Aforismoen legea, laburrean luze esatea

Pentsamenduaren flash bat da aforismoa, tesela bat, bizitzaren misterioetako bat laburbiltzen duen suspirioa

Muga. Elkarren ondoan dauden bi errealitate edo gehiago bereizten dituen irudizko marra. Aforismoak, adibidez. Hitz gutxirekin hedadura handiko kontu sakona laburbiltzeko, laburrean luze esateko ahalegina. Helburua filosofikoa izan arren, hizkera poetikoa baliatzen duen genero literarioa.

Aforismoaren euskarazko lehen aipamen idatzia Sarako Etxeberrik egina da, eta Axular bedeinkatzen du aforismoen egile gisa.  Hipokratesekin konparatzen du: medikuen medikua gorputzaren inguruko jakituria zabaldu bazuen aforismoen bidez, Axularrek gauza bera egin omen zuen “arimako gauzei ukitzen zaizkien aforismoekin”. Bi bideetatik da Axular euskal aforismoen aita: itzulpenarenetik, klasikoen hainbat aforismo ekarriz (Senak, Tazito, San Agustin…), eta sorkuntzatik, aforismo eder propioak asmatuz, idazkuntzak nolakoa behar lukeen izan laburbiltzeko balio duen perla distiratsua lekuko: “[Idatzi behar da] ez zail, baizik erraz. Ez itxi, baizik zabal. Ez pisu, baizik arin eta atsegin”.

Axularrek merezia zuen Geroko orrietan zehar han-hemen ageri diren aforismo aparten entresaka bat. Patxi Salaberrik hartu zuen lan hori Haizkora zuhaitzaren erroari kheinatzean: Axularren gogoetak eta erranak (2000, Pamiela) izeneko liburuarekin. Txalotzekoa litzateke entresaka-lan bera egitea Koldo Mitxelena, Gabriel Aresti edo Xabier Lizardi bezalako autoreen testuetan ere: erreferentzia kulturalen altxor ederrik jasoko genuke, gaztelaniazko Edhasa argitaletxeko Aforismos sailekoak bezalako liburuxkekin (besteak beste, irakurleak Lichtenberg, Seneka, Maria Zambrano edo Miguel Torgaren aforismo-bildumak aurki ditzake katalogoan).

Aforismoa pentsamenduaren flash bat da, mosaiko bateko tesela, “miniatura monumentala” (Aleksandar Baljak), “penalti bat” (Karlos Linazasoro), bizitzaren misterioetakoren bat laburbiltzen duen suspirioa. Mikro-ipuinen fenomenoarekin lotu daiteke. Topikoa bihurtu da aforismoen oihartzuna Twitterreko testu laburren  eraginarekin lotzea ere, baina aspalditik dator aforismoaren arrakasta. Horra iragan mendeko azken urteetan E. M. Cioranen aforismoek izan zuten ospea, haren testu laburrek jariatzen zuten nihilismo muturrekoarekin lortua: “Hiltzeko irrika izan zen nire kezka bakarra; hiltzeko irrikari men eginez, beste guztiari egin nion uko, heriotzari berari ere barne”. (Garraztasunaren silogismoak, Tusquets, 1990).

Filosofiarekin lotu izan da aforismoa, baina pentsamendua paradoxaren poetikotasunarekin uztartzen denean eman ditu aforismoak momentu gorenak. José Bergamínek zioena da giltzarria: “Hitz bat gehiago ez: aforismo perfektua”.

Geurera etorriz, aipagarria da Juan Kruz Igerabideren ibilbidea aforismoen bidexkan (Herrenaren arrastoan eta Egia hezur, Alberdania). Berari esker ikasi genuen: “Bakardadea ez da bakarrik etortzen”. Halatsu da aipagarri Karlos Linazasororen ibilbidea ere aforismo-egile gisa (Esan gabe doaz, Utriusque Vasconiae, Alferrik ez balitz, Elkar). Idazle tolosarrari ikasi genion zenbat balio duen hutsaren hurrengoak:  “Daukazunarekin baino, kontua gehiago da kentzen dizutenarekin bizitzen ikastea”.

Aforismoa inteligentziaren emaitza da, hitzetan emandako sententzia labur bat. Baina ez da hori bakarrik. Aforismoa sentiberatasunaren emaitza da, bat-bateko argi-txinparta baten efektua. Aforismo on bat edertasunaren emaitza da ororen gainetik.

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario