojuari kasurik egin gabe lagunekin kale estuetan barrena galtzea. Baina orain aspertu egiten dira. Umetako laguntxoak jada ez dira bene-benetako adiskideak, eta hondartza gainaldean paseatzea edota surf saialdiren bat egitea ez da plan nahikoa.
Badaki mutilek ez dutela Debara joan nahi izango baina, konpromiso berezirik ez badaukate, Estherrek jakingo du mutilei sakrifizio txiki bat egiteko eskatzen. Migelek hori baino gehiago merezi du. Argi utzi izan die beti semeei, momentuak daudela lagunekin ibiltzekoak eta momentuak familiarekin egotekoak. Uneak bereiztekoak.
–Argazkiak ikusi nahi ditut –esanez azaldu dio Migelek Debara joan nahi izatearen arrazoia.
Hori entzutean, historiaren atea irekitzea bezala izan da. Egunerokotasunaren trenean ahaztua zuen euren istorio artikularraren atea zabaltzea. Hamalau urte bete berri dituzte ezkonduta. Debara ezkondu ziren, garai hartan Elgoibarren egiten zutelako lan biek. Eta, urte batzuk geroago, Estherrek lana aldatu zuenean joan ziren Donostiara bizitzera, Gorkak hamar eta Ikerrek zortzi urte zituztela.
Garai zailak izan ziren. Estherrek lan berriari eskua hartu behar, Migel egunero joan-etorrian Elgoibartik Donostiara, eta mutilak, ikastola berrira ohitu eta lagunak egin beharrean. Iker berehala ohitu zen baina ez hala Gorka.
Horregatik, hasierako urteetan, astebururo bueltatzen ziren Debara. Migel eta Esther lasaitu egiten ziren umeak gustura ikusita. Eta lasaitu mutilak, lagunak eta familiartekoak hurbil sentituta. Ezkonberritan asteburuetan amaginarrebaren
etxera bazkaltzera joatea bezala zen: pozik bikote gaztea bazkaririk prestatu beharrik ez zuelako, eta pozik amaginarreba eta aitaginarreba, astean zehar hutsik gelditzen zitzaien etxea beteta ikusiko zutelako. Harik eta, poliki-poliki, Donostian gero eta denboraldi luzeagoak egiten hasi ziren arte.
Mutilak asteburuetan Donostian geratzen hasi zirenean, Debako etxea oporretako bizilekutzat jo zuten eta bertan utzi zuten, giltzapean, Donostiara joan arteko bizitza osoa, ezkontzako eta umeen txikitako argazki albumak barne.
Estherrek ondotxo daki, Debara joaten direnean, gogoko izaten dutela argazki albumak atera eta lauren artean berrikustea. Argazki oinak irakurtzea. Deban zoriontsuak izan zirela gogoratzea. (Irakurri +)
Harkaitz Cano idazleak Euskadi Saria irabazi du 2013ko udaberrian Jokin Mitxelena ilustratzailearekin kaleratu zuen Orkestra lurtarra liburuarekin. Canok Manu mutikoa protagonista duen ipuina idatzi zuen. Istorioan, gaztetxoak orkestra bat sortu nahi du, eta bertan joko duten lagunen bila abiatuko da: horrela topatuko ditu Lurrinetti anaiak, bi “t”-rekin, tronpeta jotzeaz gain Presidente izeneko ahuntz bat dutenak, eskailera gainera igotzen dena; Aldika izeneko biolin-jotzaile bat, aldika besapeetan azkura izaten duena; Osoki deritzan triangelu-jolea, bere tresna gainean pausatzen den kardantxilo eta guzti; Crocanti izozki-saltzaile eta kontra-tenorea… Denen artean musikarik zoroena eta zoragarriena sortuko dute, baita hainbat abentura bizi ere, umorez eta irudimenez beteak.