Unai Elorriaga: “Indarkeria beti egon da presente, eta pertsona moduan, markatu egin gaitu”

Iazko hezurrakUnai ElorriagaBuruarekin ez ezik, tripekin irakurtzen da Unai Elorriagaren Iazko hezurrak bosgarren nobela. Indarkeriak, exekuzioak, torturak ditu kontagai, hausnargai eta sentigai.

Lobo Antunes sarri aipatzen duzu liburuan, hauxe irakur liteke: “Lobo Antunesek esaten du asko idazten zuela sasoi hartan, baina oraindik ez zuela nahi zuena idatzi, ez zuela topatu, horregatik ez zuela ezer argitaratu. Esan zuen, ordea, ume haren hanka hila ikusi zuenean ulertu zuela zer idatzi behar zuen, iazko hanka hila, orduan idatzi eta publikatu zuen lehen liburua, Memoria de elefante, umearen hankari begira”. Zerk bultzatu zaitu zu Iazko hezurrak nobela, gerra-indarkeria, hilketak eta torturekiko obsesioa duen Irene Arrias pertsonaiari buruzko  nobela idaztera? Halaxe diozu Arriasi buruz: “Indarkeriari  begira ari zen azken urteetan Irene Arrias, ETAren 2006ko su-etenetik beharbada, ez zekien zergatik, (…) ez zekien zertarako.

Iruditzen zait aspaldi  daukadala oso barneratuta niretzat esentziala denari buruz idatzi nahi dudala; horregatik idatzi izan dut beti heriotzari buruz, gaixotasunari buruz, familia, haurtzaroa, zahartzaroa… Indarkeria ere, guk hala bilatu ala ez, esentziala da guretzat, munduko zati honetan bereziki. Modu koordinatuan pentsatzen hasi ginenetik daukagu ondoan presentzia hori: diktadura baten muinean jaio ginen, haren ondorioak pairatu behar izan ditugu, diktadorea bizi zela eta desagertu ondoren ere, ETA, GAL, Batallón Vasco Español, Triple A, etab. Munduak ere inguratu gaitu indarkeriaz, ezagutzen ditugu (ez daude hain urrun) Argentinako zerrendetan egon zirenak, Perun, Kolonbian, afrikarrak ere ezagutzen ditugu, han gertatu zirenak ezagutzen ditugun bezala… Komunikabideek indarkeriaren berri egunero ematen diguten arren, salbuespen moduan tratatzen dute, pilula solteak balira bezala. Indarkeria, baina, ez da salbuespena, inoiz ez da izan. Horri guztiari buruz gogoeta egin behar zela iruditu zitzaidan.

Munduaren jostura miserableenak erakutsi dituzu, gerren loturak, asasinatzeen antzekotasunak… Uganda, Kolonbia, Palestina, Errusia, Alemania, Irlanda, Liberia, Peru, batez ere Ruanda, Euskal Herria… Konparagarriak al dira indarkeriak?

Egia da harritu egiten nautela hizlari batzuek, arrazoi gisa jaurtitzen baitute egoerak ezin direla konparatu, oso desberdinak direla hau eta beste hori… Konparatu, ordea, guztia konparatu ahal da; beste kontu bat da ateratzen diren ondorioak, berdintasunak topatzen diren, antzekotasunak, modu globalean edo bazterreko ezaugarrietan diren berdinak edo antzekoak konparatutakoak… Beste modu batera azaldu beharko litzateke beharbada: indarkeria desberdinak (edota leku desberdinetan izandako indarkeriak) elkarren ondoan jarri ditut. Ez dut, ostera, ondoriorik eman, nahikoa modu aseptikoan eman ditut, irakurleak sor ditzan ondorioak, hala nahi badu, edo nirekin batera egin dezan hausnarketa.

Protagonista indarkeria-eszenatokitik gertu dabil, koordenatu fisikoetan (“Algortako tren-geltokian itxaroan zioten Txikiari poliziek eta Irene Arriasen etxetik hamabost metro baino gutxiago egon zen hil baino minutu batzuk lehenago”) eta kronologian (“1971ko urtarrilaren 25ean,  Irene Arriasek amaren titiburua aurrenekoz harrapatzen asmatu zuen unean bertan, abiatu zuen estatu kolpea Idi Amin Dada jeneralak Ugandan”). Nola markatzen dute indarkeriek gure biografia?

Indarkeria, gurean behinik behin, beti egon izan da presente, eta nola edo hala, pertsona moduan, markatu egin gaitu. Suitzar batek edo kanadar batek, beharbada, egingo dituen gogoeta parametroetatik oso urrun ibiliko gara arlo horretan. Nik gogoan daukat 10 urte genituenean, politikaz eta indarkeriaz hitz egiten genuela lagun artean. Lagun asko izan ditugu gehienok, horrezaz gainera, indarkeriak gehiago edo gutxiago ukituta.

Dokumentazio-lan itzela dago liburuaren atzean, eta idazkera gordina da pasarte asko eta askotan. Buruarekin ez eze tripekin irakurtzen da, sentituz. Genozidio, tortura, exekuzio horiei buruz irakurri soilik ez, ikusi egin izan bazenitu bezala kontatu dituzu. Nolakoa izan da 5 urteko idazketa-prozesua?

Luzea izan da prozesua… Kontuan izan Irene Arriasen bizitza kontatzen dudala, baina bere bizitzako pauso bakoitzak bat egiten duela munduan (batez ere Ruandan eta Euskal Herrian) izandako indarkeria gertakizunen batekin. Lotura horiek egiteko, beraz, irakurketa asko eta aldamio narratibo handiak eraiki behar izan ditut. Atzera eta aurrera pausoak ere izan dira ugari: kontuak atera, ia 600 orriko liburu bat  irakurri nuen datu batzuk biltzeko, liburuko esaldi bakarra erabili nuen azkenean eta, zuzenketetako batean, goitik behera ezabatu nuen…

Zure bosgarren liburua da, tematikoki guztiz ezberdina, idazkera periodistikoagoa eta gordinagoa. Eta, hala ere, Unai Elorriagaren estilokoa da. Hain berdin, hain ezberdin…

Iruditzen zait arteak horretarako aukera ematen duela, etengabe berritzeko, gaiak, egiturak, prozesuak… Hori estimatzen dut sortzaileengan, errepikapena modu airosoan gainditzea, lan berri guztiekin harridurari eutsiz. Guztiarekin ere, ezin da beti berritu edo dena berritu, oker ez banago garun bakarrarekin jaio ginen eta…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina